Nagua Alba
Podemos-Ahal Duguko hautagaia Diputatuen Kongresura Gipuzkoan

Euskara, biziraunetik bizitzera

Lau urte nituenean, amak, erdalduna denak, euskaraz egin behar nuela esan zidan, euskararen biziraupena nire ardurapean zegoela eta ez banuen euskaraz hitz egiten, hizkuntza desagertuko zela. Ondo gogoratzen dut une hori, oso pertsona garrantzitsua sentiarazi ninduelako, zeregin handi bat nuen: euskararen biziraupena nire esku zegoen.

Gaur, hogeita bat urteren ondoren, ez nioke alaba bati horrelakorik esango, euskaldunok euskararen biziraupena jada bermatu dugula esan baikenezake. Orain, eginkizun berri bat daukagu: euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzearen alde jarraitu behar dugu lanean.

Azken urteotan, Alderdi Popularraren politikak estatu mailan, atzerapauso handiak ematera bultzatu gaitu hainbat arlotan, genero berdintasunean, politika sozialetan edo lan munduan esate baterako. Eta atzerapauso hauek euskarari ere egin diote mina. PP-ren gestio ekonomikoaren eta lan erreformaren ondorioz, gazteen arteko langabezia tasa %45ekoa da, eta lanpostu bat aurkitzen dutenek lan baldintza geroz eta ezegonkorragoak pairatu behar dituzte: soldata ziztrinak, behin-behineko eta ordu gutxiko kontratuak etab. honen guztiaren ondorioz, krisia hasi zenetik 10.000 gazte inguru Euskaditik alde egin behar izan dute etorkizun duin baten bila. Beraz, ez dira gure kaleetan, etxeetan, lantokietan eta tabernetan egongo, ezingo dute euskaraz egin ez eta euskaraz bizi. Gazteentzako etorkizun sozioekonomiko duinik ez badago, ez dago hizkuntz normalizaziorik, ez etorkizunik, ez ezer. Bueltan ekarri behar ditugu kaleak, etxeak, lantokiak eta tabernak euskaraz bete ditzaten.

Estatuko gobernuak kultura mailan bideratutako neurrien adibidea latza da ere, esate baterako zine edo antzerki diru laguntzei dagokienez aniztasun linguistikoaren arloan eman den defizit handia nabarmena da. Ironikoa benetan, lehen urteko Urrezko Kontxa Loreak euskarazko pelikulak irabazi ostean eta Oscar sarietan ordezkatuko gaituela jakinda. Politika hauek estatuko hizkuntzak kaltetu dituzte, horregatik, gure kultura sustatzeko hurrengo legealdian Aniztasun Kulturalaren Sustapenerako Plan Eraginkorra bideratzea ezinbestekoa da. Estatuko hizkuntza guztietan sortzen diren adierazpen artistikoak zaintzea instituzioen lehentasunetako bat izan behar du, bai udaletan, bai autonomietan, bai aldundietan eta baita gobernu zentralean ere.

Baina ezingo da euskararentzako politikarik egin politika euskaraz egitea ezinezkoa den bitartean. Ni, Diputatuen Kongresura iristen banaiz, gaztelaniaz hitz egitera behartuta egongo naiz, nahiz eta euskara hizkuntza ofizialetako bat izan. Beraiek itzultzaileen zerbitzua garestia dela esaten dute, Senatuan euskaraz aritzeko arazorik ez dagoen bitartean. Euskaraz bizitzea euskaraz politika egitea da ere. Lan asko egin da jada, baina oraindik gure euskarak babes eta bultzada gehiago behar ditu, bitartean, atzerapausorik ezin dugu eman.

Buscar