Patxi Alaña Arrinda
Euskararen Jatorria Elkartearen izenean

Euskararen hiztegi etimologikoak: holako hizkuntza, halako mundua

Ludwig Wittgenstein filosofoaren esaera famatu batek hizkuntzen garrantzia ederki laburtu zuen: «Nire hizkuntzaren mugak nire munduaren mugak dira». Hau da, kontzeptu batzuk adierazteko, norberaren hizkuntzak dagokion hitzik ez badu, ikusezinagoak izango zaizkigu.

Adibidez euskaran «-tasuna» eta «-keria» atzizkiekin gauzak erlatibizatzeko aukera dugu, balio absolutuetatik urruntzeko, dena izan daitekeelako ona edo txarra, kopuruaren arabera eta, kontua da, marra bereizlea non jartzen den. Horrela, beste hizkuntza asko ez dira gai «ontasuna» eta «onkeria» ondo bereizteko, edo «handitasuna» eta «handikeria», guk bereiztu ahal ditugun moduan. Tamalez ez diogu zukurik ateratzen eta hitz berriak sortzean beste hizkuntzen mugak gugana ekarri eta, adibidez, soilik «elebitasuna» sortu dugu dagokion «elebikeria» sortu barik (herri batek estatu hizkuntza ikasi beharra, bere hizkuntzaren desagertze prozesu barruan, elebitasuna norbanako bakoitzak nahi duen beste hizkuntza bat ikastea delako, ez denok estatuarena derrigorrez ikastea).

Baina badago beste maila bat eta hauxe da: hitzak erabiltzen ditugunean zer esaten ari garen jakitea, bere sakontasun eta osotasunean, gure arbasoek sortu zituztenean ze bibrazio, ze indar transmititu nahi zuten jakitea. Ez da gauza bera «osteguna» esatea, «ortzearen eguna» dela jakinda ala jakin gabe. Ez da gauza bera «barkua» esatea, «barrubakua edo hustutako enborra» izan daitekeela jakinda ala jakin gabe. Ez da gauza bera «izena» esatea, «argiarena» adieraz lezakeela jakinda ala jakin gabe.

Eta erderazkotzat hartutako hitzekin berdin: ez da gauza bera «hormigoia» esatea, «horma-igo» adierazi nahi duela jakinda ala jakin gabe. Ez da gauza bera «hacha» esatea, «atxa-aitza» adierazi nahi duela jakinda ala jakin gabe. Ez da gauza bera «jendarmea» esatea, «jende-armatua» agian adierazi nahi duela jakinda ala jakin gabe.

Edo ez da gauza bera «adimena» esatea, besterik gabe, edo bere esanahiaz erabat jabetzen garenean: bizitzan adi egotea, une oro, pertsona guztiei entzuten, irekita egoten. Edo «jabe» ez dela gaztelerazko «dueño» moduan ikusten euskaraz, gauzei jabetasuna ematea zaintzea ere badelako, gauza baten ardura hartzea. Edo harremonia (armonia?) bizitzaren oinarria dela: hartu eta eman, maila berean, guztiekin.

Etimologiek hizkuntzaren sorreran egon zen xarma berreskuratzen laguntzen digute, naturarekin eta munduarekin bat egiten laguntzen digute, gure arbasoen filosofiari eusten laguntzen digute.

Baina etimologia oso arlo labankorra da, hitz bakoitzaren etimologia aztertzean proposamen asko egoten direlako eta horien aurrean zer egin? Elkartean hasieratik argi eduki genuen: dena jaso eta beheko apalean jarri eta denborak, eztabaidek eta azterketek proposamen batzuk goiko apaletara igoko dituzte, ikerle gehiagoren babesa eskuratu ahala. Horixe egiten hasi gara «Jatorriaz egunero» ekimenarekin. Horrela, egunero hitz bati buruz jaso diren etimologiak zerrendatu eta ikerleei aztertzeko aukera ematen diegu, baita jendeari ere, eta aukera dago iruzkinak eta balorazioak egiteko.

Guzti horretarako Paleohiztegia jarri dugu abian eta hor 33 hiztegi igo ditugu, 125.000 erregistroekin, euskara, iberiera eta gaztelerazko hiztegi etimologikoekin, besteak beste. Horietan hitzak, abizenak eta toponimoak aurkitu daitezke. Eta maiatzaren 17an, Euskararen Jatorriak Zornotzan egingo duen 19. Bilkuran, horien berri emango dugu baita «Jatorriaz egunero» ekimenaren nondik norakoak ere.

17ko Bilkuran arloko azken bi liburu ezagutzeko aukera izango dugu: Juan Miguel Munarrizen «Las frases en el yacimiento arqueológico del euskara» eta Jose Mari Ugaldearen «Toponimia eusquérica en el mundo». Etruskeraren eta euskararen arteko antzekotasunei buruz Antonio Arnaiz arituko da eta, amaitzeko, bideokonferentzia bidez, Miguel Thomsonek, Iruña-Veleiarekin lotuta, Arabako Espejon agertu omen ziren Cesar eta Neron idazkiei buruz arituko da.

Elkarteak biziki eskertzen die historian zehar eta gaur egun euren bizitzaren milaka ordu zeregin honi eskaini dietenei, beti euskara babesteko eta bultzatzeko, beti, herria jagoteko. Kolonizazioa gainetik ez dugunez kendu, ikerle hauek ez dute babesik edo laguntzarik jasotzen, ez dira inoiz hedabideetan eta eskola liburuetan agertzen, ez dira inoiz aipatzen eta, aipatzekotan kritikatzeko izaten da, Larramendirekin egin ohi den bezala, adibide bat jartzearren. Baina bidea egin dute eta orain dagokigu horien lan guztiak ondo jasotzea eta osatzea.

Euskara biziberritzeko jatorrira itzuli, hizkuntzaren indarraz jabetzeko!


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar