Estatus politiko berria pikutara
Frantziako Senatuak ezezkoa eman berri dio frantziar Legebiltzarrak Korsikaren estatus politiko berria finkatzeko bideratu zuen Beauvau prozesuaren proposamenari. Gauzak horrela, frantziar Estatuak zabaldu zuen bideak porrot egin du eta Korsikaren estatus politiko berriaren aukera pikutara joan da.
Egia esan, bide okerretik abiatu zen prozesua izan zen Beauvau prozesuaren bidez lantzen ari zen Korsikarako estatus politiko berria, hasiera-hasieratik frantziar Estatuak eginiko eztabaidarako proposamenak ez baitzituen jasotzen korsikar herriaren aldarrikapen historiko nagusiak: autodeterminazio eskubidea, korsikeraren ofizialtasuna, egoiliarren estatus, lanpostuen korsikartasuna edo korsikar hautesle gorputz baten ezarpena, besteak beste.
Hain zen eskasa Beauvau prozesuak utzitako eztabaidarako proposamena, pasa den udan Nazione mugimenduko erreferente politiko nagusienetako bat eta Korsikako Legebiltzarreko presidente izan den Jean-Guy Talamonik, joan den ekainaren 23an frantziar Legebiltzarrak onartu zuen Korsikarako Autonomiari buruzko Lege Konstituzionalaren proiektuaren eztabaida bertan behera uztea eskatu zuela. Eta orain, frantziar Senatuak, balioz hustutako proposamen hori ere ez du onartu!
Nazionek barne biltzen duen korsikar mugimendu independentista historikoak konponbide politiko baten zerbitzura lan egin du azken urteotan, hainbat hamarkadatako gatazka politiko eta armatuari konponbidea ahalbidetzeko. Orain argi geratu da ahalegin horrek ez duela maila bereko erantzunik jaso frantziar Estatuaren aldetik.
Frantziar Estatuko Frantziako ministro ezberdinek beti izan dute argitasun meritua gai honi buruz. Senatuaren eztabaidaren atarian Gerald Darmaninek gogoratu zuen «ez dagoela testu konstituzional horretan, eta are gutxiago frantziar Legebiltzarrak onartu beharko lituzkeen lege organikoetan [...] ez hizkuntzaren koofizialtasunik, [...] ez egoiliar estatusik, ez eta, eta garrantzitsua da, herririk ere». Horrezaz gain, eginiko estatus politiko berriaren proposamenak ez zion Korsikari botere legegile erreal gehiagorik ematen, hau da, Korsikako Legebiltzarrak ez zuen bere lege propiorik bideratzeko aukerarik, frantziar Estatuko Legebiltzarraren tutoretzarik gabe.
Gauzak horrela, mugimendu abertzaleak azaldu du lau urte baliotsu galdu dituela negoziazio prozesu honetan eta ezinbestekotzat jo du mugimendu abertzalearen birkokatze politikoa bideratzea. Beren hitzetan, «gure herriko indar abertzaleen eta indar bizien egiazko batasun estrategiko batek bakarrik ahalbidetuko du indar harreman sinesgarri bat eraikitzea frantziar Estatuaren aitzinean benetako negoziaketa bideratzeko».
Nazionek azaldu duenez, «beharrezko batasun berri hori ezin da eraiki porrotera eraman gaituen estrategia batean oinarrituz, baizik eta Korsikari dagokion Autodeterminazio eskubidearen ingurua jorratuz, beti ere, herri mobilizazio bateratu batekin eta desobedientzia zibila bideratuz, adibidez, egoiliar estatusa, koofizialtasuna edo lanpostuen kortsizazioa berehala aplikatuz».
Bide horretan, «korsikar guztien beharra izango dugu» onartu dute Nazioneko kideek, bereziki kontraboterea lantzen duten sindikatu eta elkarteena. «Denon artean gure proiektu politikoa, independentzia nazionalaren aldeko prozesua, ureztatzeko; kale eta landa ekintzen bidez jendarteratzeko; gure lurra defendatzeko; espekulazioari, desokupazioari eta populazioaren kolonizazioari aurre egiteko; nazio-borrokaren errepresioari aurre egiteko; korsikarrek enplegurako, etxebizitzarako eta lurrerako dituzten eskubideak defendatzeko; korsikar bakar batek ere ez dezan, bere lurrean, bazterkeria, prekarietatea eta miseria ezagutu; garapen endogenoko eredu bat sustatzeko, giza tamainakoa, erronkei egokitua; auzoetan eta herrietan gure kultura eta bizimodua sustatzeko; gure murgiltze eskolak eta gure hizkuntzaren erabilera garatzeko». Horra helburu argia.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.