Larraitz Ugarte
Abokatua

Entzuketa aktiboen eferbeszentzia

Txalo errazeko eta prentsako lerroburuak betetzeko kanpainak baino zerbait gehiago beharko du Espainiako ezkerrak demoskopikoki bereak omen diren sektoreak erakarri eta antolatzeko.

Euliz beteriko siestak etortzear dauden honetan eta hondartzak oraindik lotsati, San Fermin jaiek eman diote benetako hasiera udari, baita, noski, beste hainbat herrietako jaiek, musika festibalek... ere. Fribolitateari eta bizitza gozatzeari egiten zaion gorazarreari nire miresmen osoa. Uda sasoian, eguneroko derrigorrezko lan errutina eta agenda politikoetatik at bizitzeko baimena dugu, bizitza paraleloak bizitzeko aukera ematen zaigu. Eta eskerrak bizitza paralelo horiek bizi ditzakegun, azken asteotako telebista eta prentsa ikusi besterik ez baitago txaranga baten atzetik korrika alde egiteko gogoak biderkatzeko. Gaurkotasun osoko albisteak balira bezala tratatutako efemerideak, hark hura esan eta beste honek hau erantzun betierekoa, kolaboratzaile monotematikoak temati... Hedabide klasikoen kontsumoa txikitzen ari da mundu zabalean, eta, horretarako hainbat arrazoi dauden arren, politika instituzionalaren eta alderdi politikoen bozgorailu gisa betetzen duten funtzioagatik ere bada.

Hedabide klasikoak agenda politikoa beste ororen gainetik ezartzeko gai badira ere, politikarekiko desafekzioa gero eta handiagoa da. Izan ere, alderdi klasikoen deskreditua merezimendu propioz irabazia dago eta, abstentzio datuek, hauteskundez hauteskunde ezeztatzen dituzte «demokrazia» aldarrikatuz ahoa betetzen dutenak. Politika betiko soluzioak eskaintzen dituzten gizon gris gorbatadunen etxaldea da, tarteka soineko fuksia batek zipriztindutako dekoratu monokromatikoa. Eta herritarrak gero eta urrunago daude etxalde horretatik, gogaituta.

Horren jakitun, alderdi klasikoek esperimentatzeari ekin diote. Euren ibilbidea berehala agortu duten alderdi aurrerakoiak ere berrikuntzen esparrura sartu dira, nire ustez modu azkarregi eta traketsean eta eboluzio politikoen (porrot politikoen) irakurketa arinegiak eginda. Baina batzuek eta besteek ideia berdinak dituzte eta hara non hasi zaizkigun «entzuketa aktiboaz» hitz egiten. EAJk iragan azaroan iragarri zuen bere “Entzunez eraiki” kanpaina eta asteon Yolanda Diazek hasi du entzuketa aktiboko bere bira.

Badakit politikan gauza berritzaileak egitea ez dela erraza eta kreatibitateak badituela mugak. Baina entzuketa aktiboarena demodé dagoela esango nuke. Ez hainbeste EAJren kasuan, zeinarentzat jendeak dioena entzutea erabat exotikoa eta berritzailea den bere kultura politikoan. Eta gutxienez aitortu behar zaie lau puntuko agenda zehatz baten gainean ari direla prozesua garatzen. Hori bai, eskuin klasikoak bezala, enpatxurik ez aldaketa klimatikoaren kezka mahai gaineratu eta energia nuklearraren defentsa berpizteko. Aukeratu dutena baino, "Entzunez nahi dudana eraiki" litzateke lelo justuagoa.

Baina Yolanda Diazen kasuan, jakin beharko luke «jendea entzutera nator, zuekin batzera nator eta gero ikusiko dut zer egingo dugun» bat baino askoz gehiago behar dela egungo politika arauek eta arkitektura instituzionalek ezartzen dituzten mugez haratago joateko. Hain progrea, hain demokratikoa eta hain berritzailea izan nahi duen auskalo-zer horrek, gehiago dirudi spin doctor baten laborategitik ateratako plan bat egungo politikaren mundua eta politikaren arauak ondo ezagutzen dituen norbaiten planak baino. Izan ere, gaizki edo ondo, baina badira politikan ondo ulertu beharreko gako batzuk: proiektu sendo bat, antolakunde indartsu bat eta helburu politikoei hertsiki lotutako komunikazio estrategia egoki bat. Hori gabe, uneko arrakastaz gain (hori heltzen den ere ikusi beharko da), etorkizun zaila.

Bitxia da Espainian PSOEtik ezkerrera eraiki nahi den espazio politiko horrek, teorian eta Yolanda Diaz beraren hitzetan, urtebeteko epea izatea misio hori burutzeko eta horietatik sei hilabete «entzuketan» ematea. Txalo errazeko eta prentsako lerroburuak betetzeko kanpainak baino zerbait gehiago beharko du Espainiako ezkerrak demoskopikoki bereak omen diren sektoreak erakarri eta antolatzeko... Hobe luke gobernuko presentzia aprobetxatu benetako aldaketak sustatzeko, jendeari ulertarazteko hanka sartze historikoa dela ezkerrak gobernuetan egin ditzakeen politikak ez egitea eta espazio horiek eskuinari oparitzea.

Euskal Herrian ere urte politiko intentsoa dator datorren urteko maiatzeko udaletako eta Nafarroako Parlamentuko eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeak direla eta. Abiadura handiko garaiotan politikan ere aurreko astea historiaurrea bilakatzen da eta oraindik goiz da iragarpenak egiteko. Halere, esango nuke herri honetan jendeak entzuna izatea eskertzen badu ere, oraindik orain herritarron arazoak zeintzuk diren ondo detektatu eta soluzio argiak eskaintzen dituzten indarrak saritzen dituztela hautesleek. Eskuinak bereak garbi dituen eta aldaketak egitekotan konbentzimendu gutxiz egiten dituen bitartean, ezkerrak ezin dio bere erradikaltasunari uko egin pragmatismoaren izenean, pragmatismoari uko egin ezin dion bezala erradikaltasunaren izenean. Gehiegi liluratzen dira ezker batzuk eskuinarekin, hasi haien egiteko moduekin eta gorbatadunen estetikarekin eta moldeekin bukatzeraino. Beste ezker batzuk iraultzarekin gehiegi liluratzen diren tamaina berean; iraultzaileek iraultza egiten hasten direnean liluratuko dituzte masak agian, bitartean iraultzaren apologiak errealitatearekin zerikusi gutxi duelakoan nago.

Hemen badira horiz tindatutako ilehoriak praka beltz apurtuak daramatzatenak eta beltzez tindatutako soineko fuksiadun morenak, herri hau beste norabait eramateko instituziotako lokatzetan eta kaleetako zailtasunetan elkarrekin batuta lan egiten ari direnak. Euskal Herrian hori ez da berria, baina bai geure geurea... eta ziur naiz eraginkorra den gauza bakarra dela.

Buscar