Euskara kultura ondasun immateriala? A zer gogorazioa!
Jaurlaritzak ezusteko handiak ematen dizkigu anitzetan. Zoritxarrez, txarrak gehienetan. Orain euskara ondasun immateriala izendatu behar omen digu. Arranopola! Hau ere badugu? Gogorazioa da gero!
Eta hori zerbaitetan oinarritu behar eta hara zer digun: «Hizkuntza jakitearen eta erabilera eraginkorraren arteko desoreka. Izan ere, komunitate eramaileak ahaleginak egin arren, hizkuntzaren erabilerak ez du jakite mailaren erritmo berean aurrera egin, eta euskara gizartean normalizatzea oraindik egiteke dagoen erronketako bat da».
Nora goazke horrelako diagnosi makur eta zientziaz at dagoen oinarria hartzen badu gure Agintari gorenak? Ez al dute irakurri ere egin esnatu ala hil Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak atera berri duten liburua? Dirudienez ez, eta kontu larria da hau. Zergatik?
Liburua eskuetan hartu duenak eta sarreran berean, bigarren orrialdean gehiagorik irakurri gabe ere, kontutan hartzeko baieztapena dakarte:
«Hedatua dago, adibidez, ideia hau: ezagutzaren aldetik sendo dagoela euskara, baina erabileran, ahul. Ikusiko dugunez, erabat okerra da ideia hori» Eta hori zifretan, numeroetan dago oinarritua. Ez da iritzi kontua, ez da zure nire eta haren sentsazioa, errealitatea baizik.
Baina zer da, bada, euskara ondasun immateriala izendatzea? Hizkuntza bat ondare kultural gisa aitortzea ez da berez txarra. Arazoa da hizkuntza bizia ondare huts bihurtzeko arriskua dagoela. Ondarea gorde, babestu eta zaindu egiten da; hizkuntza, berriz, erabili egiten da. Euskara ez da museoan gorde beharreko ondasuna, euskal komunitate batek eguneroko bizitzan erabiltzen duen hizkuntza baizik. Horregatik, euskararen egoera ezin da neurtu haren balio sinboliko edo kulturalaren arabera, baizik eta erabilera sozialerako dituen baldintzen arabera.
Eta hemen dago koska: euskara «ondasun immaterial» izendatzeak, bere horretan, ez du euskararen erabilera handitzen, ez du hizkuntza-eskubiderik bermatzen, ez du transmisioa sendotzen eta ez du euskaraz bizitzeko espazio sozial berririk sortzen. Izendapen bat da, ez hizkuntza-politika bat. Sinboloek ere badute beren balioa, baina arazoa sortzen da sinbolismoa politika publikoaren ordezko bihurtzen denean. Euskarak ez du aitortza sinboliko gehiago behar soilik; erabiltzeko baldintza sozial, ekonomiko, instituzional eta kulturalak behar ditu.
Bitartean hor dugu EAJ (EH Bildu, berdin) Espainiako Kongresuan beti gaztelaniaz, euskaraz ari ahal izateko aukera katalanek erdietsi ondoren.
Eta, are okerrago dena, ETB1 galtzera bota dute eta ETB2 katea, berriz, indartu dute, erdara negu gorrian balego bezala. Telebista kontuetan ere, diruak erdarari eta euskarari limosnak!
Bitarte honetan katalanek orain berriki lortu dute Espainiak Katalunian duen Telebistak erdaratik katalanez soilik emititzera igarotzea. Euskararen aldeko zerbait erdietsi ote du EAJk eta PSOEk osatutako Jaurlaritzak? Beti badituzue mila gauza euskararen aurretik. Euskara gero, gero, hau da, inoiz ez.
Eta orain ondasun inmateriala eta horrelako kontuekin datoz? Ez, ez da onargarria gogorazio huts ustelekin, asmazio hutsalekin hona etortzea, jendea engainatzeko besterik ez diren zirku jokoekin! Hobe izanen dute esku joko horiek utzi eta euskara oinarri-oinarritik babestea!
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.