Martxel Toledo
Oiartzun

Etsipenik ez, guk geurea, gora Euskal Herria!

Suerte pixka batekin eta bati bat, Euskal Herriko selekzioari ez zaiolako onartzen txapelketan parte hartzea, bestela ikusi behar, Espainiako futbol selekzioak,  orain lau urte hasitako ibilbide oparoari jarraipena emanez, merezimendu osoz irabazi du  aurtengo futbol Eurokopa.  Eta jakina, la «roja-ren» garaipen horrek, betikoei, balio  izan die  ‘España, una y grande’ horren apologia egiteko eta bide batez, espainiartasun sentimendu hori lau haizetara  zabaltzeko, baita Euskal Herrian ere.

Beraz, eta jabetuko zareten bezala, ez dira egun egokienak «la rojak» ordezkatzen duen espainiar sentimendu horren inguruan zerbait esateko, besteak beste, futbol selekzioak Eurokopan lortutako garaipena historikoa ere bihurtu delako eta ondorioz, espainiarrek arro sentiarazteko motiboak ere badituztelako. Hala ere, uste dut,  etsipena alde batera utzita, euskaldunok, ostrukarena egitea baino, mediatikoki sortu duten espainiartasun tsunamiari aurre egitea badagoela eta gainera komeni zaigula, finean, gu euskal herritarrak izanik, geurea, Euskal Herriaren alde egitea delako.

Euskal Herrian emititzen den telebistako kate batean, erdaraz, ¿Nos gusta a los vascos La Roja? izenburuko eztabaida egon berria da eta bertan, hainbat kazetari eta aditu egon ziren bere iritziak ematen eta jakina, mota guztietako argudioak eta erantzunak egon ziren.  Baina esan nahi dudan bakarra, zera da, galdera berak tranpa zekarrela, alegia, galdera izan behar zuela,  ¿euskaldunei, zer gustatzen zaigu gehiago, La Roja edo Euskal Herrikoa? Hori izan behar zuen galdera eta ez telebista horretako arduradunek platora emandakoa. Baino jakina, ikusita Eurokopa osoan zer nolako jarrera izan duten ‘La Roja-rekiko’, ez da harritzekoa ere, finean, horrelako programekin helburu zehatzak bilatzen dituztelako eta kasu honetan, ez dut zalantzarik, Espainiaren garaipena eta ondorengo festa, Euskal Herrian ere normaltasunez bizi eta ospatu dela erakustea izan dela.

Jakina da euskal gizartearen gehiengo batek begionez ikusiko lukeela  Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna eta bederen, nazioarteko txapelketa ofizialetan ikusteko parada izatea. Gabonetako lagunartekoak edo orain gutxi Anoetako estadioan neskak futbolean jokatutako edota egun gutxi batzuk gizonezkoek saskibaloikoan jokatuko duten partiduak nahi horren isla baino ez dira. Baina zoritxarrez, salbuespen gutxi batzuk kenduta, euskal kirolari orori, ez zaie beste aukerarik gelditzen, aipatu lagunarteko partiduetara mugatzea edota, Espainiarekin edo Frantziarekin aritzea, bai ala bai.  

Jokatu berria den Eurokopa edota nazioarteko txapelketa ofizial batean Euskal Herriko selekzio gisa parte hartzeko, lehenik eta behin, kirol horretako nazioarteko erakundearen bazkidea izatea ezinbesteko baldintza da. Eurokoparen kasuan, UEFAko federazioko kidea izatea izango litzateke. Eta eskaera hori, dagokion federazioari egitea egokitzen zaie, futbolaren kasuan, euskal futbol federakuntzari. Eta bat batean, guztiori datorkigun galdera da, eta zergatik ez dute mota ezberdinetako Euskal Federazio horiek bide horren saiakera egiten? Zein da edo non dago oztopoa urrats hori egiteko?

Behin baino gehiagotan aipatu dut, euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko, lehenik eta behin, euskal instituzioetatik eta kirol federazio bertatik abiatuta, horretarako borondatea eta determinazioa egon behar duela. Eta ez naiz ni izango, buruzagi batzuen borondatea eta determinazioa, hutsaren hurrengoa dela esaten, besteak beste, begi bistakoa ere badelako.  

Euskal Herrian  aldaketa garaia bizitzen ari gara. Horrela, laster, EAEko  zein Nafarroa Garaiako Gobernurako, hauteskundeak egingo dira eta espero dezagun, benetako aldaketak egotea eta bi Gobernuetako buruzagien borondatea,  besteak beste, euskal gizartearen gehiengoaren nahia kontuan hartuta, euskal selekzioaren ofizialtasuna behar den lekuetan  babesa ematea izango dela.  

Baina hauteskunde politikoak ezik, kirol hauteskundeak ere egokitzen dira 2012 urtean. Zentzu horretan, lehenik lurralde bakoitzekoak izango dira eta ondoren EAEkoak eta Nafarroakoak. Eta kirol federaziotako hauteskundeak ere, oso garrantzitsuak dira, nazio ikuspegitik begiratuta,  Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna lortzeko.

Etsipena alde batera utzita, etorkizuna dugu jokoan eta horretarako, dagoeneko, aipatu frente horiek daude irekita. Eta zorionez, badugu borondatea eta determinazioa aurrera egiteko. Beraz gin dezagun apustu, merezi du eta.

Buscar