Arkaitz Zarraga
Soziolinguistikan aditua

Errenta aitorpena euskaldunon erreserban

Berriro ere aitortzeko garaia! Urteroko kezka berak sortzen zaizkit! Zenbat bueltatuko? Norainoko bronka izango dut? Kontua da ez dela erraza euskaraz aritzea halako zereginetan eta jakin badakit nire hizkuntz eskubideak defendatzeak gatazka ekarriko didala. Urteroko tripazorriak ditut berriz.

BBKn egiten didate niri aitorpena, Kutxabanken orain. Azken bi urteetan euskaraz atenditua izateko jasandako zailtasunen berri eman izan dut komunikabideetan, nolabaiteko eragina izango zuelakoan horrek agintariengan, baina, keba!

Berriro ere aitorpena euskaraz egitera bultzatuko gaituzte autoritateek. Dirua gastatuko dute horretan, jakina, eta aurpegiak zuritu! Baina errealitatean gatazkara bideratuko gaituzte euskaldunak, edo frustraziora!

Jende gaztea kontratatu ohi dute kanpaina horretarako, Ekonomikak edo Enpresaritza ikasi duten gazteak. Aurreko urteren batean jende euskalduna topatzea zail zegoela esan zidan euskararen aferaz arduratzen zen lagun batek, baina Sarrikoko fakultateko datuak helarazi nizkion, aitzakiaren merkeaz jabe zedin! Ez omen zuen ikasle ohien inguruko informazioa pasatu, ze aurten ere, eskaintzen duten zerbitzuari begiratuta, ez omen dute leku onean aldaba jo!

Hizkuntza eskakizunak jartzen dituzte batzuentzat. Horiek dira euskararen ezagutzaren bermatzaileak. Baina nik esango nuke kasu honetan ere hizkuntza eskakizunak Hizkuntza Politika inoperanteak zuritzeko tresna baino ez direla, neurri eraginkorrik ez hartzearen estalkia.

Basaurin egiten dut aitorpena. Aurten ere sei bulegotik bakarrean dugu Basaurin bizi edo lan egiten dugunok aitorpena euskaraz egiteko aukera. Euskaldunen erreserba da bulego hori, baina gainera ez da guretzat erreserbatua, ez, euskaraz bizitzeko gogoa, garra, eta indarra dugunoi egokitzen zaigun leku bakarra baizik. Onartu behar dut lekurik euskaldunenetan euskarazko zerbitzua eskaintzen dela bulego guztietan, edo gehienetan behintzat. Baina Bilbon, adibidez, 37 bulegotik zortzitan baino ez da eskaintzen zerbitzua euskaraz, Barakaldon 10etik bitan, Getxon seitik bitan, Leioan hirutik batean, Santurtzin eta Portun bostetik bitan, Sestaon hirutik batean… eta Alonsotegi, Balmaseda, Etxebarri, Gueñes,  Muskiz, Ortuella, Sopuerta, Urduña eta Zallako euskaldunek ez dute aitorpena euskaraz egiteko aukera. Erreserbetatik kanpo geratzen dira. Jar ditzatela, bai, Aldundikoek bertan kartelak euskaldunoi aitorpena euskaraz egitera deituz.

Nik ez dut erreserban bizi nahi, eta nire lantokitik hurbilen dagoen bulegoan eskatu dut zita. Hara joango naiz euskaraz atenditua izateko helburuaz. Bertara joan nintzen lehenengo urtean neska «erdaldun» batek artatu ninduen, baina nik euskaraz egin eta azkenean lortu genuen gure egitekoa nik (bezeroak) aukeratutako hizkuntzan egitea. Berak ere esan zidan ikastaroa euskaraz eman baliote, askoz errazago eta erosoago egingo zuela, baina eskertzen zidala nire laguntza eta jarrera ona! Ez da teknikari burutsua izan behar konturatzeko elkarrizketa xume bat izan eta pantailan dauden datuak betetzeko ez zaizkiola alkateari gutunak idatzi behar, ez direla zabor bilketari buruzko artikuluak idatzi behar, nahikoa dela, batetik, aitorpena egiteko kontuan hartu behar diren kontzeptuen inguruko ikastaroa eta, bestetik, jendearekin informazioa eskatu eta ematen trebatzea, beldurrak uxatzen laguntzea, batez ere.

Datorren astelehenean dut zita! Tripazorriak igande gauean hasiko zaizkit, baina hizkuntza gatazkagatik, Ogasunak bueltatu behar didan kopurua zein den, gutxi gorabehera, aldez aurretik badakit eta!

Buscar