Eta Kataluniak aurrera egingo ez balu?
Hipotesi bat da, jakina, baina badirudi horixe dela hemen eta Madrilen zenbaitek hobesten duten agertokia: Kataluniak atzera egitea, alegia, erreferenduma mugarri izango duen prozesua bertan behera geratzea.
Ez naiz ari independentzia ez lortzeaz, ezta Gobernu espainiarrak jar ditzakeen oztopoez, baizik eta kataluniar indarrek beraiek erdibide bat hobetsi eta abiada bizian doan independentziarako prozesua eteteaz. Desioak desio, orain dela gutxi arte gehienok ez genuen fede itsurik prozesu honen emaitzan. Zintzoak izateko, ezta kataluniar independentistetatik askok ere (ikusi GARAn “De tomar leche de soja a querer cambiarlo todo” artikulua). Orain, ordea, historikoki kataluniar autonomistek hobetsi duten hirugarren bidea agortua dagoela onartu du Mas presidenteak. Eta Raxoik arrazoia eman dio.
Badira, ordea, hori ikusi nahi ez duten alderdi eta mandatariak. Adibidez, EAJko buruzagien egungo estrategiaren baldintza horixe dela uste dut. PSErekin egin duen akordioaren funtsa eta PPko Gobernuarekin mantendu nahi duen harreman bilateralaren baldintza nagusia horixe bera baita: Katalunian erabakitzeko eskubidea ez gauzatzea. Izan ere, Kataluniak aurrera egiten badu, Madrilekin adostutako estatus berri eta mugatu baten proposamenaren balioa hutsaren hurrengoa litzateke hemen. Katalunian erabakitzeko eskubidea aurrera ateratzen baldin bada, nekez saldu ahal izango da Euskal Herrian –non faktore desberdinak direla medio gehiengo abertzale eta demokrata bat gero eta indartsuagoa izango den– erabakitzeko eskubide horren azpitik geratzen den edozein proposamen. Baita EAJren oinarri sozialarentzat ere.
Enpirismoari helduz, aukera bakarra ikusten dut Katalunian prozesua eteteko: orain arte CiUren esku egon den hegemonia kinkan jartzea (nik neuk erabat sinesten ez ditudan arren, inkestek ERCri ematen diote abantaila) eta botere-galera horren ondorioz CiUk atzera egitea. Nik dakidala, azken hamarkadotan sezesio prozesuak martxan jarri dituzten herrialdeetan ez da alderdi abertzaleen arteko hegemonia gatazkarik egon. Baltikoan, Balkanetan, Quebecen eta Eskozian ez da zalantzan egon zein den alderdi hegemonikoa. Lidergoa diskutigarriagoa da, adibidez, Montenegron, erreferenduma gauzatu arte betiko independentistek eta ezkertiarrek sozialki oso eraginkorra izan zen lobby-a osatu baitzuten.
Baina kasu horietan guztietan hegemonia elektoralak agerikoa eta aldaezina zirudien. Nire ustez hori da, besteak beste, euskal kasua konplikatzen duen auzietako bat. Ibarretxerekin ikusi zen eta Nafarroaren kasuan ere gai zentrala da. Nire ustez hemen eta orain jokoan dagoena zentralitate politikoa da, ez hegemonia. Eta zentralitatea bere diskurtsoan eta praktika politikoan herritartasuna hobekien txertatzen eta egituratzen asmatzen duen indarrak bereganatuko duela uste dut. Horretarako abertzale/ez-abertzale dikotomia motz geratzen da, baina hori jada beste eztabaida bat da.
Nolanahi ere, zail ikusten dut kataluniarrek atzera egitea, bai barne bai kanpo arrazoiengatik. Alde batetik, espainiar Estatua deskonposizio prozesu bete-betean dago eta nekez aurkeztu ahal izango du alternatibarik. Beste alde batetik, kataluniar gizartean sortu den dinamika ez da galgatzen erraza, eta saiakera horren arduradunak garesti ordainduko luke. Kataluniako fenomenoak alderdien sistema gainditu du, lidergoa soziala da eta alderdien aukera bakarra lidergo hori partekatzea da, ez horren aurka egitea. Onar dezagun, halere, Kataluniaz ari garela-eta, niretzat behintzat, etnia gisa kataluniarrak misterio bat direla, bai zentzu batean bai bestean.
Espainiar Estatuan, gaur egun, Katalunia da erreforma/haustura dikotomia zaharraren joko-zelaia. Asko dago han jokoan, ez soilik hangoentzat, baita guretzat ere. Etorkizunaren eta iraganaren arteko talka bat ematen ari da. Kataluniak kale egiten badu, trantsizioaren luzapenaren txanda etorriko da, eta hor ere aukera berriak edukiko genituzke. Halere, hobe dugu inboluzioa etetea eta etorkizuna eraikitzea. Gaur bertatik hasita, zuzen-zuzenean, gaur arratsaldetik eta Bilbotik hasita.