Euskal Hiria eta diskurtso kosmetikoa
Juan Requejo geografoak proposatutako metafora, esaterako, iradokigarria da oso: «sistema bizia da lurraldea». Alabaina, Requejok azpimarratutako beste ideia bat ezin da soilik metaforatzat jo: «Abiadura Handiko Trenetik haize-oihalera pasa behar gara; ezin baitiegu gastu energetikoari eta lurraldearen logikari muzin egin». Eta argi dago egungo Eusko Jaurlaritzak ez duela teoria hori praktikara eramateko inolako asmorik.
Eusko Jaurlaritzaren «Euskal Hiria» kongresuaren XVI. edizioak kezka areagotu digu askori: lurralde-politika publikoan inoiz baino alde handiagoa dago teoria eta praktikaren artean. Amildegi bat, Eusko Jaurlaritzaren diskurtso formalaren eta egiazko praxiaren artean. Horren hamaika adibide ikusi ditugu Lurraldea Antolatzeko Gidalerro berrien hasierako onarpen-agiria aurkezteko baliatu den biltzarrean.
Iñaki Arriola sailburua, hain zuzen ere, ekonomia zirkularraren onurez aritu zen, eta ez diot horren aurkakorik ezer esango, erabat ados nago-eta. Baina ziklo itxien ulerkera hori erabat kontrakoa da EAJ-PSE-PP troikak sustatzen duen «birziklatze»-ereduarekin, hondakin-erraustegietan oinarritzen dena.
Christophe Hutin arkitektoa bi proiekturi buruz hitz egiteko gonbidatu zuen Eusko Jaurlaritzak: batean Sowetoko okupengandik ikasitako autokudeaketaz jardun du, eta, bestean, eraispen zoroen aurrean Bordeleko 1960ko hamarkadako etxebizitza-poligonoak zaharberritzeko beharraz. Errekaleor auzo gertuagoan, baina, EAJ-PSE-PP hirukoteak ez ditu ideia horiek inolaz ere aplikatu nahi.
José Manuel Lombera Kantabriako Gobernuko lurralde-antolamenduko zuzendaria mugez gaindiko elkarlanaz aritzeko ekarri zuten. Eta baten batek pentsa lezake elkarlan horrek suposatu beharko lukeela azpiegitura-bikoizketak murriztea (adibidez, 100 kilometroko distantzian antzerako bi aireportu ez edukitzea). Alabaina, Lomberak, lurralde-kooperazioaren beharraz jardun ondoren, Kantabriako urbanizazio ilegalak euskal herritarron eskariz eraiki zituztela salatzeko aurpegia izan du, inork ezer esan ez ziola.
Itziar Urrutia Sener ingeniaritza-enpresako nazioarteko zuzendariak, adreilu-burbuilaren garai desarrollistakoa ematen zuen aurkezpen batean, AHT Euskal Euroeskualdea egituratzeko funtsezkoa dela ziurtatu zuen, inolako arrazoirik edo daturik eman gabe, eta alde batera utziz aurreko hitzaldi batean Alain Franck Pirinio Atlantikoetako AUDAP hirigintza-agentziako zuzendariak azpimarratua zuela Frantziak ez duela asmorik Bidasoatik iparrerako AHT-bidea eraikitzeko.
Laura Martín Murillo energia-aditua ere ekarri zuen antolakuntzak, berriztagarrien behar premiazkoa azaltzeko. Elektrizitateaz aritu zen, eolikoaz, energiaren sorrera banatuaz, eta abarrez. Ez zuen gasa aipatu ere egin, noski. Bada, Eusko Jaurlaritzak gasa energia berriztagarritzat jotzen du, eta halaxe jarraituko du kontsideratzen Legebiltzarrean hilabeteotan eztabaidatzen ari den Jasangarritasun Energetikoaren lege-proiektuan. Aipatzekoa da, halaber, 2018ko aurrekontuan Gasteizko EAJ-PSEk 20.000 euro soilik gorde dituela Energia Berriztagarrien Planerako, Errekaleorreko auzokideek bitartean 100.000 euro inbertituko dituztenean eguzki-xafletan, burujabetasun energetikorako bideari ekinez.
Natxo de la Puerta Eusko Jaurlaritzako lurralde-antolamenduko zuzendaria Gidalerroak berritzeko partaidetza-prozesu publikoaz aritu zen, hainbat xehetasun emanez. Gauzatxo bat ahaztu zuen, baina: etxebizitza-kuantifikazio berria dekretuz eta inolako partaidetzarik gabe onetsi zuela Eusko Jaurlaritzak 2016ko urtarrilean, Gidalerroak berritzeko prozesutik aparte, Eusko Legebiltzarraren 7/2015 mozioak eskatutakoaren kontra.
Kontuz, hemen ez da esan nahi «Euskal Hiria» kongresuko hitzaldiak interesgarriak izan ez direnik. Juan Requejo geografoak proposatutako metafora, esaterako, iradokigarria da oso: «sistema bizia da lurraldea». Alabaina, Requejok azpimarratutako beste ideia bat ezin da soilik metaforatzat jo: «Abiadura Handiko Trenetik haize-oihalera pasa behar gara; ezin baitiegu gastu energetikoari eta lurraldearen logikari muzin egin». Eta argi dago egungo Eusko Jaurlaritzak ez duela teoria hori praktikara eramateko inolako asmorik.
Amildegia dagoenean teoria eta praktikaren artean argi geratzen da zein den diskurtsoaren funtzioa: zeregin kosmetikoa.