Julen Zabalo
Soziologoa

Espainia berriaren ametsaren amaiera

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Bartzelona eta Tarragonan Elkarrekin Ahal Dugu/Unidos Podemos-ek irabazi du. Ez beste inon. Esan liteke, Espainia bersortzeko eta Espainiako herritar guztiak asebetetzeko, Madriletik agindu ziguten plan berriak benetan Espainia bersortzeko gogoa zegoen lekuetan bakarrik irabazi duela, eta ez beste inon, ezta plana sortu zen lekuan ere ez, Madrilen, alegia.

Espainia bersortzea, edo gutxienez mugi zedila nahi omen zuen Kataluniako eta Euskal Herriko jendeak. Azken urteotan denetariko argudioak entzun eta ikusi ditugu Ahal Dugu/Podemos-i botoa emateko: PP boteretik kentzea, batez ere; bestelako Espainia bat osatzea; behingoz ezkerreko aliantza bat sortzea Espainian; Katalunian eta Euskal Herrian autodeterminazio erreferendumak bultzatzea; eta baita euskal presoak arinago askatzeko bide gisa ere. Argi gelditu da nork nahi zuen hori, eta errealitateak zer esan duen horretaz.

Izan ere, aurretik ere esaten zen aldaketa gutxi gertatuko zela abendutik hona, eta aldaketa txiki horien norabidea jakitea zen erronka, horrek markatuko omen zuelako orain berriro zabaldu behar diren negoziazioetarako gakoa. Euskal Herriak, Kataluniarekin batera, erantzun dio erronkari, baina bi leku horietan bakarrik sinetsi dugu mezua, agian helburu edo hobekuntza metaketa bat gertatu delako Euskal Herrian. Pentsatzekoa da Espainian Unidos Podemos-i botoa emateko zeuden arrazoiak benetan batera mugatzen zirela: eskuina boteretik kendu, eta haren ordez, ezkerreko aliantza bat ipintzea. Baina ez nazio eskubideak, ez Espainia bersortzea edo euskal presoen egoera hobetzea, ez zela, inola ere, lehentasuna.

Orain Elkarrekin Ahal Dugu-ren txanda da. Zelan erreakzionatu beharko luke egoera honen aurrean, bere jokoa Espainiako hauteskundeetan zentratzen zela jakinda? Zein izan behar da Euskal Herrian garaile den indarraren jokaera, Espainian ez bada garaile? Zer mezu ‘bersortzaile’ agindu behar dio Euskal Herriari, Euskal Herria Espainia barruko puzzle atal txikitxoa besterik ez bada? Orain dela berrogeita hamar urteko eztabaida bera dugu orain ere: Espainiako ezkerra nagusitu arte itxarotea, edo hemen (nazio izaerak emandako) bestelako baldintzak badaude, hemen aurrera egitea eta ezkerreko marko propioaren alde jokatzea?

Adibide garbia Nafarroak ematen digu. Hemen, Hego Euskal Herriko beste hiru herrialdeetan ez bezala, eskuina da garaile. Ezkerreko aliantza gertatu da, baina bertan ez dira egon ezkerreko abertzaleak, eta pentsa liteke zergatik: helburua ez omen zelako Nafarroa, Espainia mailan irabaztea baizik. Berdina egingo zuketen ezkerreko Espainiaren aukera bizirik egon ez balitz? Berdin jokatuko zuketen ezkerraren garaipena lortzeko markoa Hego Euskal Herria izan balitz, eta ez Espainia?

Espainia berriaren ametsa amaitutzat eman beharko litzateke Euskal Herrian, baina, edozein modutan, oso argi uzten digu beste errealitate bat: herritar askorentzat Espainia ere marko onargarria da hobekuntzak lortzeko, eta ez dio muzin egiten marko horri. Are gehiago, jakina zenez, asko espainiar sentitzen da, eta Espainia barruan amesten du etorkizuna. Abertzaleen erronka berria urte batzuetatik hona Madriletik Podemos-ekin agindu diguten alderantzizkoa izan beharko litzateke: Hego Euskal Herria bersortzea, bertan bizi garen herritarrok –euskal herritar edo espainiar sentituta ere– geure ametsak beteta ikus ditzagun Hego Euskal Herri independentean edo burujabean.

Buscar