David Lopategi
EHBilduko zinegotzia

Euskarak Bilbo behar du

Euskararen nazioarteko eguna da bihar, euskaldun berri eta zahar, euskara ikasle, euskalduntzen pentsatzen ari den eta Euskal Herriko biztanle ororentzat ospakizunerako eta jai eguna izan behar du. Gure eguna da.

Harro agertu behar dugu: Europako hizkuntza zaharrenak, mendetan zehar erasotua izan arren, bizirik dirau. Bizirik, alaitsu eta osasuntsu dago.

Baina ez gaitezen engainatu, asko dago egiteko, bidea ez dago eginda eta gure hizkuntzaren etorkizuna, gure herriaren etorkizunera lotuta dagoena, ez dago bermatuta, inondik inora. Aipatutako etorkizuna baikorra izan dadin, euskarak guztion ahalegina behar du, guztiok behar gaitu. Erronka horretan, gizartearen kemena eta administrazioen erabateko inplikazioa eta bultzada ezinbestekoak dira.

Gizarteari, norbanakoi, euskara kalera ataratzeko, airean entzun dadila, ahoan izateko, mintzatzeko, lotsa galtzeko, eskubidea aldarrikatzeko, jarrera proaktiboa izateko….euskaraz bizitzeko eskatzen digu gure hizkuntzak.

Administrazioei, politikak ausartak garatzeko, balentria izateko, hizkuntza eskubideak bermatuko eta hizkuntza bera babestu eta suspertuko dituen politikak bultzatzeko eskatzen die euskarak. Hau gauzatzeko, gizartearekin elkarlana eta parte hartzeaz gain, dituzten erremintarik eraginkorrena aurrekontuak dira.

Administrazio baten aurrekontua aztertuz, ondo neurtu daiteke horren euskararekiko konpromezua. Bilbokoa ikusirik, gutxienez kezkatuta agertu behar dugu. Euskararen sustapenerako, aurrekontuaren % 0,21-a baino ez dute bideratzen. Hirian dauden 90.000 euskaldunentzat eta euskara ikasten ari diren hainbat milarentzat, eskasa.

Eskasa aurrekontua. Eskasa euskararekiko eta Bilboko euskaldunekiko Udal gobernuaren konpromezua. Euskararen garapenerako Bilboko udal gobernuaren ikuspegi murritza eta mugatua eta ipar argirik gabeko hizkuntza politika muga handia da. Ez al dira konturatzen zein erabakigarria izan daitekeen Bilbo euskararentzat. Euskarak Bilbo behar du.

Hiru Euskal herritarretik bat Bilbo Handian bizi da. Eta Bilbo, lurraldeko jendearentzat erreferentea da bizitzako arlo askotan. Hizkuntzari dagokionez, Bilbok eragin lezake desoreka. Bizkaiko eta Euskal Herriko euskaldunak aintzat hartu eta sentitu behar dute Bilbo, eta ez euskararekiko herri harrotzat, orain gertatzen den bezala, non Euskal Herrian egonda eta arnasgune batzuk kenduta, kanpoan baleude sentiarazten dien hiria dena. Gure hiri osoan dinamika eta giro euskalduna balego, egoera erabat ezberdina litzateke.

Euskara helburu badugu, asko dago egiteko, asko dugu egiteko. Eta bide horretan, udal gobernuak lagun eta kide izango gaitu beti. Zentzu horretan, euskara bultzatzeko eta sustatzeko oinarria izango duen akordiora heltzeko erraztasunak jarriko diogu beti EAJri. Eta horren adibidea da, ondoren proposatzen ditugun batería proposamenak:

• Euskara Ordenantza: herritarrek, hizkuntza eskubideen urraketen aurrean babes juridikorik gabe utziz.

• Euskara Batzorde Mistoa. Udala eta Bilboko euskalgintza arteko elkarrizketa bermatuko luken espazio egonkorra sortu behar da, euskararen sustapena eta garapena helburu izango lukeena.

• Administrazioa euskaldundu: administrazioak euskaraz funtzionatzeko pausoak eman behar ditu. Egungo kontratazio politikak ez du bermatuko langile berriek euren lana euskaraz egite eta administraziora hurbiltzen diren herritarrei ematen zaien zerbitzua euskaraz izatea.

• Hizkuntza eskubideak bermatu. Hizkuntz ofizialen artean oreka lortzeko, politika desorekatuak behar dira.

• Ikasleentzako diru-laguntza sistema iraunkor eta unibertsala, ez bakarrik gurasoentzat, baizik eta Bilbotar guztientzat, beste udal askotan egiten duten modukoa (Donostia, Getxo...).

• Euskararen biziberritzeko plan ausarta eta eragile guztiekin konpartitua. Denok dugu zeregina eta, jakina, zeresana (jarraipen batzordeak, lan-taldeak...)

• Erabilerari begirako plan integrala, Bilbon diren eta izan daitezkeen ekimen guztiak kontuan hartuko lukeena, bai laguntzeko, bai eta sustatzeko ere (Berbalagunak, mintzakideak, Berbagunea, Darabilbo, euskaltegietako edo bestelako elkarteetako ekimen zehatzak...).

Buscar