Josu Iraeta
Idazlea

Errekak gainezka doazenean

Pedro Sánchez jaunaren gobernua eroriko dela «usainduz», EAJ −negoziatzaile eta estratega handia denez− PPren Lakuarako sarbidea garbitzen ari da. Horrek, bideratze gisa, EH Bilduri zuzendutako gogortasuna areagotzea dakar.

Baina, baita PSE-EEren zuzendaritzaren harrokeriari aurre egiteko dituen bozeramaile berri eta arretatsuen «jarrera zorrotza» ere.

Egia baita, PSOEren gobernua presionatzeko eraginkorrak izan daitezken tresnak, badirela hainbaten eskuetan, baina, halere PSOEren gobernua hori ordezkatzeko premiaz, ez dago adostasunik. Hau arrazoi argia; gaur egun, PPk ez dio eskaintzen Estatuari beharrezkoa den egonkortasuna gauzatzeko, fundamentuzko ziurtasunik. Eta, Estatuaren egituratze finkoa eman ahal izateko ditun ERG −Junts– EAJ eta EH Bildu bezalako lagunak, PSOEren larritasuna ikusirik, mesfidantzaz beterik erne begiratzen diote.

PSOE aldiz, ahulezia larrian, mugikortasun ahalmen oso murritzean dago eta ezintasun horren gatibu. Eta gainera egoera korapilotsu honi aurre egiteko −bere baitan indartzen ari diren ahots kritikoek barne− agertzen dituen aukera desberdinen arteko kontraesanak, etengabe berpizten zaizkio.

Guzti hau kontuan izanik −nire ustez− esan daiteke Estatua ahultzen ari dela eta nahiz Pedro Sánchez, Felipe II antzeko papera betetzen saiatu, Espainiaren egituratze politiko lurraldearen ahuldadea, gero eta nabarmenago, agerian ikusten ari gara.

Frankismoaren oinordekoek diseinatutako estatu eredua benetan dago kolokan. Ez da berria, egia, aspaldidanik Ezker Abertzaleak argitutako eredu honen murriztasunak, gero eta nabariagoak dira. Gernikako Estatutua aspaldidanik agortua dago –harritzekoa gai honetaz sumatzen den isiltasuna− eta honen egitasmoak ez du baliotasunik tresna politiko gisa. Ez du ilusio soziala sortzen eta gainera −hau da ezaugarri makurrena− ez da Euskal Herria egituratzeko gauza.

Ez da gaurkoa, hamarkadak doaz, politiko, zein sozial, ekonomiko eta lurralde mailan, Euskal Herria zatituta jarraitzen duela. Honetaz konturatzen da EAJ? Hainbeste urtez Estatu espainiar boterearen sostengu nabarmena izan denak, badaki non dagoen, nora dohan, bai?

Trantsizio prozesuan, EAJk bere laguntza eskaini zuen erreforma politikoa gauzatzeko, baina gaur, han hemenka, zauri eta ezinak korapilatzen ari zaizkio. Madrilgo alderdien dinamika zentralista dela, Ajuria Enean jarraitu nahian, kezka eta zalantzez beterik dabil.

Beraz, EAJ jarrera berri baten bila ari da. Egoera honetan, galdera pare bat luzatuko nieke EAJkoei; non kokatuko duzue gaur, subiranotasun maila berria? Nork izango dira bidai horretarako hautatu dituzuen lagun berriak?

Beharbada betiko lagunak aukeratuko dituzue, betiko bidea jorratzeko, hau da; Ezker Abertzalea erasotzea, bai karriketan (Hernaniar ile horiaren laguntzekin noski), edo instituzioetan, ideia eta balore abertzaleei muzin eginez?

Nioen, zalantza handiak dituztela bidea aukeratzekoan eta egia da. Ez dute asmatzen; edo Estatutua −gaurko jaurlaritzak bezala− Foruak aldarrikatu, edo beste asmakizun mirarigilea, auskalo.

Ez dakite nondik jo, Ajuria Enea mantentzeko. Baina argi eduki, autodeterminazio eskubideari formulazioan tokia bai, emango diote, baina beti bezala praktikan bizkarra emanez.

Nahiz azken urteetan egurra jasotzen dabilen, EAJ oraindik oso handia da eta bere barruan autonomismoa da nagusi.

Independentziari uko egiten diote eta heuren erosotasuna gaurko sistema politikoan goraipatzen dute.

Jakina da, EAJren barruan korrente espainiar zalea era bat lerrotuta dagoela eta ideologikoki atzerakoia denez −zoritxarrez− bere zeregin nagusia Ezker Abertzalea erasotzean datza.

Sobera atzera begiratu beharrik ez dago; Ardantza, Atutxa, Imaz eta abar luzea dira ezagutu ditugun azken adibideak. Beraz, ez da oraingo sailburu hernaniarra, Ertzaintza astintzen jarri duen lehena, baditu aurrekariak. Non gelditu ote dira, Juan Mari Olloraren asmoak?

Hedabideak diotenez: EAJko buruak uste dute, Ajuria Eneatik gaur arte egindako akordioak eguneratu beharko lituzketela alderdi «demokratikoek». Eta horretarako berehala bere «rezeta» agertzen digu: EH Bilduk daraman bidearen aurka eta autogobernuaren alde lan egingo duela EAJk aurrera begira,

Betiko antzerkia, EAJk ez du sekula indarkeria helburu izan, Ezker Abertzaleak defendatzen duen egitasmo politikoari aurre egitea izan da eta da EAJren helburu nagusia. Are gehiago, EAJren betiko eta gaurko zeregin politikoa, egitasmo hori bultzatzen dugun guztion neutralizazioa da

Aspaldidanik jakina da indarrez eraikitako estatuak, indarrez mantentzen direla, eta denboraren poderioz, behar adina tresna bereganatzen dituztela, hori bermatzeko.

Tresna horiek nolakoak diren denak dakigu gutxi edo asko. Horregatik ETA desagertzea eskatzen zenean, eta gainera horretarako ahalegin guztiak egiten zirenean, geroztik, zerekin eta nola ordezkatu dira, helburu berberak lortzeko?

Agian orain arte bezala Estatu espainiarrak eskaintzen duen uberka bakarra jorratuz. Edo ez?

Nire ustez −eta historiak nabarmenki frogatzen duena izanik− hori, norberaren barne elikadura bermatze nahia besterik ez da. Eta ez dut uste onargarria denik.

Beti esan izan dugu, Euskal Herria txikia dela eta neurri batean egia da. Beharbada horregatik lasai esan daiteke, autodeterminazio eta independentzia helburu dituen egitasmoa neutralizatu nahian dabiltzanak, badirela. Batzuk handiak, besteak ez hainbeste, baina denak ezagunak.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar