Mikel Ikatzategi
Zero Zabor ingurumen babeserako elkartea

Europa eta hondakinen kudeaketa

Europak, azken urteotan, garrantzi handiko neurriak iragarri ditu hondakinen kudeaketaren hobekuntzan. Zoritxarrez, Euskal Herriko prentsaren gehiengoarentzat atez ateko bilketa zerbitzua daukan Gipuzkoako herri batean klinex bat lurrean agertzeak arreta handiagoa merezi du, hurrengo hamarkadetako hondakinen kudeaketa baldintzatuko duten Europa mailako neurriek baino. Artikulu honen bidez, itzal horren gainean argi pixka bat egiten ahaleginduko gara, labur bada ere, Europan hartzen ari diren erabaki horien kokapena eta Euskal Herrian izango duten eragina azalduz.

Uztailaren 9an egindako osoko bilkuran, Europako Parlamentuak Zero Zabor bidean eskaera garrantzitsuak egiten dituen txosten bat onartu zuen. Eskaera hori Europako Batzordeari zuzenduta dago. Izan ere, Europako Batzordeak urte amaierarako baliabideetan efizientea izango den Europa baterantz joateko neurri sorta bat aurkeztu behar baitu. Parlamentuaren ebazpenak ez dauka izaera loteslerik, baina batzordeak prestatuko duen neurri sorta ondoren parlamentuak berak onartu behar duela aintzat hartzen badugu, batzordeak oso kontuan hartzekoa da.

Parlamentuaren txosten hau ez da ezerezetik eta besterik gabe sortu den zerbait, duela urte gutxi batzuetatik hona, Europako erakunde nagusiek, Europaren etorkizuneko ekonomiak eta ingurumenak bizi duten arrisku errealaz ohartuta, halabeharrez egindako norabide zuzenketa baten ondorioa baizik. Norabide aldaketa Europako Batzordeak 2011n “Baliabideetan efizientea izango den Europa baterantz 2011-2050” izeneko bide orriarekin hasi zen. Horren ildotik etorri dira beste hainbat mozio eta txosten, artikulu honen abiapuntua dena barne.

Luze joko luke parlamentuak batzordeari egin dizkion eskaera guztiak zerrendatzea. Mota eta arlo guztietakoak daude: tresna fiskalak, normatiboak, neurketarako eta konparaketarako bitartekoak, prebentzio eta birziklapen helburuak… Hemen gutxi batzuk nabarmenduko ditugu, baina guztiak ezagutzeko interesa daukanak Interneten topa ditzake, besteak beste, gure blogean, www.zerozabor.orgen.

Nabarmenduko genituzkeen neurrietako batzuk: 2020. urterako hondakin organikoaren derrigorrezko gaikako bilketa eta material birziklagarriak errausteko debekua, 2030. urterako hondakinen %70 eta ontzien %80 birziklatzeko helburua, errefusaren gainean sortzez besteko ordainketaren ezarpena… Dudarik ez dago, neurri hauek eragin nabarmena izango dutela etorkizuneko hondakinen sorreran eta izaeran eta, beraz, hondakin horiek kudeatzeko beharko diren azpiegituren ezaugarrietan. Neurri horien ondorioz, hurrengo hamarkadetan gero eta zabor edo errefus gutxiago sortuko da. Gutxitze hori, gainera, graduala izango da, ez bat-batekoa, eta beraz, kopuru aldakor horretara moldatuko diren azpiegiturak eraiki beharko dira; hau da, gaur zabor nahasia tratatuko dutenak, eta, bihar, gaika bildutako materialak birziklatzeko balioko dutenak. Ezaugarri honetako azpiegiturei malguak deritze, hondakin kopuru eta mota finko bati lotuta ez daudelako.

Aldiz, azpiegitura zurrunek, bere amortizazio bizitzan zehar zabor kopuru finkoak behar dituzte. Errauste plantak dira horren adibiderik onena. Azpiegitura garestiak dira eta 20-30 urte bitarteko amortizazio epea daukate. Errauste plantek ez dute balio hondakinen kudeaketa egokiago baterantz joango den agertoki baterako.

Euskal Herrira etorrita, horretan ari den lurralde bakarra ez bada ere, Gipuzkoa da azpiegituren eztabaida bizien dagoen lurraldea eta bidea ireki dezakeena. Aurreko foru gobernuak eraiki nahi zuen azpiegitura malguaren eta osatu berri den gobernuak eraiki nahi duen errauste planta zurrunaren arteko eztabaida bizi-bizi dago. Horren inguruan, gobernu berriari lasaitasunez eta arduraz jokatzeko eskatzen diogu; izan ere, erabakia, errauste planta eraikitzea, azterketa egin aurretik hartu eta iragarri du; hau da, hurrengo urteetarako hondakin sorreraren prognosia edo aurrikuspena egin aurretik. Azken hori behar bezala egiteko, ezinbestekoa izango da Europako Batzordeak prestatu eta Parlamentuak onartuko dituen behin betiko helburuak zein izango diren jakin arte itxarotea. Bilketari dagokionez, txapela kentzeko modukoa izan da Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herritan azken urteotan egin den hobekuntza. 60 udalerritik gora dira jadanik Europak hurrengo hamarkadetarako ezarri nahi dituen helburuak betetzen dituztenak.
 
Europatik datorren haize bolada freskoa aukera bikaina izan daiteke, bilketari dagokionez, guztiok, polemikak eta liskarrak utzi eta interes orokorarren alde eginez malgu jokatzeko. Zehaztu dezagun arazoa, gaikako bilketa maila eskasak ingurumenean eta osasunean daukan eragin kaltegarria, finka dezagun helburua, gutxieneko gaikako bilketa maila, eta, jar ditzagun martxan bilketa sistema eraginkorrak identifikatu eta horien artean hautatzeko parte hartze prozesuak. Badira lehendik eredutzat har ditzakegun prozesuak, alde guztiek adostuta, Mutrikun eta Deban egindakoak, kasurako. Horiek oso baliagarriak izan daitezke oraindik bilketa maila eskasa daukaten udalerrietarako, baita bilketa eraginkorra izan arren sistema aldaketa eskaera dagoen udalerrietarako ere.

Bada garaia zaborraren arazoa Gipuzkoara mugatzen den zerbait ez dela ohartzeko. Bada garaia hondakinen kudeaketa alderdikerietarako tresna izateari uzteko. Bada garaia Euskal Herriko herri eta eskualde eredugarri horien lorratzari heldu eta Europak ezarriko duen bide horretan sakontzeko.

Buscar