Martxel Toledo Garmendia
Euskal Selekzioa Bai

Espainiako Itzulia berriro Euskal Herrira. Hori nahi dugu?

Urteak Euskal Herrira sartu gabe egon ondoren, Jaurlaritzak (PPk eta PSEk) proposatuta eta motibazio politikoak bultzatuta, 2011n Espainiako Itzulia berriro gurera ekarri zuten.

Etapa baten amaiera Bilbon egin zen, EAJko Iñaki Azkuna alkate izan zenaren laguntzarekin eta Udalaren babesarekin. Bigarren etapa, berriz, Bilbon abiatu eta Gasteizen amaitu zen eta PSEren laguntzarekin eta PPren babesarekin antolatu zen. Orduan, Esait-ek, eragile politiko eta sozial batzuen babesarekin «kirola bai, inposaketarik ez» lemapean Gasteiz-Bilbo bizikleta martxa antolatzeaz gain, pare bat deialdi publiko egin zituen.   

Baina hura, hasierako proba baino ez zen izan, zeren 2012an eta 2014an ere Espainiako Itzulia berriro gurean izan genuen; kasu horietan, etapen amaiera Iruñean, Arraten eta Aralarreko San Migelen izan ziren. Eta orduan ere, Esaiteko kideok, itzulia oztopatu gabe baina itzulia aprobetxatuz, «Nazio gara, Euskal Herria bizirik!» lemapean geurea aldarrikatu genuen.

Motibazio politikoak bultzatuta Espainiako Itzulia berriro Euskal Herrira ekarri eta bertan etapak txertatzeko ahaleginean itzalean aritzen diren horiek aipatu urte horietan egindako probekin badirudi oso gustura atera zirela, eta aurten berriro Espainiako Itzulia Euskal Herrian izango dugu eta bi etapa lehiatuko dira gurean, lehenengoa irailaren 1ean, Kantabrian abiatu eta Bilbon amaituko dena, eta bigarrena, irailaren 2an, Bilbon abiatu eta Donostiatik pasatuz Urdazubi-Dantxarinean amaituko dena.

Espainiako Itzuliaren etorrera dela eta, aurten Esaitek ez du ekimenik antolatutako, bere jarduera iaz amaitutzat eman zuelako. Beraz, ikusi egin behar oraingoan itzuliak gurean nolako harrera izango duen; alegia, iazkoen antzera aldarrikapena egiteko balioko duen edo, normalizazioaren mezua asimilatzen goazen heinean, soilik ongietorria emateko eta lehiaketaz gozatzeko izango den, Espainiako eskubaloi selekzioak Irunen eta Arrasaten jokatu dituen lagunarteko partiduetan bezala.  

Urtean zehar, Euskal Herrian, kirol askotan Espainiako izaera duten lehiaketa ugari jokatzen dira. Eta salbuespen gutxi batzuk kenduta, zaleen aldetik normaltasunez ikusten dira; besteak beste, aipatu ditudan lehiaketetan euskal talde ugarik parte hartzen dutelako. Bestalde, gurean izaera hori duten lehiaketak ere antolatzen dira, besteak beste, ekonomikoki babesa jasotzen duten heinean, antolatzaileentzat helburu ere izaten direlako.

Orduan, zertara dator zalantza hau hona ekartzea? Alegia, zergatik ez diogu ba ongietorria emango, besteak beste, txirrindularitzan Espainian antolatzen den itzuli garrantzitsuenari? Zergatik ez ikusi normaltasunez  Espainiako Itzulia berriro gure artean izatea, beste hainbat kiroletan horrela gertatzen bada? Galderak baino ez dira.

Jakin badakit ez dela erraza, eta are gehiago txirrindularitzak gurean daukan indarra kontuan hartuta, kontraesanean erori gabe galdera horiei argudioz erantzutea; alegia, Espainiako Itzulia eta aipatu ditudan lehiaketen artean ezberdintasunak bilatzea, bakoitza bere ñabardurekin, guztiak Espainiako antolakuntza formatuetan sartzen direlako eta, zentzu horretan, guztien izaera espainiarra delako. Baina dakizuen bezala, Espainiako Itzuliaren historia gurean oso berezia da; besteak beste, bere garaian bizi genuen egoera politikoa zela eta, itzulia gurera ekartzen zuten bakoitzean etapen amaiera ere kolokan egoten zelako. Eta ondorioz, antolatzaileek erabaki zuten, behartuta, itzulia Euskal Herriko eremuetatik kanpo egitea.

Baina, orain berriro gurean izango dugu irailaren hasieran eta nire ustean, Espainiako Itzulia baliatu beharko genuke nazio gisa dagokiguna aldarrikatzeko; hots, gure hizkuntza, hezkuntza, kultura... eta horretan jarri marra gorria, inoren aurka joan gabe, gurea defenditzeko eskubidea ere badugulako.  

2020an San Mamesen futboleko Eurokopa jokatuko da eta ziurrenik Espainia eta Frantziako selekzioak bertan izango dira, baina tamalez geurea ez. Eta horrek izugarrizko eztabaida sor dezake gure artean eta zalantzak horien inguruan. Horregatik, Espainiako Itzuliak gurean izan duen historiagatik eta bilakaeragatik, lehiatik harago jokoan dagoena gure jarrera da; besteak beste, futbol Eurokoparen aurrean herri honen erantzunari tenperatura hartzeko ere balio dezakeelako.   

Ea ba gai garen, beraien tranpan erori gabe, itzulia aprobetxatuz geurea defenditzeko eta txirrindularitzaren aitzakiarekin nazio hau Espainiaren zati bihurtu nahi dutenen aurrean, kiroltasunez baina tinkotasunez, Euskal Herria izena duen nazio bateko herritarrak garela demostratzeko. Besteak beste, hori ere, ekinez ekin, nazioa egiteko beste modu bat delako.

Buscar