Julen Orbea Bereikua

Erdigunea

Urduritasun jeltzalea agerikoa da. Inkesta ugariren arabera, EAJk orain arte ezagutu ez duen arriskua bizi du: Madrilen talde parlamentarioa gal lezake. Nafarroan, Jainkoa eta Lege Zaharraren aldekoen emaitzak inoizko okerrenak izan daitezke, geroa bai, etorkizuna ez. Foru eta udal hauteskundeen aurretik, frantziar Estatuan, EAJ marka berriarekin aurkeztuko da, orain Le Parti Basque (LPB) izatera igaro baita. 2028ra nola helduko diren izango da gakoa, Gasteizko Parlamentukoak galtzea sekulako galera litzatekeelako. Baina beheranzko joera argia da, eta oso argi dute.

Batzuek «post-ETA» deritzoten ziklo honetara egokitzeko zailtasun handien erakutsi dutenak Sabin Etxekoak dira. Han geratu dira, aurrera begiratzeko zailtasunekin. Urkullu-Ortuzar tandemak estatus berri bat agindu zigun 2020rako; Pradalesek eta Estebanek Estatutuaren eskumen guztiak 2026rako. Presarik gabe, dena kontrolpean, EAJk erdigunea aldarrikatzen duenean, funtsean 78ko erregimena bere horretan mantentzea da. Espainiar konstituzioaren giltzarrapoa onartu eta herri honen galga handiena EAJ bera izan da, beti frenoa jarrita, biribilgune amaigabean.

Bipartidismoan eroso aritu izan da gorri ala urdin, negoziatzen. Aznarren inbestidura, Zapateroren aurrekontuak; 2017an Ortuzarrek Rajoyrekin egindako aurrekontu itunarekin pozik agertu zen, nahiz eta ondoren Sanchezen inbestidura babestu. Babesaren prezioa transferentzia puntualak izan dira beti, kudeaketaren kudeaketa, baina inoiz ez Erregimena higatzea. 47 urte eta gero Estatutua oraindik bete gabe egotea gestio master class bat ez dela argi dago.

EAJk Vox etsaitzat du, marra gorri-gorria da; PP, ostera, statu quo-aren izenean, alderdi baliagarritzat, demokratatzat. Aldi berean, EH Bildu muturrera bultzatu beharra du; Alderdi Egunean Estebanek intolerantzia ere ezkerretik datorrela esan zuenetik, behin eta berriz ezker subiranismoaren aurka ari da. «Los extremos se tocan» errepikatzen duen formulak jada ez die balio. Euskal gizarteari ziria sartzen saiatzen da, simetria faltsu bat eraikitzen du faxisten eta independentiston artean, eta PP, aldiz, normalizatu egiten du. Negozioak jarraitu behar omen du. 

Azken urteotako joeraren irudi garbiena Josu Jon Imaz da. EBBko lehendakari ohia, gaur Repsolen buru da. Etxe Zurian, «Venezuela hobe baterako atea» irekitzeagatik eskerrak eman zizkion Trumpi. Euskal herritar bezala, lotsa sentitu nuen Imaz «Thank you, Mr. President» esaten ikustean. Alderdia belarriekin txaloka atera zen, eta gaur, ostera, inoizko adostasun handiena duten etxebizitzaren inguruko grebalariak kriminalizatzen ari dira. Badakite non kokatu.

Erdiguneak, zentroak, urteetan balio izan dio, baina euskal gizartearekin deskonexioa gero eta agerikoagoa da. Herriari entzun beharrean, bere tripetako minei begira dago, Alderdiari. Bizi dugun garaian, etsaien inguruan erratzea garesti ateratzen da, eta aukeratu beharra izango dute.

 

Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar