Joseba Alvarez
Sortu-ko kidea

«Errepublika txikia», bide eta helburu

Abian eztabaida ondoren, eta udako «etenaldi politikoak» ematen digun aukeraz baliatuz, Sorturen eta, oro har, Ezker Abertzalearen berrosatze prozesuek nora eraman behar gaituzten hausnartzea dagokigu militanteoi. Euskal bide horretan, adibidez, alderdi politiko izaera baztertu eta Komunitate gisara bere burua antolatu nahi duen jendarte mugimendua osatzera jo beharko genuke, askoz ere aberatsagoa, zuzenagoa eta demokratikoagoa delako.

Beste hitzetan esanda, euskal Estatu sozialistaren euskal bidean, gaurdanik, eguneroko praktika politikoan, sozialean eta sindikalean, Euskal Herriko ezker osoa beregan bilduko lukeen «errepublika txiki» gisara funtzionatuko lukeen euskal komunitatea osatzen lagundu beharko genuke. «Errepublika txikia», bihar sortuko dugun euskal Estatu sozialistaren isla –eta bitartekoa– izan beharko luke, euskal jendartearen zein mundu osoaren aurrean zer egitera goazen erakutsiz.

Gauzak horrela, kapitalismoaren eta, oro har, sistemaren ereduaren «kontra» borrokatzeko jendarte mugimendua edota indar politiko izatetik, nagusiki gure ereduaren «alde» lan eta borrokatuko duen komunitate eraikitzailea bultzatuko lukeen ez-ohiko jendarte mugimendua izatera pasa beharko genuke.

Eta zeintzuk lirateke komunitate auto-egituratu horrek bideratuko lituzkeen oinarrizko baloreak edota ezaugarriak? Bihar sortuko dugun euskal Estatu sozialistarenak, inolako zalantzarik gabe.

Lehenik eta behin, «errepublika txikiak», antolaketa ereduan zein eguneroko barne zein kanpo funtzionamendu eta praktika politikoan, euskal herri langilearen interesak, klase herri- tarrarenak eta langileriarenak, defendatuko lituzke. Beste era batean esanda, euskal jendartearen gehiengoaren interesak oinarritzat hartuko lituzke eta hauek babestu eta antolatu ere, bere eraikuntza prozesu osoan. Klase aliantzaren emaitza izango litzateke, beraz, «errepublika txikia» eta ez konpromiso sozial inter-klasistarena. Hori bai printzipio feminista eta ekologistatan sustraiturikoa litzateke eta, nola ez, nagusiki euskaraz funtzionatuko lukeena, hau da, euskalduna litzateke.

Eta, bestetik, barne antolaketa zein barne funtzionamenduan, erradikalki demokratikoa izango litzateke «errepublika txikia». Barne demokrazia zuzenaren bidez kudeatuko luke bere burua, maila eta esparru guztietan. Bere dinamizazio zein gidaritzarako egitura zabal eta kolektiboak ere, modu zuzenean eta batzar irekietan, hautatu eta izendatuko lituzke kideen artean. Hautatu horiek, ez lirateke «errepublika txikia» bultzatuko luketen alderdi politikoetako pertsonak soilik izango. Izan ere, demokrazia burgesetan herri ordezkaritzarako alderdi politikoek duten ahalmen esklusiboa, sindikatu eta eragile sozia- letara zabalduko litzateke «errepublika txikian», garai batean osatu genuen Euskal Herriko Batzar Nazionalean (EHBN) egin genuen moduan.

Gauzak horrela, ezkerreko abertzaletasun iraultzailearen ikur konpartitua izango litzateke «errepublika txikia». Gure teoria eta praktika iraultzaileak uztartuko lituzkeen euskal eredua litzateke, bertatik bertarako sortutakoa, praktikoa, jendarte eta mundu osoaren aurrean eraiki nahi dugun jendarte eredu anitza erakutsiko lukeena. Beraz, euskal estatuaren eta euskal sozialismoaren bidean, funtsezko ekarpena izango litzateke «errepublika txikia», independientea, sozialista, feminista, euskalduna, ekologista, laikoa, hamaika koloretakoa, kulturalki anitza eta demokrazia zuzenean oinarritutakoa.

Hori bai, sortu nahi dugun euskal Estatuaren bidean, egungo sisteman eta instituzioetan eragiteko bere adierazpen politiko instituzionala beharko luke «errepublika txikiak»: aliantza instituzional eta elektorala nahi bada, baina guztiz instrumentala eta inondik ere ez zentrala. Egungo instituzioetara bideratu behar diren erabaki guztiak ere, modu kolektiboan hartuko lirateke «errepublika txikian» eta, ondoren, egungo instituzioetara bideratuko lirateke. Baina egungo instituzioek edota bertan lan egiten duten komunitateko kideek ez lukete «errepublika txikiaren» agenda eta lan erritmo politikoa markatuko. Horretarako, besteak beste, «errepublika txikia» dinamizatzeko eta gidatzeko hautatuak ez lirateke egungo sistema instituzionalean parte hartuko luketen kide berak izango.

Eta bide eta helburu ez-konbentzionala den «errepublika txikia» bideratzeko, funtsezkoa litzateke gaurdanik bi zutabe indartzea. Batetik, kideen konpromiso eraikitzaile pertsonalak saretzea eta kolektibizatzea. Eta, bestetik, ekintza zuzena zein desobedientzia kolektiboa bultzatzea, dialektika digitalean geratzen den konfrontazio politiko eta instituzionala, eraldatzailea ez delako. Iraultza ez da sarean egiten, sarearen bidez antolatzen da, baina kalean egiten da.

Buscar