Kattalin Miner

Ernairen erronka feminista

«Feminismoak bizkarrezur izan behar badu, kolkotik eutsi behar zaio etortzeko dagoen guztiari, hitz hutsak ekintzek jaten baitituzte maiz.»

Esan dezakegu lasai, garai hauetan herri honek ez dituela erronka gutxi; ez. Esango nuke askotan erronkak ere pilatu eta gurutzatu egiten zaizki- gula. Parean sistema hetero-kapitalista bat, estatuen indarkeriaren monopolioa, politika eta politiko nahas-mahas sinesgaitzak, indarkeria matxistaren su-etenik ezak... «beste zerbait egin na- hian» gauzkala etengabean.


Helbururaino iristeko bideek duten balioa ere ondo dakigu guk; zer esan eraldaketa iparrorratz dugun feministok. Baina bidea bera helburu denean, bidea lagun artean ere errazago egin ohi da (talkak talka, ezadostasunak ezadostasun).


Beraz, Ernai gazte antolakundeak ere ez du erronka makala aurrez aurre, baina bide morean pasieran urteetan ibilitako batek pozarren hartzen ditu bidelagun berriak. Nabil, Ernaik hartutako apustu feminista, ene ustetan, irmoaz. Lau urteko bide-lerroa marraztu dute, lau urte feminismora eta esango nuke jada feminis- motik aritzekoa. Formakuntza deitzen diote askok, dituzten «hutsuneei» aurre egingo diena. Nire ustez, hutsune batzuk formakuntzaz betetzen badira ere, jardunean ere formatzen ditugu gure eginak eta izanak.
Pozten naiz beraz, halako prozesu bati lehen Kaiera liburuxka horrekin hasiera eztanda eman diolako Ernaik. Jakin izan dut gainera, hainbatek eta hainbatek betebehar gisa baino ilusioz hartu duela egiteko hau, eta horrek, borondate horrek ere prozesuari benetako kalitatea bermatzeko zerbait ematen diolakoan nago.
Hala ere, ez da dena lili-bidea. Lau urteek, legealdi itxura ematen diote bati, eta nago, hori ez dela hala izango. Ondo dakigu askok, behin feminista izanda, atzera bueltarik ez dela hain erraz egiten; beraz, hau ez da lau urtetan amaituko. Hala ere, ausarta iruditzen zait, errealista, nola hartu eta lantzeko proposamena. Entzunak baikara lehenago ere feminismoaren alde bai, baina eraldaketak eta ohitura zaharrak atzean uzteko hainbat erretizentzia. Feminismoak bizkarrezur izan behar badu, kolkotik eutsi behar zaio etortzeko dagoen guztiari, hitz hutsak ekintzek jaten baitituzte maiz.


Baina Ernaik ez du, ordea, erronkatzat «feminista izatea»; izan ere, galdera zabalago bati erantzuna topatzea du erronka: “Zer da feminista izatea? Nolako feminismoa egin nahi du Ernaik?”. Eta hori izango du bide zorabiatsua. Hasteko, antolakunde nazional batek ideia eta praktika bakarrak izateko dituen zailtasunetik hasita, bestetik ezin uka daitekeen antolakunde misto bat izateak dakartzan lanketa esan dezagun «bereziak» kontuan izanda (eta eskapatzen zaizkidan beste mila kontu, noski).


Feminismoa bada, ez da «emakumeok askatzea» helburu duen ideologia soilik, eraldaketa soziala ardatz duena, botere harremanak ongi baino hobeto ezagutzen dituena, ekonomiaz, independentziaz, elikadura subiranotasunaz, poliziaz, estatuez, zaborraz, harremanez, maitasunaz, jai giroaz, metodologiaz, borrokaz, borroka moldeez... aritzeko tresna dugu feminismoa.


Eta horiek denak ulertuta eta ardatz hartuta, zorte on eta aurrera! Izan ere, bidean topatuko dugu elkar. Dudarik ez egin!

Buscar