Jon Urruxulegi
Idazlea

Euskal Batzar Nazionala

«Estatua lortzeko gaitasuna izango duen indar berri bat sortu behar du independentismoak, ez existitzen denaren batura huts bat. Abertzaleen batasunetik (%55) hobeto bizi nahi dutenen mugimendura (%85) pasatu behar du independentismoak», idatzi zuen Unai Apaolazak 'Berria'n, aurtengo urriaren 22an.

Tamalez Unai Apaolazak berak ez du geroztik proposatu, eskematiko bada ere, independentismoaren indar berri horren egitura posible bat. Eta hauxe izango da, bada, nire eskasean, gaur proposatuko dudan “indar berriaren” estruktura posible baten diseinu txit eskematikoa.

Aski dugu Euskal Herriaren erradiografia orokor eta xume-xume bat egitea, erantzuteko konpromisozkoak diren hainbat galdera bertan adierazteko. Nolako politika ari gara garatzen euskaldunok? Zertan ari gara? Zertan lehiatzen dira gure alderdi politiko eta sindikatuak, bereziki abertzaleak? Nolatan dago herri xehea panorama sozio-politiko-kultural tragiko honen aurrean erreakzionatu gabe?

Militarki, polizialki, eta administratiboki erabat konkistatuta gaude, kulturalki alienatuak gauzkate, gure erreferentzia bital ia guztiak espainolak eta frantsesak dira eta sakonki barneratuak dauzkagu. Guztiz desjabetuak aurkitzen gara. Zeren zain gaude independentziara eramango gaituen bide-orri serio eta fidagarri bati heltzeko? Ez al gara fikzio nazional kezkagarri bat bizitzen ari, gure egunerokoan inkontzienteki ukatzen duguna? Argi dago Espainiak euskal nazionalismoa ez duela arbuiatzen nazionalista delako, bere nazionalismoaren ezberdina delako baizik. Beraz, bere nazionalismo baztertzaile eta inbasorearen aurrean, 1978an inposatu zitzaigun zorigaiztoko  pseudodemokraziaren aurka euskal independentziaren aldeko arkitektura sendo bat eraki behar dugu, transbertsala eta apartidista, lidergoa herriak harturik. Ez dezagun areago itxaron eginkizun honen zuzendaritza alderdi politikoen esku utzirik.

Alderdi politikoak hurrengo bi helburuak lortzen tematzen dira nagusiki: alde batetik euren arteko lehia gogorrean gizarteko ahalik eta sektore eta instituzio gehien monopolizatu eta kudeatzen eta, bestetik, hurrengo hauteskundeak irabazteko prestatzen, euskal herriaren kausarako beti baitira hurrengoak oso erabakigarriak. Berebiziko energiak kontsumitzen dituzte liskar amankomun ideologikoetan, polemika antzuetan, elkarrekiko deskalifikazioetan, subiranotasun aldarrikapenen alde sinergiak biltzen saiatu beharrean. Gainera, helburu hau erdiesteko borroka-bide minimoak ezin bateratzearen errua beti beste alderdi(ar)ena da.

Beraz eta kontuan izanik gaurko gure alderdi politikoen, sindikatuen, Eusko Jaurlaritzaren eta beste hainbat gizarte eragileren gaitasuna edo elkar ulertzea ez dela batere egokia euskal herria organizatu eta borroka independentista demokratiko batean kokatzeko, nik euskal estrategia independentista baterako gidoi super-eskematiko bat proposatuko dut.

Argi dago Espainiak euskal nazionalismoa ez duela arbuiatzen nazionalista delako, bere nazionalismoaren ezberdina delako baizik. Beraz, bere nazionalismo baztertzaile eta inbasorearen aurrean, 1978an inposatu zitzaigun zorigaiztoko  pseudodemokraziaren aurka independentziaren aldeko arkitektura sendo bat eraki behar dugu, lidergoa herriak harturik.

Honela bada, kontuan izanik Euskal Herriaren etorkizunaren guztizko garapena bermatu dezakeen sistema politiko bakarra euskal Errepublika independentea lortzea dela, pentsatzen dut ezinbestekoa dela gaur eta hemen egitura edo organizazio politiko transbertsal eta apartidista berri bat sortzea, zeinari dei diezaiokegun Euskal Batzar Nazionala. EBN-k solemneki deklaratuko du borroka ideologikoa bere aspektu guztietan sustatzeari  uko egitea, aspektu hauek kulturalak, erlijiosoak, klasekoak nahiz edozein motatakoak izan, salbu Euskal Herriaren independentziaren alde borrokatzeari buruzko ideologia.

EBN-ren aktuazio eremuak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa hartuko ditu bere baitan, oso kontuan jasoz hiru lurralde administratiboetako bakoitzaren kontzientzia eta borroka-erritmoa. Bai EBN-ren egituran hala funtzionamenduan barne demokraziaren kriterioek aginduko dute eta halaber bermatuko du emakume eta gizon guztien partizipazioan baldintza eta aukera berdintasuna.

EBN-ren finantziazioa bere bazkideen, kolaboratzaileen, sinpatizanteen eta bazkide babesleen kuota eta aportazioek osatuko dute, honela bere aktuazioan erabateko independentzia, transbertsalitatea eta apartidismoa mantendu ahal ditzan.  

Bere ordezkaritza eta gobernurako organoen artean, Komite Exekutibo Nazionala sortuko da ad hoc eratutako batzorde batek aurrez aukeraturiko 20 partaidez osatua, zeinak markatuko baitu EBN-ren estrategia politikoaren bide-orri eta orientazioa, ondoren Kongresu Nazionalak zehaztu eta onartzeko. KEN-ek EBN-ren ibilbide independentista zehaztuko du estrategia unitario nazionala markatuko duten ekarpen teoriko eta taktikoen bidez. Honela, komitekideek estatu mentalitatez antolatutako zerebroaz aktuatuko dute elkar lanean. Independentziarako borroka demokratikoa sustatu eta koordinatuko du, herriaren lidergoa interpretatu eta sustatuz. Halaber baliatuko ditu alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen aholkuak. EBN-k helburu nagusitzat herri osoaren independentzia izango duenez, nagusiki abertzaleen errepublika (askorentzat etnikoa) aldarrikatu ordez, guztiontzat onura hobeak, bizi-maila hobetzea ziur lekarkeen errepublika erreibindikatuko du. Honela Espainiarekiko gure deskonexioa hiritar ororen xede eta helmuga bilakatuko litzateke.

Komitekideari ez zaio inolako baldintza ideologiko, erlijioso, filiazio politiko, jatorri sozial, kategoria intelektual edota etorki geografiko jakinik exijituko ez eta ezagutza linguistiko berezirik ere, ezpada KEN-en bileretan ongi moldatzeko behar hainbateko euskararen maila. KEN-eko hizkuntza ofiziala euskara izango da. Hala ere, komitekideren bat ez bada gai euskaraz baliatzeko, beste hizkuntza bat erabili ahalko du beti ere estatutuetan adierazita legokeen arabera. Aldibereko itzulpenez baliatuz adibidez.

KEN-ek bultzatuko du Independentziarako Udalen Elkargoa sortzea eta baita independentziaren aldeko beste hainbat elkargo kultural, sozial eta kideko ere.

Komitekideen profilak. A) Juristen ekipoa, EBNren legalitatea aztertu eta biharko Euskal Errepublikaren konstituzioa ere erredaktatuko duena. B) Ekonomialarien batzordea. C) Kirolari ospetsuak. D) Enpresari eta industrialak. E) Irakaskuntza mundukoak. F) Eliz(ar)en ordezkariak. G) Politikoak nor bere kabuz. H) Hedabideen mundukoak. I) Atzerritar pertsonaje ospetsuak. J) Immigrazio mundukoak. K) Osasun mundukoak. L) Besterik.

Amaitzeko esan hemen idatzia proiektu askoz zabalago baten laburpen oso-oso eskematikoa besterik ez dela, espazioak hala behartuta erredaktatua. Badakit hainbat galdera iradoki ditzakeela, hemen erantzunik izan ezin dezaketenak.

Buscar