Manex Ralla Arregi

Euskararen debekuez

1) Idiazabal, 2018ko otsailaren 17a. Futbol-partidu eguna herrian, Idiazabal-Elgoibar. Atzerritik berriki etorritako epaile batek, manamendua bi taldeei: El que hable vascuence, a la calle se va. Erreakzio posibleak: 1. Ez dugu halako agindurik konplituko, euskaldun gara, eta hala mintzatuko gara ezein debekuren gainetik. 2. Bai, bwana! Kanporatuko gaituzte bestela! (Egiari zor, hurrengo egunean damutu eta salatzea, bada zerbait... zehazki zenbat, ez dakit).

2) Lanbideren Intxaurrondoko egoitza, 2018ko otsailaren 15a. Langabezia egoera deklaratzera sartu da gazte prekario bat. 20 minutuz zain egon ostean, artatu dute: -Egun on, langabezia erregistroan izena ematera nator. -Perdona, pero no te entiendo, si quieres que te atiendan en euskera, espera un rato a que esté libre alguien que lo hable. Erreakzio posibleak: 1. Ez dut halakorik onartuko. Nire txanda da, nahikoa denbora pasa dut zain, eta euskaraz artatua izateko eskubide osoa dut. Ez naiz tokitik mugituko. 2. Bai, bwana! Ez diet atzekoei itxaronaraziko, nire eskubideak urratzen dizkidaten arren. Badakizu, errespetua beti! (Egiari zor, 3. Erdaraz zuzenduko natzaio, nazkatu naiz eta ofizina honetan zain egoteaz).

3) Iruñea, 2018ko ostailaren 13a. Izenean «euskal» daraman telekomunikazio konpainia batera deia, internet kontratatzeko asmoarekin. Makinarekin hizketan, euskarazko hautua egin eta 15 minuturen ostean, belarria surtan telefonoaren kontaktuagatik, hara!, erdaldun batek hartu ez du ba, deia! -Arratsalde on (agurra beti euskaraz, baina «la segunda ya tal...»), mi nombre es Aitor, ¿en qué te puedo ayudar? Erreakzio posibleak: 1. Euskaraz jarraitu (-Kaixo Aitor, barkatuko didazu, baina euskarazko hautua egin dut lehenago eta hala mintzatuko natzaizu. -Es que no te entiendo bien, ¿puedes hablarme en castellano? O, si no, espera que te paso con algún compañero que lo hable. Eta noski, beste 15 minutuz deia nork hartuko zain). 2. Bai, bwana! Erdaraz orduan, belarria galduko dut, bestela!

Norbaitek esplika diezadake, nik neuk ezin baitut ulertu, zein den hiruen arteko diferentzia, non den aldea? Egoera horiek berberak dira, diferentzia axaleko bat besterik ez dago: Idiazabalen, debekua hitzez adierazi zen, beste egoeretan, de facto, tazituki, aplikatzen da debekua. Atseginagoa, nahi bada, baina antzeko emaitzak sortzen dituzte finean. Egoskorkeria nabaria behar da gero, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko hautua %100 konplitu nahi bada. Egoskorkeria eta erresilientzia, zinez!

Honetan gaudela, gogorarazi nahi dizut, irakurle, ahaztu baduzu, PS(?)E-EE(?)ren bideo txit argigarri hura, administrazioak euskaraz ez dakitenak diskriminatzen dituela dioen huraxe bera, Idoia Mendiaren ahotsaz. Denis Itxaso eta beste hainbat «egiazko» euskaltzaleren (sic erat scriptum) partiduak ekoitzi eta zabaldua. Baina orain, Gipuzkoako Aldundian egonik, ikerketa agindu dute Idiazabalen gertatuak argitu eta erantzukizunak eskatzeko. Azala behar da gero. Azala, eta lotsa gutxi. Baina, zer daki lotsaz Itxaso jaunak?

Hau da egoera, eta ez besterik. Ez "Pixka Bat Es Mucho", eta ez "Euskararen Txantxangorria". Eta bai, ordea, "Euskararen Zulo Beltza". Gaur egun, euskara ofiziala den lurraldean (bestean ez naiz sartzen, depresioak jo ez gaitzan), arlo askotan (gehienetan; publikoan zein pribatuan), euskaraz jarduteko debeku faktikoa ohikoa, etengabekoa eta jarraitua da, normalizatua dago. Eta ez diogu buelta ematen, ez dugulako nahi, edo ezin dugulako, edo ez dugulako asmatzen, edo Jesukristo Gure Jaunak uzten ez digulako, norberak aukera beza gustukoen duen erantzuna/aitzakia. Bitartean, egoerak okerrera darrai, eta euskarak zulora. Atzerritar batek hanka sartu duelako ez gaitezen geure gabeziak ezkutatzen saiatu, patrioterismo linguistikoko ariketa txatxu batekin. «Erdera etzan bakarrik kapaz/euskerak lagundu diyo», Txirritak esana digu, orain 90 urte.

Xenpelarrek ere bai, lehenago: «Iya guriak egin du».

Buscar