Xabier Elizalde, Aingeru Ezkerra, Pilar Pingarron eta Juan Maria Sansinenea
Donostiako Genozidio Frankistaren Biktimen Elkarteko kideak

Erorien Monumentuak ez du etorkizunik

Gure herrian gai asko berrikusteke daude eta EAEn izandako azken hauteskundeek hori frogatu dute edo, gutxienez norabide horretan joan dira. Ezker independentistak izan duen gorakadak, gure herria nahi dituen modu berriak, dituen lehentasun berriak eta, ziur aski dituen helburu berriak adierazten ditu. Eta garai berri hauek agerikoak badira EAEn, nabarmenak ere dira Nafarroan. Herrialde horretan lehenago ezinezkoak ziruditen aliantza politikoak ematen ari dira eta orain arte gehiengo politikoa eskuratzen zuten indarrek, eskuin frankistak, hain zuzen, urte luzeetako botere monopolistikoaren lekua hasi du galtzen. Orain dela gutxi Iruñeako Udaletxean gertaturikoa ikusi besterik ez da egin behar.

Aurreko testuinguruan, une honetan Iruñean Memoria Historiko eta Demokratikoarekin lotura zuzena duen gai bat mahai gainean planteatua dago: Frankistek bere Estatu kolpea goratzeko eraiki zuten Erorien Monumentua. Behin barruan lurperaturik zeuden kolpisten gorpuzkiak deshobiratuak, automatikoki eraikin handi horrekin zer egitekoaren galdera planteatu zen. Galdera hori UPNren azken udal gobernuaren denboran modu batean edo bestean alboratu zen –eskuin frankistarengandik espero genuen zerbait– eta EH Bildurekin berriro Udaletxean, erabaki behar zen gaia berriz agertu da. Une honetan bi hipotesi nagusi daude mahai gainean: eraispenarena edo esanahi berrematearena, hau da, lehen ez zuen esanahia, orain ematea. Erorien Monumentuaren kasuarekin alderatzeko, munduko beste tokietan antzeko esperientzak bilatzen baditugu –eta asko daude–, nazien Sarraskien Eremuak (Vernichtungslager) adibidez, edo Argentinan eta Txilen diktadura garaian izan ziren «chupaderos» edo torturako tokiak berehala etortzen zaizkigu gogora. Horien artean Buenos Aires-eko Escuela de Mecánica de la Armada (ESMA) edo Txile-ko Santiago-ko Villa Grimaldi dira, ziur aski ezagunenak. Torturak eta krimenak, modu masiboan, kasu batzuetan ia modu industrialean, ikusi zituzten toki horiek eta sortu ziren garaia igaro zenean, beraiekin zer egin planteatu zen. Erabakia mantentzekoa eta ez eraispenekoa izan zenean beti kontzientzia kritikoarekin egin zen. Kontzientzia kritiko horrek zera nahi zuen esan: hemendik aurrera toki horiek balio behar zuten salatzeko hor aritu zirenen ideología, balioak, metodoak eta bere indarkeria justifikatzeko erabili zituzten arrazoiak. Iruñeako kasuan horrek nahiko luke esan, monumentuaren mantentzea justifikatzeko, esanahi berriak Nafarroan frankismoaren, kolpismoaren alde jokatu zuten indarren (reketeak, falangismoa, militarismoa, etab). ideología, metodoak, kolpea prestatzeko eta armak lortzeko erabili zituzten prozedurak (Italiako faxisten laguntza, adibidez) azaldu eta salatu beharko lituzkeela. Eta ez hori bakarrik, beste gauzen artean, bere krimenak egiteko erabili zituzten lokalak eta inprobisatu zituzten kartzelak azaldu beharko lituzketela ere. Zer esanik ez, bereziki agertu beharko lirateke izenak, kriminalen izenak eta gaur egun, egindako ikerketa historikoekin alor hori nahiko ezaguna da. Kriminalen izenaren gaia da ziur aski sentikorrena. Kriminal horiek ondorengoak izan zituzten eta hauetako asko, ziur aski, Nafarroako gaur egungoko eskuin frankistan aritzen dira eta une honetan bere lan nagusia beraien arbasoen krimenen negazionismoa edo/eta zuritzearena da. Eraikin horretan Nafarroako hiltzaileak erabili zituzten kamioak, fusilamenduak zuzentzeko izan ziren apaizak, pistolak gerrikoan, agertu beharko lirateke, gorpuak lurperatzeko egin zituzten hobi komunak, bortxatu zituzten emakumeak eta abar ere agertu beharko lirateke. Erailak ez ziren baina erregimen berriaren tratu umiliagarria, diskriminatzailea sufritu sufritu zituztenen testigantzak ere jasoak izan behar zuten. Kolpea justifikatu zuen Eliza Katolikoaren nafar hierarkia agertu beharko litzateke, noski. Idazkiak eta homiliak idatzi zituzten gotzainak, Nafarroan izan zen masakre odoltsu hori ahalbidetu zuen justifikazio ideologikoa. Eta orain, aurrekoa esanda, galdera zehatz bat egin behar dugu: prest geundeke hori egitera? Eraikinaren etorkizunaren inguruan erabaki behar dutenak prest al daude lerro hauetan azaldu ditugun panoramarekin koherente den kontakizunarekin bat etortzeko? Aurreko galderak baietza jasoko balu ere, ez genuke ahaztu behar esanahi berremate horrek izango lukeen arriskua: etorkizunean kolpisten justifikatzaileak Nafarroako instituzioetara itzuliko balira esku libreak izango lituzkete monumento horri beraien ideologiarekin «egokiagoa» litzatekeen beste esanahi berri bat emateko. Beti izango lirateke horretarako arrazoiak: berradiskidetzeko «beharra», aurrera eta ez atzera begiratzeko «beharra», etab. Zentzu honetan eskuin eta ultraeskuin frankistak, hau da PP/Vox-ek, gobernatzen duten Estatuko lurraldeetan (Aragoi, Murtzia, Valentzia, Andaluzia, etab). aurreko Memoria Historikoaren legeekin egiten ari dena ikusi besterik ez dago. Beraiek proposatzen duten legeetan frankismoaren krimenak lausotuak daude, indarkeria «bi aldeetan» eman zen, Yagüek 4.000 pertsona erail bazituen Badajoz-en, Carrillok beste mila batzuk erail zituen Paracuellos-en, Gerra Zibila «anai arteko», «bi aldeetako espainolen arteko» enfrentamendua izan zen eta hori «lehenbailehen» ahaztu behar da. Bidebatez azpimarratu behar dugu hori dela, hain juxtu, ETAren indarkeriaren inguruan eskuin/ultraeskuin horrek onartzen ez duen kontakizuna. Kasu honetan denak zuri ala beltza izan behar du, hemen grisak ez dira onartzen. «Biolentoak» eta «bakezaleak» non zeuden eta nortzuk ziren hasieratik ezaguna da. Hori da Espainiako eskuin/ultraeskuin frankistak proposatzen duen kontakizuna eta Nafarroako kasuan parametro hauetatik ez da asko desbideratzen.

Fondoko arazoa ezaguna da eta ez dugu orain ezer deskubritzen hurrengo hau esaten badugu: Estatu honetan frankismoarekin, erregimen kriminal horrekin, inoiz ez dira benetako kontuak egin, azken finean erregimen horrek Trantsizioa zuzendu eta gidatu zuelako eta berak markatu zuen, oso modu zehatzean gainera, non zeuden posible eta ezinezkoaren arteko mugak. «Lotua eta ondo lotua»-ren ondorioak besterik ez. Adibide asko jar litezke eta hau da horietako bat: Une honetan Frantziako Toulouse herrian frankismoaren erregimenaren inguruko erakusketa nagusi eta garrantzitsu bat martxan dago eta erakusketa horretan Espainiar estatuko hainbat elkartek eta erakundek kolaboratzen dute. Egia da Toulouse herriak arrazoi historikoengatik –hor finkatu ziren exiliatu errepublikar asko– lotura estua duela erregimen frankistarekin baina arrazoi horrek ez du justifikatzen, beharrezkoa zen erakusketa hori, eta aspalditik gainera, Frantzian egitea eta ez Estatu honetan, Madrilen adibidez, non erregimen hori, frankismoa, aritu zen. Zergatik hori horrela dela ez da oso zaila asmatzea: Estatu honetan ez dago oraindik behar den giroa erakusketa hori antolatzeko, eta askoz gutxiago eskuinak gobernatzen duen Madrilen.

Aurreko arrazoiengatik Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispenak dirudi aukera bakarra Nafarroako, Euskal Herri osko, eta ziur aski Estatu osoko, frankismoaren sinbologiaren zantzu garrantzitsu batekin behin betirako bukatzeko.

Buscar