Gontzal Mendibil
Abeslaria

Erdigunea, periferia eta estereotipoak

Oraintsu Aingeru Epaltzak eta Ur Apalategik eskainitako hitzaldi gogoangarri batean izan nintzen. Nola bizi gaituzten gutakoak ez direnek eta nola bizi dugun geuk gurea ez izanda ere guretzat hartzen dugun kanpokoa; hau eta sakon aztertzeko hainbat gai eskaini zizkiguten. Bertan egoniko bakoitzak, akaso, geroan geure burutazioak egin ditzagun.

Euskal kulturaren erdigunea garai luze batean Gipuzkoa eta Donostia ingurua izan dela adierazi zigun Epaltzak, eta akaso jarraitzen du izaten, nahiz eta beste herrialdeak ere urte hauetan beren izena eta izana ekinaren eginez hartzen joan. Hala ere, periferikoak edo erdiguneak gara segun eta nora begiratzen dugun.  

Baina, garai hauetan, informazioa hain zabal eta arin datorkigun honetan, herritarrek eta herrigintzak irabazten ote dute erdigunea? Edota hedabideek, mass-mediak eta politikak eta politikarien emaitzek? Nork eta zerk du etekin handiagoa eta nola bideratu gure eginahalak gauden honetan, eta batez ere datozkigun garai berrietan!

«Eskerrak periferia garela, ezer ez izatea baino hobe», zioen Ur Apalategik. Eta hala da, baina apur bat izatetik asko izatera edota, Bitoriano Gandiagak zioskun antzera, askotan askoa izatera nola pasa gintezkeen, hor koska! Aurrerapausoak ematen baditugu ere, globalizazioa, uniformizazioa, immigrazioa... faktore askotxo ditugu kontra geurea garatzen joateko. Eta jakina, demokrazian multzoak egiten gaitu arrazoidun; beraz, partzelak handitzen joatea izan behar gure egitekoa. Gutxi bagara jai dugu; beraz, handitzen eta gorpuzten joatea izan behar gure norabidea.

Hemen ere, betiko topikoak darabiltzagu edota topiko eta estereotipoekin gabiltza eta beraiek garabiltzate. «Ezkorra naiz sarriegitan, baina gaur eta hemen baikor sentitzen naiz eta hala sentiarazi nahi dizuet nire gogoa», Aingeru Epaltza nafarrak, jakinda gainera bera periferian sentitzen dela Euskal Herriarekiko. Beraz, besteari partzelak nola joan gaitezkeen irabazten! Hor dago koska eta hor gure eginbeharra, gu bestea izan gaitezen baino, bestea guganatzen, bestea gu izan dadin. Eta ondotxo adierazi zuen Apalategik: «Ez dago estereotipo gabeko identitate kolektiborik».

Eta zein da gaur egungo gure estereotipoa? Edo zeintzuk dira batik bat bertatik kanpokoentzat? Bilbotarren estereotipoa, esaterako, agertzen duten bilbaino handikeria hori ote da, edo gauza postizoa ote da? Azalkeria? Donostiarren dandismo eta pijo izate hori ote beraien estereotipoa? Arlotetzat eduki gaituzte sarritan euskaldunok, bai bertako burges señoritoek zein kanpoko informanteek: hori ote da oraindik ere haientzako gure estereotipoa?

«Frantziarentzat Euskal Herria beraien hegoa dena, guretzat iparra, lehen albiste zen, ETAren presentziak egiten zuen batik bat albiste; orain apenas da. Gainera, urtero lau edo bost mila biztanle kanpotiar bertaratzen da», halaxe argitu zigun Ur Apalategik. Honek euskara eta euskalduntasunaren gutxitzea dakar, eta gerora zer? Gutxika- gutxika jaten bagaituzte, hor dago kakoa! bidea nola burutu. Zeintzuk ote dira eman beharreko aurrerapauso egokienak eta beharrezkoenak? Egiten gabiltzanak bideak ontzen dizkigu? Berriak bilatu beharrean gaude?

Gogoan dut, orain urtebete inguru, Arantzazun Pello Zabalari esan niona: Pello, Arantzazuren geroa zer? Jakina, fraileak zahartzen eta gutxitzen doazelarik, zein da etorkizuna?, eta bere erantzuna, «geroan… Hotel Arantzazu eta hobe». Harriduraz hartu nuen «hobe» hori, baina segidan ulertu nuen esanahia. Fraile izateko bokaziorik ez da, letozkigukeenak denak kanpokoak izango lirateke, eta euskaratzea ez zaie batere erraz suertatuko; beraz, bizi ahal duguna erdara eta erdararen gorakada da, eta nora joango zaigu Arantzazu euskal gune kultural, artistiko eta mistikoa? Pentsarazi zidan, nola ez! Eta globalizazioak dakarkigun arazoetariko bat hauxe: norbera izatearena kolokan jartzea eta identitatearen galera. Arriskutsua benetan, eta aurre egin beharrekoa! Nola?

«Bestea da ni ez naizena», zioen Urrek, eta beste horren aurrean periferikoak garen ustetan, bestea izan nahi dut ala bestea ni izan dadin nahi dut? Eta hor galtzen gara, txikiak izanik era askotan irensten gaituzte edota  okerragoa dena, irents gaitzaten uzten diegu, geu izatetik bestea izan nahi horretara pasatuz. Kontraesan askotxotan bizi garela guztiok, ez dago dudarik.

Euskalduna halakoa da banaka eta talde gisa, baina halako asko daude. Zerk egiten gaituen euskaldun argi dago, eta hizkuntza gabe ezer gutxi ginatekeela ere ez da dudarik, baina zer egiten dugun eta nola jokatzen dugun egoera desberdinen aurrean, horrexek ekarriko dizkigu emaitza onak edo ez hain onak.

Aingeru Epaltzak «Mendigatxaren sindromeaz» hitz egin zigun. Mendigatxa XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran  Erronkarin izandako euskal idazle ezagunetarikoa izan zela adierazi zigun eta garai haietan Erronkarin euskara zen komunikatzeko ia hizkuntza bakarra edo behintzat erabiliena. Hogeigarren erdialderako gaztelerak guztiz jan eta ezabatu zuen euskara. Aingeruk Mendigatxaren sindromea deitzen dio euskaldun gehiegitxok dugun euskararekiko malenkonia edo ezkortasunari. Azken mohikanoak ote garen sindromea.

Bilbo Zaharrak antolatutako jardunaldietako  buru eta eragile dugun Pedro Alberdik moderatu zuen ekitaldia eta hitzaurrean zera esan zigun. Hasieran ze izenburu eman liezaiokeen ekitaldi honi eta, “Azken mohikanoaren sindromea” bururatu zitzaiola. Gero, akaso, baikortasun puntu batek eraginda edo, goian duzuen beste hori jarri zion. Neure herriko artzain eta erdi filosofo dugun Juantxo Astondoaren hitz batzuekin amaitu gura nuke. «Hi, ardiengana, eurak etorri barik, neu joaten nok», eta gaurko gizarte honek hori ikasi beharko luke, eta ikasi beharko genuke guganatzea interesatzen zaigun horiengana geu hurbiltzen, eurak datozen edo ez datozen itxoiten egon barik.  

Beraz, erakartzea dugu gure lana, motibazioak hedatzea, eta beti ere gureak prestigioa duen edota hartzen duen heinean erakartzeko motiboak izango ditugu eta besteen gugana hurbiltzeko gogoak ere gorpuzten joango dira. Ea ba «Mendigatxaren sindromea»  baztertuz, geureari ekin eta gure mendi loratura erakartzen ditugun oraindik gureak ez direnak ere. Hala bizi!

Buscar