LAB Osakidetzako euskara taldearen izenean
Euskara ez dago osasuntsu Osakidetzan

Osakidetzak, langileen gain jarri du zerbitzua euskalduntzeko pisu gehiena, baina euskararen normalizazio prozesuak zuzendaritzen inplikazio aktiboa behar du ezinbestean

05/12/2019

Abenduaren 3an,  Euskararen Nazioarteko Egunean, Osakidetzan, 2013ko abenduan abiatu zen Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planari amaiera eman zaio. Orain, planaren balorazioa dator eta balorazio honen ostean, III. Planaren diseinua eta onarpena.

II. Plan honen helburuetako bat, zerbitzu-hizkuntza gisa euskararen ahozko eta idatzizko presentzia eta erabilera bermatzea izan da.  Begi bistakoa da helburua lortzeko oraindik bide luzea egiteko dagoela, gaur egun oraindik, ez baita zerbitzu euskalduna bermatzen. Planaren arabera, lehentasun gorenekoak diren unitate askotan ere, umeen arreta guneetan edota informazio guneetan,  adibidez, oraindik erabiltzaileen kexak sortzen dira zerbitzua euskaraz jaso ezin izanagatik.

Planaren arabera, Osakidetzan euskara lan hizkuntza izan dadin ere pausoak eman behar ziren urte hauetan. Zoritxarrez bide honetan ez da aurrerapauso txikiena ere eman. Euskarak baztertua izaten jarraitzen du lan hizkuntza izateari dagokionez, horretarako baldintza egokiak dituzten unitateetan ere.  Zuzendari eta jefaturek, orokorrean, euskararen normalizazioarekiko  anbizio eta konpromiso gabezi nabarmena izatea izan da Euskara Planak behar besteko emaitzak ez ematearen arrazoi nagusietako bat, eta euskara lan hizkuntza izatearen inguruan aurrerapausorik ez ematea horren erakusle garbia da.

LABetik, Euskararen Plana eta legedia betetzen direla motzean jarraitzen dugu eta horrek, urte hauetan, Osakidetzari, hainbat eta hainbat interpelazio, kexa eta salaketa egin behar izatera eraman gaitu. Etengabe aritu behar izan gara zuzendaritza eta arduradun desberdinei gutxienez beraien araudiak, Euskara Planak, ezartzen dituen minimoak bete zitzaten eskatzen. Karteldegia, intraneta, kontratazioa, lanpostuen Hizkuntz Eskakizunak, ikastaroetako hizkuntza, erabiltzaileei zerbitzua, lan-hizkuntza…. Behin eta berriro, Euskara Planaren arabera bete beharrekoak ziren hainbat minimo urratzen zirela ikusi dugu eta Osakidetzari,  urraketa horien zuzenketaren  eskaria  etengabea izan da.

Osakidetzan Euskara sustatzeko lidergoa izan behar dutenak izan dira neurri handi baten normalizaziorako oztopo handienak jarri dituztenak. Publikoki bestelakorik adierazten duten arren, urte hauetan ikusitakoak ikusita, argi eta garbi esan dezakegu euskara ez dela izan, eta ez dela gaur egun, inolaz ere lehentasunezko gaia ez Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian, ez Zerbitzu Erakunde desberdinetako zuzendaritza organoetan, ezta tokian tokiko jefaturetan ere. Salbuespen isolatu batzuk egon badaude, baino panorama orokorra benetan etsigarria da, eta zuzendaritzek euskararen normalizazioari arreta eta dedikazioa jarri arte nekez emango du euskarak aurrerapauso handirik Osakidetzan.

Osakidetzak, langileen gain jarri du zerbitzua euskalduntzeko pisu gehiena, baina euskararen normalizazio prozesuak zuzendaritzen inplikazio aktiboa behar du ezinbestean.

Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana Osakidetza euskalduntzea lortzeko plangintza izatea espero dugu. Salto kualitatiboa, euskara jakitetik euskara erabiltzen duen Osakidetza, nahi dugulako. Osakidetza euskahalduna nahi dugu.

Horretarako, LABetik, Osakidetzako arduradunei, euskararen normalizaziorako lidergotza, inplikazioa eta erantzukizuna hartzea eskatzen diegu. Zerbitzua euskalduntzeko asmoz, trabarik gabe, lanean jardungo duen lidergotza.

Osakidetzako langileok euskaraz lan egin, eta erabiltzaileok euskaraz artatuak izateko eskubidea dugulako.
Osakidetza euskalduna!

Langileok, aldaketa euskaraz!