Leire Garro Hernaiz, Imanol Arruabarrena Larrañaga
LAB-Osasungintza

Euskaraz sano? Horrela ez behintzat

Batzuk ezkutuan, isilpean, mantentzea nahiago luketen trapu zikinak aireratzera goaz, zerbitzu publiko baten kudeaketaren gardentasuna bermatze aldera eta baita euskararen mesedetan.

Azken urte honetan, Osakidetzak euskararen aldeko pausu ausartak ematen dituela saltzen duen bitartean, osasungintzan euskaldunok, erabiltzaile zein langileok, egunero bestelako egoera mingarriak jasaten ditugu. Horregatik, LAB sindikatuan ezinbestekoa ikusten dugu osakidetzan egunerokotasunean ematen diren gertaerak eta trapu zikinak jendarteratzea.

Azaroaren 18an albiste pozgarria izan genuen Eusko Legebiltzarrean: EAJ eta EH Bildu taldeek Osakidetzaren II Euskara Planean zenbait gai jaso ditzan eskatu zioten Jaurlaritzari. Gai hauen artean, honakoa: «Lehentasunezko unitateetako kontratazio ebentuala dela-eta, oro har, euskararen ezagutza lehenestea, betiere herritarraren asistentzia bermatuta». Eta puntu hori, zorionez, jasoa izan zen Euskara Planean. Aurrerapauso itzela, nahiz eta euskararen normalizazioaren alde motz geratzen den neurria izan. Edonola ere, esan bezala, Euskara Planean jasoa geratu zen puntu hori, honako aipamena erantsiz: «kontratazio-irizpide horri buruzko xehetasunak Osakidetzako Mahai Sektorialaren Kontratazio Akordioan zehaztu eta arautuko dira».

Berriki kontratazioa akordioarako proposamena helarazi digu Osakidetzak sindikatuoi. LABek dagoeneko kritikatu du aipaturiko proposamena, lehenik EPE prozesua amaitu gabe dagoen bitartean, berriro kontratazio arauak aldatu nahi dituelako Osakidetzak; eta bigarrenik, ez duelako suposatzen inolako aurrerapausorik enplegu publikoa sortzeko, egonkortzeko eta duintzeko helburuetan. Adibide argia da euskarari buruz planteatzen duena. Zer eskaintzen da bertan? Euskaraz bizi nahi dugunon harridura, nahigabe eta sumindurararako arrazoiak besterik ez, berriz ere.

Lehentasunezkoak ez diren unitateetan euskararen ezagutza ez lehenestearekin batera, zoritxarrez esperokoa zena, Osakidetza beherapenekin datorkigu lehentasunezko unitateetan ere: izan ere, unitate hauek bi multzotan bereiztea «bururatu» zaio, kokapen geografiko eta unitate motaren arabera, eta ezartzen du bi zati horietatik batean soilik lehenetsiko dela euskararen ezagutza. Berriro ere muzin egiten dio Osakidetzak euskarari, Legebiltzarraren eskaerari eta II. Euskara Planeko araudiari.

Lehendik ere, behin behineko kontratazioetan euskararen ezagutza lehenestearen irizpidea lehentasunezko unitateetan soilik aplikatzea penagarria izanik, orain unitate horietako zati bati soilik aplikatzea proposatzen du Osakidetzak. Ez al da etsigarria? Zein epeetan euskaldundu nahi dugu Osakidetza? Hartutako erabaki honetarako arrazoiak aurkitu nahi dituenak ,ez ditzala bilatu hizkuntzaren normalizioarako ikuspegi eta bidearen baitan. Alferrik. Arrazoiak beste nunbaiten daude, bide horretatik at, gure hizkuntzarekiko inolako errespeturik erakusten ez duten zenbait talde korporatiboen presioaren baitan, hain zuzen.

Osakidetza oraindik garaiz dago, lotsa arrastorik badu behintzat, euskararen normalizazioa lortzeko berriro ere erren eta motz geratzen den II. Euskara Planean hartu dituen konpromezuak eta Eusko Legebiltzarraren eskaera errespetatzeko, behinik behin. Gainera, gogorarazi nahi diogu Euskal Herriko jendartearekin baduela konpromezu eta bete behar handia, osasun zerbitzuak euskaraz eskaintzeko beharra, gaur egun, oraindik jendarte asko ez dugula osasun arretarik gure hizkuntzan jasotzeko eskubiderik.

Zoritxarrez, horrelako jokaera etsigarriak ez dira berriak gure osasun zentruetan,euskaraz bizi eta lan egin nahi dugun langileontzat. Abenduaren 3an, Jon Darpon sailburuaren hitz dotoreen eskutik iritsi zitzaigun II. Euskara Planaren onarpenaren ondotik ere, lehengo panorama bera dugu gure lantokietan euskarari dagokionez. Osakidetza beraren ebaluazioan aipatzen zen zerbitzu erakundeetako arduradunen «lidergo eza»ren ondorioak pairatuz, besteak beste.

Adibide bat: Lehen Arretako Gipuzkoa Eskualdean, ziurrenik Osakidetzako zonalde euskaldunena biltzen duenak bere baitan, iaz izandako langileen topaketa ekitaldian zuzendaritza-kideen aurkezpenetan euskararen erabilpen testimoniala, hutsaren hurrengoa, aipatu eta salatu zuen LABek prentsaurreko batean. Bada, II. Euskara Plana etorri da, eta ezartzen du ekitaldietan euskararen erabilera minimoa, eta baita ere adierazi buruzagitza lanpostuek betetzen dituztenek euskaraz egiteak erraztu eta lagundu egiten duela haien mendeko zerbitzuetan euskararen erabilera areagotzen. Oso polita. Aldaketa nabarituko ote dugu? Urtarrilaren 17an frogatzeko aukera izan genuen, Gipuzkoa Eskualdeko azken urteko langile erretiratuei omenaldia egin baitzen Donostiako Kutxaren aretoan. Aldaketa? Bai. Euskara testimoniala? Ez. Oraingo honetan aurkezpenetik euskara guztiz baztertzea bururatu zaio Gipuzkoa Eskualdeko zuzendaritzari, edota akaso euskara existitzen denik ere ez da gogoratu, nork daki. Horrela daude gauzak Osakidetzan, zoritxarrez.

Buscar