Martxel Toledo Garmendia
Euskal Selekzioa BAI

Euskal futbol selekzioa nora ezean, ezinean

FIFA eta UEFAko kide izan eta nazioarteko lehiaketetan ofizialki aritzeko euskal futbol selekzioak egin beharko duen ibilbidea neketsua eta arantzaz jositakoa izango dela begi bistakoa da, eskubide hori ukatzen digutenek ez dituztelako oztopoak baino jarriko eman behar ditugun urrats horiek emateko eta euskal gizartearen gehiengo handi batek aspalditik duen amets hau behingoz errealitate bihurtzeko.

Iaz, Euskadiko eta Kataluniako futbol federazioak akordio batera iritsi ziren nesken eta mutilen selekzioek elkarren artean bi partidu jokatzeko. Bilbon iaz jokatu zen partiduarekin ez zen inongo arazorik egon baina aurten Bartzelonan jokatuko denarekin bai. Hainbat tirabira egon ondoren, azkenean ados jarri dira eta ofizialki bi federazioek iragarri duten moduan abenduaren 26an jokatzea erabaki dute. Baina, esan bezala, aurtengo hau bertan behera gelditzeko arriskuan ere egon da orain gutxi arte Euskadiko federazioak berak ez zekielako mutilen selekzioa osatzeko goi mailako jokalari nahikorik izango zuen. Zer dela-eta arrisku hori? Edo non egon da arazoa?

Espainiako Futbol Ligak orain arte Gabonen inguruan bizpahiru asteko atsedenaldia egiten zuen eta hori aprobetxatuz, euskal selekzioak urtero, lagunarteko partidua data horietan antolatzen zuen. Baina aurten, Espainiako Ligak bere egutegian atseden hori murriztu egin du, eta ondorioz, taldeek urtarrilaren lehen asteburuan beraien partiduak jokatu beharko dituzte. Eta hor sortzen da arazoa, kluben iritzirako partiduak ongi prestatzeko ez dutelako denbora  nahiko izango. Eta jokalariak kontratu bidez klubei lotuta daudenez, kluben esanetara aritu behar, Gabonetan opor egoeran egon arren.

Ezin ukatu dataren arazo hori errealitatea baino ez dela, baina ziur nago arazo horren benetako sustraia hori baino sakonagoa dela, besteak beste, Espainiako Ligaren egutegia aspalditik ezagutzearekin batera, Kataluniaren aurka jokatzeko akordioa iazko urtetik heldu delako. Beraz, nire ustez, benetako arazoaren oinarria egutegitik harago dago, besteak beste, agintari horiek euskal selekzioaren ofizialtasunari betidanik eman dioten garrantzi eskasean. Bestela, zergatik ez dute behingoz dataren arazo edo aitzakia hori saihesteko Espainiako eta Frantziako selekzioek jokatzen duten data berdinetan, alegia, FIFAk berak selekzioentzat jarritakoan jokatzen? Zeren ez dut uste inondik inora serioa denik azken momentura arte zalantza horrekin ibili behar izatea, euskal selekzioaren irudia kaltetua ateratzeaz gain, ofizialtasunaren aldeko borondatearen sinesgarritasuna ere kolokan jartzen delako. Eta horrek aldarrikapenari kalte baino ez dio egiten.

Horregatik, eta ikusita orain datekin gertatutakoa berriro  errepikatzeko arriskua dagoela, nire ustetan, Euskadiko Futbol Federazioak euskal futbol talde profesionalen laguntzarekin argi izan beharko luke Espainiako Federazioan eta FIFAn presioa egin behar duela aipatu data horietan jokatzeko eskaera eginez. Baina orain arte egin dutena ikusita, susmoa daukat gurean ez daudela horretan, ez dutelako inoiz presio hori egiteko benetako borondaterik azaldu, besteak beste, egungo egoera normalizatu honetan aipatu agintari horiek Espainiako Futbol Federazioan ere agintea izanik, eroso sentitzen direlako.

Eta egoera honen aurrean, galdera da –euskal selekzioaren aldeko zale gisa– zer egiten dugu edo zer esaten dugu? Ba, ikusten denez, publikoki behintzat ezertxo ere ez, badirudi denok egoera hau normaltzat onartzen dugula eta konforme gaudela.

Iaz garai honetan, guztioi ahoa bete zitzaigun euskal selekzioaren aferan jauzia eman behar genuela esanez, baina urte bat pasa da eta ez dut inongo jauzirik edo intentziorik sumatzen. Eta ez pentsa, asmoa errua besteei botatzea dela, egoera honen errudun, nolabait, guztiok garelako. Baina konstatazioa baino ez da ofizialtasunaren borrokan guztiok geldirik gaudela. Eta hori, jakina, gure kalterako baino ez da, saiakerarik gabe, helburua lortzea guztiontzat zailagoa izango delako. Eta hainbat urte horretan eman ondoren, sentsazioa daukat oraindik herritarrek bihotzean euskal selekzioa daramatela.

Egun batzuk baino ez dira gelditzen nesken eta mutilen euskal selekzioa berriro berdegunean ikusteko. Horren berri emateko Bartzelonan egin berria duten aurkezpenean Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak, Elustondo jaunak,  zioen itxaropena duela etorkizunean bi selekzioek ofizialtasuna lortuko dutela eta nabarmendu zuen guk ez badugu lortzen, gure ondorengo belaunaldiak lortuko duela. Aurten bete dira 100 urte Selección Norte izenarekin euskal selekzioa lehen aldiz berdegunera lehiatzera atera zenetik. Ea ba, pesimismo hori gaindituta, beste hainbeste ez dugun itxaron behar izaten eta gure belaunaldikook ere laster ikusten dugun gure selekzioa ofizialki lehiatzen munduaren aurrean, euskal herritar gisa aritzeko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dugulako.

Seguru nago abenduaren 26an nesken eta mutilen selekzioek Bartzelonako Miniestadin eta Camp Noun jokatuko dituzten partiduetan aldarrikapen giroa gailendu eta irabazle aterako dela, besteak beste lagunartekoak horretarako ere badirelako. Eta bide batez, espero dut, iaz Bilbon jokatu zenarekin alderatuta, gure jokalariek pankartaren bat ateratzen badute, oraingoan euskaraz idatzita egotea, nire ustetan, koherenteagoa eta egokiagoa delako.

Buscar