Belen Arrondo, Jon Monux
STEE-EILASeko kideak

Euskal Eskola Publikoa?

Murrizketa giroan bizi gara eta gehiagoren mehatxuz inguratuta gaude. Langabezia gora doa eta «erreskate» hotsak entzuten dira, ez noski langileontzat. Demagogia ari du agintarien ahotik eta herritar xumeok asko dugu jokoan.

Murrizketa giroan bizi gara eta gehiagoren mehatxuz inguratuta gaude. Langabezia gora doa eta «erreskate» hotsak entzuten dira, ez noski langileontzat. Demagogia ari du agintarien ahotik eta herritar xumeok asko dugu jokoan. Hezkuntza, osasuna eta babes sozialerako sistema publikoak «lapurtu» nahi dizkigute, aitzakia merkeak erabiliz. Hamarkadetan zehar lortutako eskubide sozialak kolokan daude, garestiak direlakoan edota dirurik ez dagoelakoan, guztiarekin negozioa egiteko asmoak ezkutatzen dizkigute. Ziria sartu nahian berriz ere, gezurti galantak! Krisiaren errudun berberak     –banketxeak, espekulatzaileak, …–, eurek eragindako zuloa estaltzeko diru publikoa erabiltzen ari direnean eta kartzelara joan ordez, lasai asko patrikak gizentzen ari diren bitartean, zerbitzu publikoetan murrizketak ezarri behar direla diote. Orain, ordea, inoiz baino beharrezkoagoa da gastu soziala areagotzea, murriztea baino. Jakina, horretarako, erakunde publikoen diru sarrerak handitu egin behar dira, zerga politika errotik aldatuz, irizpide aurrerakoiak eta sozialagoak ezarriz, gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten. Horrela, egoera justuago batean biziko ginateke eta jendartearen oinarrizko beharrak zerbitzu publikoen bidez beteko lirateke.

Testuinguru horretan hezkuntzaz arituko gara, hori baita hurbiletik ezagutzen duguna. Lehenik eta behin, hezkuntza eskubide bat dela diogu eta ez merkantzia. Horretxegatik, Euskal Eskola Publikoa aldarrikatu nahi dugu ozenki, bere izaera publikoa baita hezkuntza eskubide unibertsalaren bermea. Sare publikoak bermatzen ditu gizarte kohesioa, biztanle guztientzako aukera berberak izatea eta izan litezkeen jatorrizko desberdintasunak konpentsatzea. Asko dago hobetzeko, baina harro gaude urteotan, denon artean, egindako lanaz, haurreskoletatik hasi eta lanbide heziketaraino, landa eremuan kokatzen direnetatik giro hiritarrean dauden ikastetxeetaraino, nola Eskola Txikiak hala Handiak. Izan ere, guztiek osatzen dute irakaskuntza publikoaren sarea eta guztien artean mamitzen dute gure hezkuntza sistemaren bizkar hezurra. Horiek gabe , jai dugu!

Aldi berean, publikotasunarekin batera eta deitura bertatik hasita, euskal izaera txertatuta dago Euskal Eskola Publikoaren muinean bertan. Hain zuzen ere, gure herriak hezkuntza sistema propioa garatzeko eskubidea du, Euskal Herritik munduari begiratzeko, euskara, curriculum propioa, bertako zein inguruko errealitateari begirada propioz erantzuteko, ... Adibide gisa, euskalgintzan lan erraldoia egin da, gaur egun Hego Euskal Herrian D ereduan eskolaratuta dauden ikasleen hiru laurdenak ikastetxe publikoetan dihardute. Jakina, hau guztia Euskal Herriaren zatiketa administratiboa izan arren, antolaketa zein proposamenak bultzatzeko aukerak landu behar dira zentzu konbergentean, eremu  administratibo desberdinak hurbil araziz, urrutiratu ordez. Ildo honetan, funtsezkoa deritzogu Eskola Publikoaren eta Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko aldarrikapenak batzeari, bi ezaugarriak “Euskal Eskola Publikoa”ren osagarri nagusitzat jotzen ditugu eta.

Bi ikur nagusi horiez gain, laburki bada ere, sare publikoaren beste zenbait ezaugarri nabarmendu nahi genuke, nahiz eta oraindik hainbat kasutan gehiago duten helburu izatetik errealitatetik baino, zalantzarik gabe urrats garrantzitsuak ematen ari dira geuk sustatzen dugun hezkuntza eredurantz. Hain zuzen ere, hutsuneak alde batera utzirik, anitza eta aldi berean inklusiboa da, inori ateak ixten ez dizkiona. Izan ere, jendartearen aniztasuna barneratuz (jatorri, kultura, hizkuntza eta arraza desberdinak), denon arteko eskola eraikitzen du. Hezkidetzan heztea da bere egunerokoa, genero bereizketarik gabe, denok elkar aberastuz. Bizikidetza oinarri eta helburutzat hartzen du, Giza Eskubide guztiak pertsona guztiontzat aldarrikatuz, gatazkak gainditzeko bide baketsuak eta elkarrizketaren kultura errotik jorratuz. Kalitatezkoa, ez itxurakeriarako edo dominak gordetzeko, baizik eta hezkuntza komunitatearen egitasmoak asebetetzeko, eraginkortasunean, harremanetan, emaitza akademikoetan, kudeaketan, parte hartze demokratikoan, ...

Aitzitik, badira aldatu beharreko atalak ere. Horietako bat nagusiki erlijioaren kontua da, eskola publikoak Laikotasuna behar du eta horretarako, erlijioa ikasgai gisa, eskola eremutik kanpo utzi behar da, sinesmen guztiak errespetuz hartuta eta erlijioen historiari curriculumean dagokion trataera emanez. Gainditu beharreko beste atal bat hizkuntzen arloa da. Hain zuzen, Eleaniztasuna behar bezala jorratzeko, euskarari lehentasunezko trataera eman behar zaio, ikasle guztiei –ez egun gertatzen dena– gure hizkuntza propioa benetan ezagutzeko aukera eta goi mailako ikasketak euskaraz ere egiteko gaitasuna emateko.

Baina, arazo gehiago ere ez dira falta, besteak beste, ez da kasualitatea ikasle etorkinak, heziketa behar berezikoak, baliabide ekonomiko urriko neska-mutil dexente gehiago daudela ikastetxe publikoetan, besteetan baino. Harrotasunez erakutsi dezake Euskal Eskola Publikoak bere izaera inklusiboa, horregatik tinko eutsi behar zaio eskola publikoak behar duen lehentasunezko trataerari.

Amaitzeko, nahita nahiez gogorarazi beharreko beste gaia baliabideen nahikotasuna da, murrizketarik gabea, ez Madrildik etorrita, ezta Gasteiztik edo Iruñatik ere. Irakasle zein bestelako langileen lan baldintza egokiak ezinbestekoak dira egunerokoan, ezinezkoa baita lan baldintza kaskarrekin kalitatezkoa eskola izatea. Izan ere, aurrekontu eskasekin nekeza da, ikastetxeetako plantillak osatzea zein ordezkapenak betetzea. Halaber, azpiegitura oinarrizkoenak hornitzea, -eraikinak, inbertsioak eta abar-. Beharrezkoa da BPGaren %6a hezkuntzara bideratzea -nagusiki irakaskuntza publikorako- hainbat herrialde europarrek bezala, hezkuntza gastutzat  hartu ordez, inbertsio moduan ulertuta, geroari begira.

Hau guztia urte luzeetan eraikitzen ari garela ospatzeko eta bide horretan dagoeneko ematen ari diren murrizketak zein oztopoak Administrazioaren aurrean salatzeko ere, datorren igandean Zarautza hurbilduko diren milaka lagunentzat bezala, guretzat ere ez dago zalantzarik: Euskal Eskola Publikoa? Bale!

Buscar