Juan Kruz Aldasoro Jauregi
Etxarri Aranazko alkate ohia

Etxarri Aranaztik Euskal Herrira

«Adostasunak eraikitzea, eztabaidarako gune anitzak sustatzea, prozeduraren zorroztasuna eta gardentasuna zainduz sinesgarritasunaren lehia irabaztea dira helburuak. Etxarri Aranatzen, galdeketa amaitzerakoan eginen den boz zenbaketaren ondotik herritar guztiak izanen gara garaile.»

Hiru urte luze bezain emankorretan egindako lanaren emaitza izango da apirilaren 13an Etxarri Ara- natzen ospatuko den Herri Galdeketa. Herritar xume batzuen kemen eta ahalegin nekaezinak eginen du posible hasiera batean ametsa zirudiena. Ausardia behar zen ekimenaren aitzin-urratsak aztertzerakoan antzeman zitezkeen zailtasunen gainetik erabakimen osoz aurrera egiteko.


Etxarri Aranatzen sorreraren 700. urteurrenak ospakizun berezi bat merezi zuela-eta hasi zen dena. Gainera, efemeride honek bat egiten zuen Gaztelak Nafarroa konkistatu izana salatzeko 500. urteurrenaren harira antolatzen ari ziren ekimen guztiekin. Urtebetetzeetan iragana malenkonia pixka batekin oroitzeaz gain etorkizunagatik opa egin ohi da. Herri gisa dugun iraganak, ordea, malenkonia bezainbeste oraindik itxi gabe segitzen duten gatazka eta zaurien mina ekarriko zizkiguten gogora. Zer esan etorkizunari luzatu beharreko begiradaz, nor bere proiektua garatzeko lehian sarritan ukondoka aritzearen poderioz guztiok muturrak ubeldurekin belztuta ditugunean. Gai izango ote ginen herri gisa gutxieneko adostasun baterako orube bat marrazteko? Gaur da eguna zeinean herri ekimenaren lan onak lau oinetan laburbiltzen den herrigintzarako diskurtso sendoa harilkatzea lortu duen: etorkizuna eraikitzeko dugun eredua da auzolana; auzolanari ekiteko estutu behar ditugu gure arteko harremanak; harremanak elikatzeko zaindu eta erabili behar dugu gure mintzaira den euskara; eta, gurpila biraka aritzea ahalbidetzen duen ardatzaren funtzioarekin, ideien arteko lehiatik aurrera urratsak egiteko ikasi behar dugu gauzatzen erabakitzeko eskubidea.  


Etxarriko Herri Galdeketaren oihartzunak gure udalerriak duen azalera baino irismen zabalagoa izanen du, apika. Espainian ugaldu diren XXI. mendeko Torquemada berrientzat Herriei galdetzea aipatu ere ezin den deabrua izaki; kontsulta gauzatzeko atrebentzia bera Euskal Herri mailan ospatuko den garaipentxoa izango da; etorkizunean egin nahi ditugun ariketetarako aurrekaria den neurrian. Izugarrizko ilusioarekin jasotzen ari gara herriz herri gorputza hartzen ari den Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu anitzaren zabalkundearen inguruko berriak. Etxarriarrok ere gogo bizia dugu guretzat hain garrantzitsua izango den galdeketaren eguna euskal herritar guztiekin partekatzeko. Etxarritik Euskal Herri osoari so eginez, iruzkin batzuk egitera ausartuko gara.


Bat. Etxarri Aranatz XIV. mendearen hasieran euskaldunen estatua zen Nafarroako Erresumaren eta Gaztelaren arteko muga-mugan zegoen. Ongi dakigu jakin bi estatuen arteko mugak bereizita bizi behar izateak lurralde ezberdinetako euskal herritarren arteko harremanendako dituen ondorio tamalgarrien berri. «Mugaz gaindi» aritzen ziren «gaizkile gipuzkoar gaztelartuen» erasoetatik babesteko bildu behar izan zuten Aranazko lurretan barreiatuak zeuden herrixketako biztanleek Etxarri Aranatz deituko zen lekuan. Ez gaitzala beraz XXI. mendean estatu muga berri batek gure anaiak diren ataundarrengandik bereizi.


Bi. Estatu libre baten mugak defendatzeko ardurak zainetan sartu zigun odolagatik edo, oso harro aldarrikatzen dugu etxarria- rrok gure nafartasuna. Nafarroa burujabe baten alde egin dugu historiaren pasarte guztietan, eta gaur egun ere Nafarroa burujabe bat nahi dugu gainontzeko euskal lurraldeekin zein bi estatuekin izan nahi dituen harremanak erabakitzeko. Alferrik ari dira nafar batzuk beste nafar batzuen aurka jarri nahian gezurrak ereiten dabiltzan horiek. Ederki ezagutzen dugu Nafarroaren aniztasuna. Nafarroa arragoa zioen poetak; hizkuntza, jatorri, erlijio, genero... nortasun anitzen topaleku. Horixe gure aberastasuna. Guztiok elkarrekin bizi nahi dugu. Guztion izaerak aitortuz. Elkarrekin erabakiak hartuz. Utikan, beraz, anexioa edota Nafarroaren izaera berezitua ezabatzea nahi dugulako mantra zabaltzen diharduten tranpatiak.


Eta hiru. Nafarroan, beraien burua «demokratatzat» dutenek ez zuten nahi izan Foru Hobekuntza kontsultara eramatea; eta 32 urte geroago Etxarriko Udalari debekatu diote Euskal Herriaren independentziari buruz bere herritarrei galdetzea. Oskorrik ezaguna egin zuen abestiaren hitzekin jolas eginez; herri galdeketa bat gauzatzerik ez badago bota dezagun demokrazia zerri askara!! Hau da A13 herri ekimenak Etxarriko galdeketa antolatzeko ardura hartu izanaren sakoneko arrazoia. Oztopo guztien gainetik demokrazia ariketa praktikoa egin nahi duen ekimen herritar honek erronka bat jarri nahi izan dio bere buruari. Herri Galdeketa Herria egiteko tresna eraginkorra dela erakutsi nahi du. Antolaketa ireki eta parte-hartzaile baten bitartez, Herri Galdeketa ez dela erabili behar gehiengoak gutxiengoa zapaltzeko arma jaurtigarri bezala azpimarratu du hasieratik.

Adostasunak eraikitzea, eztabaidarako gune anitzak sustatzea, prozeduraren zorroztasuna eta gardentasuna zainduz sinesgarritasunaren lehia irabaztea dira helburuak. Etxarri Aranatzen, galdeketa amaitzerakoan eginen den boz zenbaketaren ondotik herritar guztiak izanen gara garaile.

Buscar