Ibai Zenoz, Ugaitz Tolla, Aitor Gonzalez*
Nafarroako suhiltzaile laguntzaileak

Erreta gaude!

Lerro hauen bidez eta Nafarroako Gobernuak ekainaren 9an emandako prentsaurrekoaren harira, zeinean baso suteen aurkako udako kanpainaren hasiera iragartzen zen, langileon zati batek eta zerbitzuak berak pairatzen duen egoeraren berri eman nahi dugu.

Hasteko udako operatiboa nola antolatzen den laburki azaltzea komeni da. Alde batetik suhiltzaile arruntak daude, urte osoan zehar guztiok ezagutzen ditugun lan eta funtzioak egiten dituztenak, bakoitzak dagokion parkean, Nafarroako geografian sakabanaturik. Nafarroako Suhiltzaileek baso suteen eskumena dutenez, plantilla hau urtean bi sasoietan «suhiltzaile laguntzaile»-ekin errefortzatua izaten da. Azken langile talde hau batez ere, baso suteetan eta laguntza-babes funtzioetan aritzen da, «baso suhiltzaile» bezala ezagutzen direlarik. Hauen parte batek urtarriletik urrira egiten du bere lana, 42 langile guztira. Udako hilabeteetan beste 117 langile batzen gatzaizkie, honela 159 garelarik guztira.

Udan soilik lan egiten duen azken kolektibo honen barruan kokatzen gara sinatzaileok. Ez Funtzio Publikoak, ezta Nafarroako Suhiltzaileek ere, ez dute benetako interesik agertu azken urteetan talde honen lan egun kopurua handitzeko orduan, gure ogibide nagusia izatea erraztera bidean. Egiten ditugun lanak beste sasoi eta alorretara zabaldu lirateke, baina gaur ez dugu honetan sakonduko. Aldi baterako lana dela asumituta ere, lau hilabete baino gutxiagokoa, honek dakartzan ondorioekin; azken kanpainetan sufritu ditugun hurrengo egoerak salatu nahi ditugu.

Alde batetik aipatu beharra dago lanpostu hau administrazio publikoan beste batzuk bezala «egonkortze» prozesu batean sartu dela, udako 117 langileotako batzuek bere postua egonkortzea lortu duelarik. Hala ere, 4 hilabeteko lana izanik, plaza hauek eszedentzien bidez eskutik eskura igarotzen dira. Sinatzaileon artean bi, hiru edo kanpaina gehiagoko antzinatasuna dugun hainbat gauden arren, prozesutik kanpo geratu gara. Kontratuak bertan behera geratu dira eta hautatze prozesu berrietan zerotik hastera behartuak ikusi ditugu geure buruak, lan esperientzia ez bait dute meritu bezala aintzat hartu.

Prozesu hauek neurrigabeak izan dira hain iraupen txikiko lan batetarako, eta era berdinean forma eta moduetan desorekatuak. Iragan den maiatzaren 30ean, 30 gradutik gorako tenperaturarekin egin zen zerrenda berria egiteko hautatze frogaren atal fisikoa. Hainbat parte hartzaile ospitalera eraman behar izan zituzten. Hainbesterakoa izan zen, ezen anbulantziarik gabe geratu eta frogaren erdi aldera hau bertan behera utzi eta atzeratu behar izan zuten.

Era berean, salatu nahi genuke kontratazioak gauzatzen ari diren modua. Lan kanpaina hastear dagoela edota hasita jada, egun eskas lehenago egiten dira bai deialdiak eta baita kontratazioak ere, kasu askotan kontratu egunak galduz edota jakin gabe kontratua bera izango duzun ala ez. Hau dakarrenarekin bizitza pertsonala antolatu ahal izateko; ziurgabetasuna eta urduritasuna. Guzti honi gehitu nahi genioke, erantzun eta atentzio eza oinarrizko kezka laboralak argitzeko, administrazio eta erakundeen aldetik (Funtzio Publikoa, Nafarroako Suhiltzaileak eta Sindikatuak). Pertsona kaltetuak deiak eta deiak egitera behartuta daude erantzun argirik jaso gabe eta ez dago bestaldean ardura hartzen duen interlokutorerik.

Adibide bat jartzearren, herenegun, ekainak 10, suteen kanpaina hasita dagoelarik, 30 plaza gelditzen ziren esleitu gabe, udan batzen diren langileen %25a. Lanean daudelarik momentuotan, brigada osatu-gabeak horrek dakarren arriskuekin lanpostu honetan.

Azpimarratu beharra dago prekarizazio honek eta kontratuen iraupen laburrek, eragiten dutela langile askok beste lan aukerak bilatzea, plantillaren ezengonkortasunean sakonduz. Hortaz, urtero errepikatzen da inongo esperientziarik gabeko langileak egotea brigadetan honek dakarren arriskuarekin. Esperientziarik gabeko brigada hauek, oro har, Nafar hegoaldeko parkeetara egokitzen dira, orokorrean jendeak hautatzen ez dituen lanpostuetara. Gogora dezagun lanbide honetan, arrisku eta emergentzia egoeren aurrean zuhurtziaz eta bizkortasunez erantzun behar dela, kamioiak gidatu edota urteen lan eskarmentu eta formakuntzaren bitartez barneratzen eta egonkortzen diren lan prozedurak eta teknikak aplikatu.

Mahaigaineratutako arrazoi guzti hauengatik, salatu nahi dugu zerbitzuaren egiturazko prekarietatea, kudeaketa kaskarra, arduragabekeri instituzionala eta duintasun gabeko lan baldintzak.

Salatzen ari garen egoera guzti hau ez da soilik lan afera bat. Eredu osoaren arazoa da, errespetu instituzional eta erantzunkizun soziala ere bai. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Suhiltzaileei eta inplikatutako sindikatuei eskatzen diegu esku-har dezatela egoeran. Langileok ezin dugu jarraitu sostengatzen gizartearentzako funtsezko zerbitzu hau, horren baldintza ezegonkor, inkoherente eta bidegabeetan. Kolokan dagoena ez da bakarrik langileon etorkizuna, Nafarroako emergentzia zerbitzuen kalitatea eta segurtasuna baita ere.


*Sinatzaileen Zerrenda:

1. Ibai Zenoz Berasategi

2. Ugaitz Tollar Villanurva

3. Aitor Gonzalez de Zarate Ordoño

4. Asier Gordo Caño

5. Francisco Verdejo Arceiz

6. Oier Txibite Azkona

7. Amets Garrues Puñal

8. Daniel Pérez Reinares

9. Josu Sola Belloso

10. Hector Barandika Ortiz de Zarate

11. Oihane De los Ojos Ibarguren

12. Marcos Prol Martin-Ambrosio

13. Jon Iriarte Martín

14. Jon Ugarte Zuazo

15. Xoan Agustin Gomez Calvo

16. Miren Goñi Aramendiaa

17. Mikel Ozkoidi Martinez

18. Mikel Apilanez Urbieta

19. Aitor Mauleon Muñoz

20. Pablo Sada Marin

21. Aitor Palacios Planillo

22. Iker Zilbeti Muniain

23. Iñigo Martínez Díaz de Cerio

24. Iñigo Ezkurdia Gutierrez

25. Sergio Chasco Pilar

26. Daniel Ramos Ruiz

27. Aitor Lorenzo Dubrot

28. Dario Tuñón Chueca

29. Ander Bengoetxea Arruti

30. Iñigo de Frutos Guerrero

31. Jon Korkostegi Ruiz de Galarreta

32. Andoni Uhalde Pérez

33. Roberto Carrera Puerto

34. Aizea Arraiza Gulina

35. Asier Garcia Amores

36. Antxon Sadaba Urra

37. Aitor Mujika Muñoz

38. Ander Aguirregomezcorta Pérez de san Román

39. Oihan Razkin Azpiroz

40. Alberto Manero Zamarbide

41. Orhi Labiano Santacilia

42. Kevin Marques Paniagua

43. Mikel Caño Ordoño

44. Aitor Fernandez de Ortega Largueza

45. Jesus Larreta Vicente


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar