Errotzea ez da egoitza izatea
Eskualde bateko hainbat enpresa garrantzitsu kanpoko kapitalek erosten dituztenean, ezinegona sortu ohi da, zalantzak pizten baitira lanpostuen etorkizunari, geroko inbertsioei eta funtzio desberdinen berrantolaketari buruz. Azken batean, enpresen jabetza tokikoa izatetik atzerrikoa izatera igarotzeak erabakigunea kanporatzea dakar, eta kezka nagusia bihurtzen da ea tokiko plantak bere izaera estrategikoa mantenduko duen ala urrun hartutako erabakiak gauzatzera mugatuta geratuko den.
Industriak posizio zentrala duen lurraldeetan, eragile sozioekonomikoen eta erakunde publikoen artean, gero eta handiagoa da enpresen errotzeari buruzko interesa, baita lurraldearekiko duten konpromisoari buruzkoa ere. Hego Euskal Herrian dauden 70.600 enpresa merkantiletatik %12 atzerriko kapitalaren esku daude gaur egun. Portzentaje hori handitu egiten da enpresaren tamainarekin batera: 100 eta 249 langile dituzten 556 enpresetatik %24tan atzerriko kapitalak du jabetzaren zati nagusia, eta tamaina handiagoko enpresetan, berriz, 281 enpresetatik 80tan akziodun nagusiak dira; alegia, %28tik gorako penetrazioa dute. Kasu horietan, kanpoan hartutako erabakien eta kanpoko logiken menpekotasuna handia da, ez bakarrik enpleguari dagokionez, baita gaitasun produktiboei, metatutako ezagutzari eta ingurune enpresarial hurbilarekin harremanak eraikitzeko moduari dagokienez ere.
Hala ere, lurralde batekiko konpromisoaren adierazle den errotze-maila ezin da hertsiki lotu tokiko akziodunek enpresaren jabetzan duten parte-hartzearekin. Ezagunak dira lurraldean sortu, egoitza soziala bertan mantendu, enplegu-maila jakin bati eutsi eta zergak aldundiei ordaintzen dizkieten enpresak, eta aldi berean, balio erantsi handieneko funtzioak kanpora eraman eta inbertsio produktibo nagusiak atzerrian egiten dituztenak. Horren adibide dira Iberdrola eta BBVA. Aitzitik, multinazional atzerritar batek hamarkadetan zehar harreman sendoak eraiki ditzake lurraldearekin, produkzio-gaitasunak sofistikatuz, langileak trebatuz, hornitzaileekiko loturak trinkotuz, tokiko ikerketa eta berrikuntza prozesuetan inplikatuz eta sortutako etekinak bertan berrinbertituz.
Beraz, enpresaren tokiko jabetza eta lurraldean errotuta egotea ez dira gauza bera. Errotzeak harreman sakonago bat deskribatzen du: enpresa batek lotura iraunkor eta espezifikoak garatzen ditu lurralde bateko langileekin, erakundeekin, ezagutzarekin eta egitura produktiboekin. Enpresen lurralde-errotzea integrazio eta interdependentzia prozesu dinamikoa da, eta haren bidez enpresa batek harreman iraunkorrak eta lurraldearekiko espezifikoak garatzen ditu tokiko eragile, baliabide, erakunde eta produkzio egiturekin. Harreman horiek enpresaren erabakiak eta gaitasunak baldintzatzen dituzte, haustura edo birkokapen kostuak sortzen dituzte, eta, aldi berean, enpresari lurraldeko baliabide kolektiboen sorreran eta erreprodukzioan parte hartzeko aukera eskaintzen diote. Ikuspegi horrek frantses literatura espezializatuan garatutako ancrage territorial kontzeptua du oinarri. Frantziako ikerlariak izan ziren lehenetarikoak, 1990eko hamarkadan, globalizazio produktiboak eta deslokalizazio-prozesuek enpresa handien eta lurraldeen arteko loturetan eragindako ahultzea aztertzen, bai eta enpresen jabetzaren nazionalitatea eta lurraldearekiko lotura emozionalak ikertzen ere.
Enpresen errotzea sustatzeko politika ekonomikoek errotzearen ikuspegi zabal batetik abiatu behar dute, eta aurreikuspena, finantzaketa eta lurralde-ekosistemaren indartzea uztartu. Administrazioak aldez aurretik identifikatu beharko lituzke balio estrategiko handiko enpresak eta arrisku-seinaleak, hala nola ondorengotza-arazoak, akzioen eskualdatzeak, finantza-zailtasunak, inbertsio falta edo autonomia galera. Tamaina txiki eta ertaineko enpresen kasuan, eskualdeetako garapen agentziek eginkizun garrantzitsua izan dezakete lan horretan.
Diagnostiko horretatik abiatuta, eta esku hartze publikoa eraginkorra izan daitekeela egiaztatuta, tresna klasikoak erabil daitezke, hala nola jabetzan parte hartze publikoa, mailegu baldintzatuak edo familia-enpresen transmisiorako laguntzak. Horiez gain, ez hain ohiko tresnak ere baliatu daitezke: enpresaren kapitalean langileen parte hartzea sustatzea funts baten bidez (CAFen eredua hobetuta, adibidez) edo kooperatibizazio-prozesuak bultzatzea. Nolanahi ere, laguntza guztiak baldintzatu beharko lirateke inbertsioak, enplegua, aktiboak eta funtzio estrategikoak lurraldean mantentzera. Antzeko baldintzak ezarri beharko lirateke tokiko enpresen nazioartekotzea laguntzeko programetan ere. Deslokalizazioen aurkako araudia garatu bada ere azken urteetan, haren eraginkortasuna, oro har, oso mugatua izan da.
Zentzu zabalagoan, lurraldean kokatutako enpresek tokiko hornitzaileak gara ditzaten, ingeniaritza eta I+G jarduerak bertan garatu ditzaten eta unibertsitateekin, zentro teknologikoekin zein lanbide heziketarekin lankidetza estuan jardun dezaten sustatu beharko litzateke. Jarduera horiek osatzeko, trebakuntza sendotzeko zein erakartzeko eta atxikitzeko politikak indartu beharko lirateke, balio kateak sendotu, lurzoru eta azpiegitura egokiak bermatu, eta itxierei edo desinbertsioei erantzuteko protokoloak prestatu. Horrek guztiak irizpide gardenak, aldizkako ebaluazioa, konpromiso egiaztagarriak eta itzultze mekanismoak eskatzen ditu. Izan ere, saihestu beharreko arriskuak ere badaude: enpresa bideraezinak babestea, laguntza publikorik gabe ere gertatuko liratekeen erabakiak diruz laguntzea edo interes pribatu jakin batzuei modu arbitrarioan mesede egitea.
Gaiaren beste ertza enpresak errotzeko politiken eta kanpoko inbertsioa erakartzeko programen (Invest in Navarra, Invest in Basque Country) arteko ustezko kontraesana da. Ez dira nahitaez kontraesankorrak, nahiz eta zenbaitetan tentsioan sar daitezkeen. Kanpoko kapitala erakartzeak finantzaketa, teknologia, merkatuetarako sarbidea eta enplegua ekar ditzake, bereziki atzerriko inbertsio horiek gaitasun produktibo berriak edo establezimendu berriak sortzera bideratzen direnean, hau da, greenfield inbertsioak direnean. Arazoa, ordea, inbertsioak lehendik dauden tokiko enpresak eskuratzera mugatzen direnean sortzen da, horrek tokiko jabetza, erabakitzeko autonomia edo funtzio estrategikoak galtzea ekar baitezake.