Rebeka Ubera

Euskal Estatua, sistema higatzeko

Pertsonak, herriak, giza eskubideak, baloreak salgai dauden Europa bihozkabe honetan… Elkartasuna gutxi batzuen eskuetan altxor bilakatzen den negu gordin honetan… Iritsi da, udaberriari ateak ireki ezinean, urteetan itxaropenari so, ospatzen dugun Herri maite zahar honen eguna, Aberri Eguna. Eguneroko lana egun batez baztertu eta festa giroan, ilusioz gure nortasuna eta etorkizuna aldarrikatzeko eguna.

Oraingoan, erantzukizun bereziaz datorkiguna eta inoiz baino aukera handiagoa eskaintzen digu askapen sozialaren bideari ekiteko, kapitalaren eta oligarkien sistemari erro erroetatik pitzadurak eraginez, askapen nazionalaren bidetik Estatugintzari ekinez. Espainiaren Nazio batasuna auzi nagusi bilakatua den honetan, Euskal Herritik egin genezakeen elkartasun ariketa sendoena, gainerako herriekiko, gainerako munduko herritarren eskubideen alde, indarrean den sistemari bere muinean erasotuaz, gure herriaren askapen nazionala ekarriko duen autoeraketarako demokratizazio prozesua abian jartzea da. Pertsonak erdigunean eta lehentasun, Estatu propioa eraikitzen hastea. Iraganeko epe motzeko politikak alboratuz. Estatu Espainoleko botereek haien etxe barrenean ordena jartzen saiatzen ari diren bitartean, gauden loaldi luze honetatik esnatu, eta gure bidelagun Catalunyarren parean ezarri. Merkatuaren, kapitalaren kateetan katramildua dagoen politika pertsonen zerbitzura jartzeko, eta ondorioz, gizarte bezala, kolektibo bezala dagozkigun erabakiak gure erakunde eta herritarren artean hartuaz. Momentu honetan, irudikeria hutsaletan erortzear den politikagintza ereduari bizkarra emanez.

Badugu esperientzia, badugu gure nagusiek eta arbasoek eginiko lan eskergaren esperientzia eta ekarpena.

Badira itxaropen izpiak ere, herriz herri, eskualdez eskualde herritarrek autoeraketaren bidetik antolatzen ari diren galdeketak esaterako.

Zalantzarik gabe, azken urteotan bizi ditugun krisi ekonomiko, sozial, politikoak… aukera ere badira. Aukera, gauzak beste era batetara egiteko, aldaketaren aldeko indarrak artikulatzeko eta herri bezala, komunitate bezala lapurtzen utzi dizkiegun baloreak, eskubideak, erabakiak berreskuratzeko. Erantzukizun osoa guztia, gurea delako; eta ez beste inorena. Guztiok eta bakoitzak, egunerokoan egin dezakeguna funtsezkoa da, lau urtetik behin bozkatzera edo eta promesa liluragarriak egiteaz gain. Egunero egiten duguna eta egiten ez dugunak menpeko edo Estatu aske bilakatzera garamatzalako.

Beraz, 2016ko Aberri Eguna aitzakia hartu beharko genuke, behingoagatik, erabakitzeko zein den gure xedea. Inora eramaten ez gaituen iraganean galduak jarraitzeari utziaz; edo eta etorkizuna eraikitzen hasi, horretarako ausardiaz eta lotsagabekeriaz jokatuz, herritar guztien eskubide sozial, zibil eta askatasunen alde. Dena delarik, herritar horien jatorria, arraza… Baina guztiekin guztiona izango den eta aniztasuna defendatzeko eta bermatzaile izango den tresna hoberena eraikiz, Estatua.

Horretarako baditugu eskuartean makina bat tresna, lan esparru… Baina ezinbestean, hasi beharra dugu erabakiak hartzen. Hasi beharra dugu ere, erakundeen barrenean gauzatzen diren auzi desberdinetako eztabaida eta erabakiak kaleratzen, eta prozesu ireki, ahaldunduen ondotik denon artean erabakiak hartzeko bideak ahalbidetzen. Erabaki kolektiboek, erantzukizun kolektiboa eta konpromiso kolektiboa ekarriko dituztelako; guztiz beharrezkoak denona izango den, eta guztiok parte sentituko garen gizartea, Euskal Estatua eraikitzeko. Are eta herritar konprometituagoak, are eta Estatu ekitatibo eta juxtuagoa.

Hortaz, egunerokoan, bizitzako alor guztietan eragiten dizkiguten politikak definitzerakoan Estatu ikuspegiarekin aritzea, bai osasunean, hizkuntzan, ekonomian, hezkuntzan, gizarte politiketan… Luze jarrai genezake pertsona guztion bizitzan funtsezkoak ditugun arloak zerrendatzen. Gure errealitatera egokitutako politikak definitzeko, gure gizartearen arazoei erantzun praktiko egokiak eta berehalakoak emateaz gain, poliki poliki ditugun ahalmen apurrak areagotzeko eta, erabaki horiek –bestelako interes edo eta errealitate bati erantzutera datozenak– gure herritik kanpoko eremuetan hartzeko menpekotasun jarrera eta jokabideei amaiera emanez.

Horra, gure ilusio, konpromisoa! Estatu emakume, Estatu herritar izateko konpromisoa. Eguneroko lanarekin, eguneroko erabakiekin gure herria eraikitzeko prest! Pertsona guztien eta bakoitzaren askatasunak, eskubide sozial, zibil eta politikoak ardatz eta lehentasun izango dituen estatu askea eraikitzea. Eta zentzu horretan, bidean aurkituko ditugun aukerak probesteaz gain, aukerak sortu nahi ditugu. Aukerak sortu, aukerak eman, aukerak konpartitu eskuz–esku gure etorkizuna auzolanean eraikitzeko. Militantziaz, auzolanaz, bihotza, sentimenduak jarriaz egiten dugun guzian… modan egon ez arren gizarte «moderno» «lauso» honetan.

Buscar