Floren Aoiz
Iratzar Fundazioko zuzendaria

Eta Euskal Herriak, zer?

Hausnarketa eta trebakuntza politikoari ekiteko asmoz, Neguko Unibertsitatean murgilduko da Iratzar Fundazioa, Euskal Herriak aurrean dituen erronkak nola bideratu aztertuz. Burujabetza lortzeko bidean, Europan indartzen ari den estatu berrien sorkuntza eta kapitalismoaren aurrean alternatiba ezkertiarrak nola eraiki landuko dute pentsamendu kritikoa eta begirada estrategikoa bultzatuz.

Aldaketa handiak antzematen dira munduan: lurrikara ekonomikoak, polaritate aniztasuna, boterearen inguruko lehiak, presioak, gatazkak, estatuen lerrokatzeak, Europaren krisi sakona, Ameriketako Estatu Batuen eta Europaren arteko Itun Komertzial berria… Kapitalismo neoliberalaren erasoa erraldoia da eta dena aldatzen ari da. Milioika lagunen bizitza eta lan baldintzak pikutara doaz, pobrezia zabaltzen da nonahi gutxi batzuen aberastasuna biderkatzen delarik.

Ondorioz, mundua gero eta injustuagoa da, eta ezberdintasunak gero eta handiagoak. Joko arauak ere aldatzen ari dira eraso honen ondorioz, politika kapitalen menpe dagoelarik. Aldaketak esparru guzietara hedatzen dira hamaika erritmo, adierazpen eta zehaztapen ezberdin dituen aldakuntza jite honetan.

Munduan zehar, herritar eta herriek era ezberdinetan erreakzionatu dute: eragile berriak, matxinadak, protestak eta alternatibak Latinoamerikan eta beste hainbat lekutan. Neoliberalismoaren aldeko eta kontrako indarrak lehiatzen direlarik, estatua eta soberania berrirakurtzen ari dira: argi dago estaturik gabe ez dagoela eraso honen aurrean eta mundu mailako aldaketan bizirauterik, baina, halaber, gero eta nabarmenagoa da estatu ereduak errotik aldatu behar direla, zaharkituta eta ustelduta agertzen baitira. Haserrearen leherketak, mugimendu eta eragile berrien sorrera espainiar estatuan, Grezian eta beste hainbat lekutan, eta Eskozian eta Katalunian gertatzen ari dena testuinguru honetan kokatu behar dira.


Tamalez, bestelako erantzunak ere biderkatzen dira, populismo atzerakoiak, eskuin muturra, erlijioaren atzean ezkutatzen diren ideologia erreakzionarioak… Neoliberalismoak bere burua zuritu nahi du etsai zahar eta berriak baliatuz, zibilizazioaren eta demokraziaren defendatzaile gisa agertzeko, baina murrizketa eta errepresio garai hauetan, demokrazia liberala bera husten ari diren honetan, indar berria hartzen du demokraziaren inguruko eztabaidak. Izan ere, ugariak eta gero eta indartsuagoak dira neoliberalismoari aurre egin nahi diotenak.

Gauzak horrela eta Estatu espainola eta frantsesa krisi larrian daudelarik, argi dago ez direla euskal herritarrondako tresna onuragarriak. Subordinazioaren parametroetan subordinazioa bera luzatzea besterik ez dago, eta oso kaltegarria da gaur egun euskal herritar gehienendako erabakirik hartzeko ezintasuna. Geure lekua bilatu nahi dugu aldaketen mundu honetan, eta hori ezinezkoa izanen da menperatzen gaituztenen eskutik, direla estatu zapaltzaile, merkatu aseezin ala beren menpeko nazioarteko eragile.


Une garrantzitsua da nazioarteko esparruan eta gertuen dugun agertokietan eta ongi erantzun behar dio errealitate honi. Ongi pentsatu behar dugu nora joan nahi dugun, non kokatu nahi dugun Euskal Herria eraso neoliberalaren aurrean, demokraziaren inguruko lehian, eredu sozioekonomikoen eztabaidan eta, era berezian, estatu eta burujabetzaren inguruko eztabaidan. Inoiz baino argiago baitago bizi baldintza duinak, justizia, berdintasuna, askatasun demokratikoak, herriaren autoeraketa eta herri gisako askapena erabat lotuta daudela. Menpekotasunak kalte egiten digu, burujabetza berreskuratu behar dugu eta demokrazia eta justiziaren aldeko mundu mailako mugimendu anitzean parte hartu behar dugu.


Honen guziaren inguruan pentsatzeko beharra dago Euskal Herrian, geure bidea hartzeko, eta Sortuk gogoeta zorrotz eta zabalak bultzatu nahi ditu. Horregatik osatu genuen Iratzar Fundazioa, eta horregatik Iratzarrek Eskola Politikoa abiatu du.

Eskola Politikoaren bidez hausnarketa eta trebakuntza politiko kolektiboa bultzatu nahi dugu. Izugarrizko aldaketarako energiak daude Euskal Herrian, esperientzia luzea batetik eta berrikuntzarako gaitasuna bestetik, Euskal Herri hobea eraikitzeko baliatu behar ditugunak. Eskola Politikoak, Sorturen militantziaren trebakuntzaz gain, gure herriaren politizazioan eragin nahi du, hausnarketa kritikoa sustatuz.

Ikastaro, hitzaldi eta bestelako jarduerak garatuko ditu Eskola Politikoak, eta lehena 2015eko Neguko Unibertsitatea izanen da. Ekimen honek bi esparru izanen ditu, lehena, barne mailakoa, Sortuko kideei begira, hainbat hausnarketa eta trebakuntza tailerren bidez. Eta bigarrena, nagusia, era irekian, hainbat mahai-inguru eta hitzaldiren bidez.

Hausnarketa hiru esparruren arabera antolatu dugu. Lehena, Estatu espainolaren krisiaren inguruko hausnarketa kritikoa da, Galizia eta Kataluniako banako pentsalariekin batera eginen duguna. Gertatzen ari dena aztertzeaz gain estaturik gabeko herriok zer egin dezakegun hausnartu nahi dugu.

Bigarrena, ezkerra eta oro har, mugimendu askatzaileen inguruko hausnarketa izanen da, bi fokutan zentratuz, Europa eta Hego Amerika. Batzuek historiaren bukaera ospatu nahi izan zuten, ezkerra hilik zegoela esanaz, kapitalismoak alternatibarik ez zuela aldarrikatuz, baina ikusten ari gara zorionez ez dela hala izan. Badago alternatiba, munduko leku askotan entseatzen ari dira alternatibak eta Euskal Herriak saio erraldoi horretan parte hartu behar du.

Eta hirugarrena, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izateko bidearen gaineko hausnarketa izanen da, hau da, Euskal Bideaz. Eskozia eta Kataluniako bideak aintzat hartuz geure bidearen oinarri eta korapiloak ekarri nahi ditugu gogora. Euskal Herriak Europan indarra hartzen ari den estatu berrien sorkuntza prozesuan egon behar du, lehenbailehen kokatu ere, eta horretarako geure estrategia behar dugu.


Oinak lurrean, zerumugari so egin behar diogu. Ez da oraingoaren kudeaketa pasibo eta beldurtian murgiltzeko garaia, helburu ausartak mahai gainean jarri behar ditugu, ordea, pentsamendu kritikoa eta begirada estrategikoa bultzatuz. Urrutira begiratu behar da gertuen ditugun oztopoak gainditzeko, begien aurrean agertzen zaizkigun korapiloak askatzeko. Soilik helburu ausartak planteatuz aldatzen da mundua, finean.

Deialdia egin nahi dugu, batetik, Sortuko kideei, antolatuko ditugun tailerretan parte hartzeko eta, batez ere, herritar guziei jardunaldi publikoetara hurbiltzeko. Gure herriak izugarrizko indarra dauka, balia dezagun!

Buscar