Etxetik bueltan
Polonian birusari aurre egiteko lehenengo neurriak hartu zirenean kezkatzen hasi ginen. Momentura arte gripe antzeko bat hedatzen hasi zela entzun genuen baina ez genuen espero gure Erasmusean eraginik izaterik. Baina egoera gero eta larriagoa egiten zen heinean, gure kezkak handiago egiten ziren.
Hamar hilabetez nire etxea izango zen hirira heldu nintzen irailean; Krakoviara. Oso urduri baina oso pozik nengoen nire Erasmusa hasteagatik. Maleta astuna eta gogoak hartuta erresidentziara abiatu nintzen. Lehenengo egunetan arraro egin zitzaidan bakarrik bizitzea, gurasorik gabe, familia inguruan izan gabe. Klaseko lehenengo eguneko urduritasuna gogoratu dezaket, «zenbat pertsona izango dira ikasle atzerritarrak?» pentsatzea, «lagunen bat egingo dut gaur?» nire buruari galdetzea.
Egunak pasatu ahala jende berria ezagutu nuen, gainera beste herrialdetako jendearekin bizi nintzen. Nire lagunak euskaldunak ziren, oso arin ondo konpondu ginen gure artean. Afariak prestatzen genituen nire lagunen pisuan; herrialde ezberdinetako janaria prestatzen genuen egunaren arabera eta elkarrekin kozinatzen genuen. Sentsazioa oso ona zen. Krakoviako leku ezkutuak deskubritu genituen eta gero eta jende gehiago ezagutzen hasi ginen. Gainera hiriko gaueko giroa ezagutu genuen. Oso ondo pasatzen genuen. Klaseko kideak oso atseginak ziren eta nahiz eta klase batzuk aspergarriak izan, azkenean entretenigarriak egiten ziren. Egun bakoitza ezberdina zen eta zaila zen errutina bat hartzea. Uste dut hori zela esperientzia hain zoragarria eta hain berezia egiten zuena.
Lehenengo seihilekoa gainditzea lortu genuen eta orain beste sei hilabete genituen gure aurretik berriz hiriaz gozatzeko. Mila bidaiaz eta gure etxe berrian ezagutzen ez genituen lekuez hitz egin genuen. Jordaniara joateko gai izan ginen eta bidaia ikaragarria izan zen. Bueltatu eta pare bat aste beranduago, berriz klaseak hasita genituen eta gure ez-errutinara bueltatu ginen. Gainera, lagunak eta familia bisitan etortzekoak ziren hurrengo hilabeteetan. Baina nork esango zigun, mundu osoan zabalduko zen coronavirus gaitzak harrapatuko gintuenik.
Polonian birusari aurre egiteko lehenengo neurriak hartu zirenean kezkatzen hasi ginen. Momentura arte gripe antzeko bat hedatzen hasi zela entzun genuen baina ez genuen espero gure Erasmusean eraginik izaterik. Baina egoera gero eta larriagoa egiten zen heinean, gure kezkak handiago egiten ziren. Gainera berriak heltzen zitzaizkigun penintsulatik, gure etxetik. Familiarekin hitz egiten genuen egoeraren inguruan, ofizialki koarentenan zeudela kontatzen ziguten, hasieran arraroa egiten zela etxetik ez ateratzea.
Astebete pasa eta gero, nire lagunetako batzuk Euskadira bueltatzen hasi ziren eta horrek zalantzan jarri ninduen. «Ondo egongo naiz Polonian krisiak irauten zuen bitartean? pentsatzen nuen, ondo egongo da familia?» galdetzen nion nire buruari. Nekez hartu genuen erabakia, gauza asko hartu behar genituen kontuan: ea enbaxadak hegaldiak antolatuko zituen, arriskutsua izango zen bidaiatzea, zer egin erresidentziako gauzekin… Baina zailena Krakovia eta lagunei agur esan behako niela onartzea zen. Azkenean lagun batek eta nik alde egitea erabaki genuen eta bus, hegaldi, tren eta taxi bat hartu eta gero etxera bueltatzea lortu genuen. Oso sentsazio arrotza izan nuen heltzean; nire etxera itzuli berri nintzen, etxetik.
Azken egunotan ere ez da errutinarik egon baina bizimodua Krakoviakoaren ezberdina da guztiz. Klaseak online jarraitu behar ditut hemendik aurrera. Orain portatilaren kamera aurrean jartzea da klasera joatea. Puzzle bat egiten hasi naiz nire ahizparekin eta noizean behin egongelan sartzen den eguzkitan margotzea gustatzen zait. Poloniako lagunez asko gogoratzen naiz, eta ezin dut saihestu oroimina sentitzea haiekin izandako momentuetan pentsatzean edo biziko genituen esperientziak bihozmin pixka batekin irudikatzea. Normalean erabiltzen ez nuen gela batean irakurtzea gustatzen zait orain, leku berri bat deskubritu izan banu bezala da. Herrialde ezberdinetako janaria prestatzen jarraitzen dut, baina bakarrik egitea ez da berdina. Katuekin jolasten dut batzuetan. Lagunekin, bai hemengo eta bai Krakoviakoekin, garagardo bat hartzeko geratzen gara gauean mugikorreko pantaila aurrean.
Arratsaldeko zortzitan kale hutsak txaloz betetzen dira. Esan beharra daukat ikusi nuen lehenengo aldian pixka bat hunkitu ninduela, amak auzokideak erakusten eta normalean balkoira nor ateratzen zen azaltzen zidan bitartean. Txaloak entzuten ditudan bakoitzean neure buruari esaten diot, jendeak krisi hontan laguntzen ari den guztiak kontuan hartuta egiten duela txalo.
Duela egun batzuk konfinamendua beste bi aste gehiagoz luzatuko dela erabaki dute. Etxean geratuko gara birusa geldiarazteko. Arduratsu izango gara hartu behar diren neurriekin, ez guregatik, besteengatik baizik. Ez-errutina honetara ohitu beharko naiz. Egun bakoitza ezberdina izango da. Gaur atzokoa baino gogorragoa, baina biharkoa gaurkoa baino politagoa. Azken finean, etxetik etorrita, etxean nago.