Josu Juaristi
Gaur8

Europar Batasuna kezkatuta dago? Bai zera!

"The Guardian” eta “The Washington Post” egunkariek ateratako informazioen ondoren, Europako Parlamentua, Europako Batzordea eta hainbat gobernu asaldatuta agertu dira, Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuek europarron komunikazioak nahi bezala espiatzen dituztela «jakin» dutelako. Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) lau urtez lan egin duen Edward Snowden izeneko gazteak “The Guardian”-eko Glenn Greenwald eta Ewen MacAskill kazetariei esan zienez, PRISM izeneko programari esker ia edozer ia edonondik har dezake agentzia honek, Amerikan, Europan, edonon… sare sozialetatik, korreo elektronikoetatik, telefonoetatik, edonondik… Eskandaluak honako konpainia hauek zipriztindu ditu: Microsoft, Yahoo, Facebook, Apple, AOL, Skype eta You Tube.

Ez dela «horrenbesterako» esan du, bere aldetik, Googlek, AEBetako Gobernuak ez dizkiela datu gehiegi eskatzen… «Zure mezu elektronikoak edo emaztearen telefonoa ikusi nahi baditut, intertzeptoreak erabili eta korreoak, gakoak, kreditu txartelak… dena eskura dezaket», esan du Snowdenek.

Informazio hauen ondoren, eta osoko bilkuran oso jende gutxi bazegoen ere, Europako Parlamentuan eztabaida sutsua izan zen asteazkenean, eta Viviane Reding europar komisarioak ere hitz egin zuen, Batzordea «kezkatuta» dagoela esateko. Diputatuentzat ezustea izan omen da espioitza horrela egiten dela eta horrenbestekoa dela jakitea. Baliteke batzuen kasuan horrela izatea, ezer ez jakitea alegia, baina bere lana serio hartzen duenak lehenengo egunetik bertatik jakin beharko luke aspaldiko kontua dela. Ameriketako Estatu Batuetako agentziek, kasu askotan Europar Batasuneko gobernuen oniritziarekin (edota parte hartzearekin), nahi bezala espiatzen gaituzte. PRISM izena edo akronimoa ezagutu dugu orain, lehen ECHELON izan zen bezala, eta izango dituzte ezagutzen ez ditugun beste batzuk, seguru.

Parlamentuko edo Batzordeko «ai ene» guztiek ez dute sinesgarritasunik, aspalditik martxan dagoen espioitza sarea delako. Galdera, ECHELON beraren garaian zein gaur, berdina da: zeintzuk dira Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Agentzia Nazionalarekin kolaboratzen duten gobernu europarrak? Britainia Handia, Alemania, Estatu espainola…? Eta, jakina, beste hau ere ezinbesteko galdera da: estatubatuarrez gain, nork gehiago espiatzen gaitu?

Gure datuak

Auzi honetan Europar Batasuna biktima bezala aurkeztu nahi izan dutenek tranpa egin nahi digute. Viviane Redingek, esate baterako, azalpenak eskatuko dizkio Washingtoni, baina, berez, Europar Batasuneko estatu kide guztiei eskatu beharko lizkieke, banan-banan. Espioitza sarean zenbaterainoko parte hartzea duten jakiteko, alde batetik, eta europarron datu pribatuak pribatuak izan daitezen bermatzeko zer egingo duten galdetzeko, bestetik. Azken kontu horretaz Europar Batasunean akordiorik ez egotea ez da kasualitatea. Europar guztiok omen ditugun oinarrizko eskubideen zerrendan horrela baldin badator ere, gure datuak ez dira pribatuak, eta gobernuek ez dute 1995eko arautegia gaurkotu nahi. Eta imajinatu zenbat aldatu diren komunikazioak orduz geroztik!

Europan espioitza lanetan dabiltzanak estatubatuarrak bakarrik direla saldu nahi digute, baina ez da horrela. Statewatch eta beste hainbat talde aspalditik ari dira hori salatzen, baina europar diputatuak eta komisarioak susmoak Atlantikoaren bestaldetik etortzen direnean bakarrik asaldatzen dira. Kontu honetan hipokresia handia dago Europar Batasunean. Horrela ez balitz, gure datuak (benetan) pribatuak izango lirateke aspalditik eta gure eskubideak bermatuta izango genituzke. Europako gobernu askok, Washingtonekin kolaboratzeaz gain, «etekin propioa» bilatzen dute; alegia, Europako zerbitzu sekretuek ere espiatzen gaituztela europarrok. Horretaz egin zuten galde asteartean ezkerreko hainbat europar diputatuk… baina galdera airean galdu zen Estrasburgon.

Buscar