Larraitz Ugarte
Abokatua

Euskal diplomazia

Europan asko dira euren independentziaren alde borrokan eta lanean diren herrialdeak. Eta horietako batzuek lorpen handiak dituzte. Badira Espainiako diplomaziarekiko konplikatzeko prest dauden herri eta agintariak. Aliatu interesgarriak dira

Sanfermin hasi berri hauetan burua iraganera doakit, eta Belfastera lehen aldiz iritsi berri naizela gogoratzen dut. Inpresio handia eragin zidan hiriak, euskaldunon garai bateko Meka partikularra, erreferentzia politiko garrantzitsu izan zen neurrian. Taxi beltz bat hartu eta IRAko boluntario ohi bat izan behar zuen batek nongoa nintzen galdetzean, harro, petxua puztuta, «Basque» erantzuten diot, eta berak «Oh, yeah, Salou!» erantzuten ez dit ba? Fuck off!

Turismo politikoaren garrantziaz ohartzen naiz orduan, Euskal Herriaren izana zabaltzeaz, bere prestigioa hainbatetan enbaxadoreen araberakoa izaten bada ere, horrek dituen arrisku guztiekin, guztioi gogora etor dakizkigukeen adibideez oroitu bestela. Izan ere, badut pertzepzioa, eta pertzepzioekin beti gertatu ohi den lez okerra izan daiteke, destinu politikoetara joan garenean batik bat, askotan harroegi jardun dugula, besteekiko enorantzia xalo batekin eta ikasteko baino erakusteko gogotsu; txikitasunak eragiten du halakorik sarri.

Baina oro har esan daiteke turismo politikoak bete duela bere funtzio xumea: herriak adiskidetu (ikusi besterik ez dago Irlandan zenbatek uste duen Antzuola dela Euskal Herriko hiriburua!), sarri gutxiesten den norbanakoen hartu-eman pertsonalak indartu, besteengandik ikasi eta gure esperientzia partekatzeko baliagarria izan da. Sinpatiak batu edota etsaitasunak eta beldurrak uxatzeko balio izan du enbaxadore inprobisatu jarrerak, berdin Korsikan zein Benidormen, eta ez da gutxi.

Gutako asko gure oporrei kutsu politikoa ematen saiatu garen urteetan, batzuek nazioartera begira egin beharreko lanari eman beharreko garrantzia eman eta askoz ibilbide profesionalagoa izan dute, maiz uste baino fruitu oparoagoak emanez. Nola uler daiteke bestela ETAren armagabetzearen eta amaieraren prozesua lehen mailako nazioarteko pertsonaia horien babesik gabe? Edota beste estatu batzuetako parlamentu eta izen ospetsuek hemengo bake prozesuari emandako babesa? Sare diplomatiko propio bat eraiki gabe ezinezkoa izango litzateke lortu den guztia lortzea eta lortutakoa handia izan da, gaurdaino konturatzen ez garen modu batean izan ere.

Agian, baina, nazioarteko harremantze lan honen garrantzia eta dimentsioa Kataluniako «proces»-aren bidez etorri da modu nabarmenago batean. Proces-a estatu baten barne mailako arazo izatetik Europako dimentsioa hartu duen gatazka bat izatera pasatzea lortu da eta horrek Europako estatuak, alderdi politiko, gobernu, epaile eta poliziak mugiarazi eta posizionatzera behartu ditu.

Pronostiko guztien aurka gainera. Izan ere, harriduraz jaso dugu Belgikak, Alemaniak, Suitzak edota Eskoziak zer jarrera izan duten pertsekuzio politikoaren eremuan. Agian galdutzat eman zitezkeen gudak sorpresaz beteriko aukera bilakatu direla ikusi ahal izan dugu. Urriaren 1ean espainiar Gobernuak erakutsi zuen trakeskeriak asko lagundu du inondik inora Europaren aurrean zer-nolako estatuaz hitz egiten ari garen ikusarazteko eta Kataluniako mugimendu independentistak atera du hortik abantailarik.

Euskaldunok ere atera genezake abantailarik estatu antidemokratiko beraren aurrean gaudela jakinda. Danimarkar batentzat, adibidez, bere estatuak Faroe irlekin konpontzeke daukan arazo territorialarekiko jarrera ikusita, zaila da Espainiak berea nola kudeatzen duen ulertzea. Espainia Europako herritarren aurrean asko desprestigiatu dela iruditzen zait azkenaldian entzun ditudan komentario batzuen harira. Bere produktuekiko boikotaren eragina adibidez, ez da behar bezala erakutsi, baina esango nuke, norbaitek kuantifikatu duela zonalde batzuetan bereziki espainiar esportazio produktuen arrakastaren jaitsiera, salmentena alegia. Badago kontrakotasun korronte transbertsal bat Europan diplomazia lan mardul eta zabal batekin egungo gobernu aldaketak desaktibatu beharko ez lukeena eta selekzioak Mundialean egindako papeloiak areagotu dezakeena. Aukeren leihoak aprobetxatzen jakitea omen da garaipen politikoen berme nagusia. Urriaren 1a leiho bat izan da eta ez litzaioke PPri binkulatu behar, espainiar Estatuari baizik.

Bestetik, Kataluniako aferak eman digu beste irakaspen bat. Europan asko dira euren independentziaren alde borrokan eta lanean diren herrialdeak. Eta horietako batzuek lorpen handiak dituzte bizkarrean. Badira Espainiako diplomaziarekiko konplikatzeko prest dauden herri eta agintariak. Aliatu interesgarriak dira gure askatasun prozesuentzat. Clara Ponsatiren afera juridikoaren aurrean Eskoziako Nicola Sturgeonek egindako adierazpenak hortik baino ezin daitezke ulertu. Belgikan Carles Puigdemontek bere unean osatu zuen gobernu legitimo exiliatua bezala. Seguruenera arras ezberdina zatekeen N-VA bezalako alderdi independentista flandriarra gobernuan ez balego.

Nazioarteko koordenatuak ulertzea, haietatik, lagunak direnetatik zer lortu daitekeen ulertzea ere irakasgai inportantea da. Gure prozesuak ezin ditu beste herrialdeek dituzten prozesuak hankaz goratu. Aliantzek ezin dituzte besteak zangotrabatu eta irakaspen hori, Eskoziako lehen ministroak martxoan hain modu gardenean azaldu zuena, ulertzea eta errespetatzea dagokigu. Askotan nazioarteko harremanen joko arauak konprenitzea kostatzen zaigula iruditzen zait, emozioek eta sinpatiek agindu behar luketela uste dugulako, politikaren eremurik arrazional eta estrategikoenetako batez ari garela ohartzen ez garelarik.

Hiru irakaspen horietaz gain badago laugarren bat bereziki garrantzitsua iruditzen zaidana herri hau bizitzen ari den fase politiko honetan. Herri bezala diplomazia bat antolatu beharra, hau da, nazioartera begira batera egin beharra. Katalunian oso modu nabarmenean ari da geratzen alderdien artean dagoen katramila eta horrek bere emantzipazio prozesua desprestigiatu eta lehia politiko-elektoral hutsera debaluatzeko arriskua dauka. Zentzu horretan oso inportantea iruditzen zait estatus berrirako Eusko Legebiltzarreko ponentzian arlo honetan lortu den adostasuna, nazioarteko erakundeetan zuzeneko parte-hartzea bermatze aldera.

Elementu horien guztien gainean oinarritzen dira, nire ustez, datozen urteetarako egin beharreko diplomazia lanak. Horietako batzuk atera ziren EH Bilduk ekainean antolatu zituen jardunaldietan. Bihar eta etzi ere, EHUko Udako ikastaroen baitan “Euskal Herria eta Nazioen diplomazia XXI. mendean” izeneko ikastaroa izango da eta bertan Nagorno-Karabakh, Belgika edota Katalunia bezalakoen diplomaziaren antolaketa eta erronkak izango dira entzungai. Estatu independente bat lortu bidean gaudenontzat izango da zer ikasi.

Mundu mailan baina batik bat Europan badago zer saretu, ze harreman sendotu, modu transbertsalean borrokatzeko eremu eta lagunik. Janis Varoufakisek ez du gaurdaino bere proiektu europarra aurrera eramatea lortu. Baina estaturik gabeko herriok zer hausnartu badugula iruditzen zait elkarrekiko errespetutik abiatuz, elkarlanean jarduteko sinergiak bilatze aldera. Herri honetan sarriegi gure zilborrari begiratu beharrak eraginda ez diogu askotan nazioarteari behar duen arreta ematen. Azken aste hauetan nazioartean egiten den lan oparoaren garrantzia zuzenean bizitzeko aukera izan dut eta gurea erlatibizatzeko eta perspektiba lortzeko oso baliagarria izan zait. Bihoakie hemendik jardun horretan oso modu profesionalean diharduten gizon-emakume diplomatikoei nire aitortza. Eta besteok profitatu ditzagun aurtengo oporrak ere turismo politikoa egin edo turistak politizatu eta hemen edo kanpoan enbaxadore boluntario fin bilakatzeko. Uda ona pasa guztiok.

Buscar