Eneko Karrera Aranburu
Gipuzkoako EHNEko Esne Saileko ordezkaria

Erantzule izan nahi al duzue?

Baserritarrok ez dugu gurea ez den ezer eskatzen. Gure produktuagatik jaso behar dugun ordainsaria jasotzea besterik ez dugu nahi.

Goizero-goizero apaletik edalontzia hartu eta esnez betetzen dugu gosaria egiteko. Likido txuri hori. Oinarrizko elikagaia. Hezurrentzako ona. Haurrentzako hobea. Baina saltokietako apaletan ez da magia eginda agertzen. Abeltzainok egunero-egunero jezten ditugu behiak euskal herritarrek goizero-goizero edalontzia esnearekin betetzeko aukera izan dezaten.

Esne horren kalitatea gorena da eta hori abeltzainok behiaren zaintzan egiten dugun esfortzuaren emaitza da. Lehen interesatuak gara ongizate hori lehenesten, horren baitan egongo baita behi horrek emango digun esnearen kalitatea. Ahora eramaten dugun, sabela berotzen digun esne horrek kalitate paregabea izatea nahi dugu. Eta hala egiten dugu.

Hala ere, Iparlatera saltzen dugun esne horri ez zaio duen kalitatea aitortzen, eta abeltzain hori abelburu gutxiren jabea bada (hau da, kantitate txikiko produkzioa badu) are gutxiago, nahiz eta kalitate goreneko esnea izan. Iragarkietan, hauteskundeetan bezala, kolore ederreko ideiak saltzen dira, baina beste behin ere, elikadura katean ezinbestekoak garen abeltzainoi –ez ahaztu abeltzainik ez balego, esnerik ez legokeela– ez zaigu ditugun ekoizpen kostuei aurre egiteko behar beste ordaintzen.

2017an esnearen prezioa jaitsi zen eta orduan Galizia aldean zegoen egoera kaxkarrari begiratu eta esaten zitzaigun, «ez zaitezte kexatu, horiek baino hobeto zaudete-eta». Hori esaten zigutenek etengabe gogorarazten zuten baserritarrok kooperatiban antolatuta ginela esne salmenta bateratua egiteko (Kaiku kooperatiban) eta Iparlaten (esnea ontziratzeko enpresa) jabetzaren ehuneko handia gurea zela. Idealizatzeko gogoa handia zen. Baina idealetik errealera saltoa izan zen orduan, eta baita orain ere. Iparlatek hiru urtez jarraian irabaziak baldin baditu, mozkin horiek gure behiek egiten duten esneari esker ateratzen baditu, zergatik ez zaigu baserritarroi gehiago ordaintzen?

Baserritarrok ez dugu gurea ez den ezer eskatzen. Gure produktuagatik jaso behar dugun ordainsaria jasotzea besterik ez dugu nahi. Gure esneagatik behar duguna ordainduko balitzaigu, Euskal Herriko mendien, landa eremuaren, herri txikien, ingurumenaren biziraupena eta euskal herritarron osasuna bermatua legoke.

Hala egiteko gogorik ez badago, arduradunak irabazi horiek beste zerbaitetara bideratu dituzuenak izango zarete. Kalitatezko esnea egiteko beharrezkoa den ahalegina deuseztatuko duzue, ingurumena ez duzue babestuko, herri txikiak hiltzen utziko dituzue, euskal herritarrek ez dute bertako esnerik edango… kanpokoaren morroi izango gara, ahora zer daramagun jakin gabe.

Landako ekonomia eta esne ustiategi txikien desagerpenaren erantzule izan nahi al duzue? Egoerari arnasa eman, bidezkoa dena egin eta gure herria zaintzeko martxan jarri beharreko neurriak hartzea erraza da: baserritarron behien esnea behar bezala ordainduta konpontzen da.

Abeltzainok soldata bat izan dezagun esneagatik ordaintzen dena igo egin behar da, ezin da onartu ekoizpen kostuaren mugan ibiltzea. Iparlaten irabaziak esne hori ordaintzeko erabili behar dira.

Borondaterik ba al dago?

Buscar