Kattalin MIner

Euskal herritartasun sentsazio faltsua

Akaso uste al dugu ba, Urkulluk gure aitaren etxea defendatuko duela? (Zer esan, amaren etxeaz?). Akaso, gure autonomia erkidegoko gobernuak egiten duenaren zain geratu behar al gara?

Estatu espainolaren arabera, indarkeria matxista jasotzen dutenen estatistiketan sartzeko, emakume batek 24 ordu baino gehiago egin beharko ditu ospitalean. Behin hitzaldi batean egon nintzen non emakume batek bere interbentzioa honako esaldi honekin hasi zuen: «Hiru gezur mota ezagutzen ditut: gezurrak, gezur handiak eta estatistikak». Honekin esan nahi dudana da, bost axola zaidala Espainiako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriari buruz egiten duen edozein kontaketa, guk badakigulako, nolabait indarkeria matxistak mila aurpegi eta eragin dituela eta ezin kontabiliza daitezkeela modu hotzean. Baina, hala ere, kontu hau oso larria da. Hau eta PPren Gobernuak azken urtean egindako hainbat eta hainbat.

Eta kontu honen eta beste hainbaten larritasunek larritu naute ni. Hain zuzen ere, euskal herritarrok kontu hauen aurrean dugun jarrera inozenteak. Murrizketak, LOMCEak, medikamentuen ordainketa partekatuak, ernalketa lagunduaren heteroarautzea, pentsioak, Barcenas, SMSak, etxe kaleratzeak, Abortuaren Legea. Nabari dut, jasotzen dut, kontu hauen guztien aurrean euskal herritarrok dugun «gurekin ez doan» sentsazioa. Ni neugatik hasita.

Esaterako, Raxoi eta Barcenasen arteko kontuak entzuten ditudanean, auzo lotsaz harago, ez dut sentitzen nire kontua denik. Pentsatzen dut Espainia irrigarria dela, lotsagarria, nolako panorama duten gizajo horiek. Bide batez, zein tontoak diren, PPri bozka emateagatik eta zelakoa datorkien gainera.

Bat-batean, ordea, indarkeria matxistaren estatistiken harira, gehiago haserretu eta ikusten dut sekulako escrache feminista antolatu dutela Madrilen. Altxa eta kalera irten dira. Gu ez, eragingo ez baligu bezala. Ez gara kalera ateratzen, ez bada, murrizketa, LOMCE edo dena delakoa zuzenean iritsi dela jada.

Jakin dugu, EAEn lesbianok zein ezkondu gabeko emakumeek ernalketa lagundua jasotzeko eskubidea mantenduko dugula. Lasaitu ederra. Beraz ez, ez dugu kalera irten beharko. Ziurrenik, estatistikak ere, Emakundek egingo ditu «behar bezala». Beraz, halako berriak Madril urrun eta arrotzetik iristen direnean, jarraitzen dugu pentsatzen guri ez dagokigula eta zain geratzen gara, Jaurlaritzak horiek beteko ez dituela esan arte itxaroten.

Hori da euskal herritartasun sentsazio faltsua. Akaso uste al dugu ba, Urkulluk gure aitaren etxea defendatuko duela? (Zer esan, amaren etxeaz?). Akaso, gure autonomia erkidegoko gobernuak egiten duenaren zain geratu behar al gara? Akaso, benetan sinesten dugu, gure eskuduntzek duten ahalmenean? Konfiantza dugu gure erresistentzia instituzionalean?

Nola liteke, urteetan hain indartsua izateaz harrotu ostean gure mugimendu feministak, sozialak, ikasle mugimenduak, sindikalismoak... gure herritartasun hau hainbeste sinetsi izana eta guztiok ere «hemengoen» erantzunaren zain geratzea? Ez nabil inkrepazioz, guztiz kontrakoa. Nik neuk ere, ez ditut nirekin doazen kontu bezala sentitu azken erasoak. Ez behintzat Facebooken lotura bi zabaltzetik harago. Uste dut, hain sentitzen dudala euskal herritar nire burua, Estatu espainolarekin zerikusirik duen edozer ez dudala nire aurka sentitzen, ez bada, noski, zuzenean Euskal Herriaren aurkako eraso bat. Eta tamalez, asko izorratzen badigu ere, hori bera aldatu behar genukeela sentitzen dut. Zeren tamalez, oraindik, bi estatuk, euskal herritarron bizitzak erregulatu, murriztu eta gutxiesteko gaitasuna dute (ari dira); eta ez soilik ohituraz «politika» deitu diogun zentzu horretan bakarrik. Ezin ditugu Madrildik datozen erabakiak EAJren filtroaren arabera baloratu, ezin ditugu eraso sozial horiek guztiak kexarik gabe utzi. Eta hau dena ez diot ezergatik, baina ezingo nioke nire buruari onartu Madrilgo mugimendu sozialak inbidiaz begiratzen hastea. Arren.

Buscar