Martxel Toledo Garmendia
Euskal selekzioa bai!

Euskal selekzioa: Kortsikan irabazi arren, oraingoan irabazle ote gara?

«Gabonetako partiden zikloa amaitu da eta FIFAren egun ofizialetan jokatu nahi dugu. Asmoa, beraz, hemendik aurrera, urrats txiki bat eman eta lagunarteko bi partida jokatzea da, bat etxean eta beste bat nazioartean. Bide horretan, FIFA leihoak delakoak baliatu, eta urtean zehar jokatzea ofizialtasuneranzko pausoa litzateke. Munduko futbolaren erakusleihoan jarriko ginateke».

Iñigo Urkullu, EAEko lehendakariak esandakoa eta ondoren  Jon Redondo, Jaurlaritzako kirol zuzendariak Kataluniaren aurka jokatu behar zuten partiduaren harira berretsitako adierazpenak baino ez dira. 2014ko abenduaren azken egunak ziren.

Jakingo duzuen modura, gizonezkoen euskal futbol selekzioak, Kortsikakoaren aurka jokatu zuen ostiralean Ajaccioko Ange Casanova futbol zelaian eta neurketa, arauzko denboran banakakoarekin bukatu arren, gero gure mutilek penaltietara irabaztea lortu zuten. Ondorioz, jokoan zegoen garaikurra,  Euskal Herrira, Euskadiko futbol federaziotako bitrinetara  ekarri zuten. Ez dago esan beharrik, garaipen honekin euskal selekzioak azken emaitza bolada onari eutsi egiten diola, azken hamar urte hauetan jokatutako hamabi partiduetatik, soilik Tunisiako selekzioaren aurka galdu duelako. Beste guztietan, berdintzea edo irabazlea lortu du, esaterako, Serbia, Venezuela, Estonia, Bolivia, Peru, Katalunia eta Kortsikaren aurka.

Beraz, logika baten barruan, euskal selekzioaren beste garaipen bat modura ulertu beharko genuke Kortsikaren aurkakoa baina nik uste dut, emaitzetatik haratago joanez gero, beste irakurketa maltzurragoa egin beharko litzakeela, zeren, batzuetan, «irabazitakoan» ere, galtzaile atera daitekeelako. Eta oraingoan behintzat eta ofizialtasunaren aldarrikapena helburu hartuta, zoritxarrez hori gertatu denaren zentzazioa daukat. Uste dut, Ajaccioko harmailetako hutsuneen irudiak, partiduaren kudeaketa, publizitatea, hedabideek neurketari eman dioten tratamendua, selekzioaren osaketa, jokalarien prestaketa, abar eta abar, aipatzen dudan nahaste-borraste guzti horren lekuko baino ez dira. Eta hori, ofizialtasuna kontuan hartuta eman behar diren urratsei begira jarrita, nahi ala ez, porrota edo atzera pausua ere badela esango nuke, besteak beste, aldarrikapenaren zentzua eta selekzioaren irudia, ukituta ateratzen direlako.

Bestela, ikusi baino ez besteak beste, etxeko egunkari batzuetan partiduaren biharamunean titular gisa ateratako esaldi esanguratsu batzuk: «Zerbaiterako balio dezala» (BERRIA); «Joan behar bada, joan egiten da, baino ezertara joatea» (GARA) edo eta, «Ajaccion Patxanga» (Noticias de Gipuzkoa) Beraz, nire sentsaziotik haratago, aipatu medio  hauentzat ere, partiduak utzitako ondorioak, gutxienez, zalantzagarriak eta kezkagarriak dira, alegia, kontuan hartzekoak.

Orduan galdera da, merezi izan du Kortsikan data hauetan jokatzea, alegia FIFA datetan jokatzea? Edo beste era batera galdetuta, partiduak utzitako ondorioa zalantzagarria izateko, zerk egin du huts?, kudeaketa berak?, aurkariak?, datak? formatuak? edo zerk?
   
Iñigo Urkulluk eta Jon Redondok 2014an egindako adierazpenen ondoren esan nuen modura, uste dut, euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko ez dela nahikoa FIFA datetan lagunartekoak jokatzea, finean lagunartekoak izaten jarraitzen dutelako eta beraz, euskal selekzioak urrats sendoagoak eta serioagoak eman behar dituelako, egunen batean nahi badugu behintzat ofizialki nazioartean lehiatu. Gainontzekoan, orduan esan nuen bezala, selekzioa noraezean ibiliko da eta orain gertatu den bezala, aurrera pausua baino atzerakoa izango da. Beraz ikusitakoa ikusita, konklusio modura esan daitekeela, FIFA datetan jokatzeak soilik ez duela ofizialtasunaren arazoa konponduko. Horregatik, Jaurlaritzaren eta batik bat kirok departamendu eta federazioaren helburua, aurrerakoiagoa eta ausartiagoa izan behar du, alegia, hiruen edo lauen arteko nazio mailako torneo edo txapelketa ofizialak antolatzea, nazioartean beste federaziotako bidelagunak egitea, bide juridikoa eta politikoa indartzea eta ekonomikoki ofizialtasunaren aldeko ibilbidea babestea…, zeren jokalariak orain arte ikusi den bezala, eskatutakoan beti ematen dute berea. Beraz, pena litzateke hainbat kirol elkarteek, federaziok, kirolarik, zaletuek eta abarrek, azken hamarkadan egindako saiakera, golpetik ezerezean gelditzea. Zentzu horretan positiboa iruditzen zait Euskadiko Saskibaloi federazioak Durangon asteburuan antolatzen duen nesken nazio mailako hiruko torneoa, Argentina, Venezuela eta euskal selekzioarekin. Bide batez, txalotu ere, hainbat federaziok, besteak beste, pilotakoak, herri kiroletakoak, errugbikoak, mendikoak, igeriketakoak ofizialtasunaren bidean egiten ari diren urratsak, txikiak dirudien arren, etorkizunerako beharrezkoak direlako.   

Beraz, Kortsikaren aurka jokatutako partiduak utzi nauen zentzazio gazi-gozoak uxatzeko, Andoni Egañaren letrarekin Gozategik euskal selekzioaren alde sortutako abestiak esaten duen modura  «Jokoaren poza eta harmailen zirrara, biak elkartzeko sentimendu bat bada, herria bihotzean ahoan euskara, galdutakoan ere irabazle gara». Edo eta,  «gure selekzioak parte hartzearen lehia, euskal selekzioak nortasunaren deia, gure selekzioak munduari begira, euskal selekzioak gure geureak dira».

Ba hori, abestiak dioen modura, gure geureak direlako, aurrera, merezi du eta!

Buscar