Amaia Zubieta eta Xabin Arrizabalaga
Steilas

Ez dezagun ahaztu herri sahararra

Abenduaren 16tik 20ra, Dajlan dagoen errefuxiatu sahararren kanpamenduan (Aljeria), Fronte Polisarioak 14. kongresua egin du.

Aurreko urrian, kanpamendu guztiek euri-jasa izugarriak izan zituzten, bost egunetan goiz eta gauez euria ateri gabe, eta hondamendia ikaragarria izan zen, batez ere Dajlan. Adobez egindako ia etxe guztiak azukre moduan disolbatu ziren, eta sendoagoak zirenek, eskolek edo ospitaleek, kalte handiak izan zituzten. Laguntza humanitarioa eskasa izan bada ere, gauza izan dira aurreikusitakoa betetzeko eta kanpamenduak 2.500 ordezkari, 300 gonbidatu eta nazioarteko prentsa –batez ere, magrebtarra– hartzeko beharrezko azpiegituraz hornitzeko. Europar komunikabideek ez diote jaramonik egin kongresuari. Armetara itzultzeko mehatxuak, gatazka bide diplomatikoaz konpontzeko esperantza agorturik, ez du Mendebaldeko komunikabideen arreta piztu.

Espainiar Estatuko ordezkaritza instituzionalik ere ez da izan. Euskal Herritik Gasteizko Legebiltzarreko taldearteko Josune Gorospe (EAJ) eta Diana Urrea (EH Bildu), eta Amaiurreko Urko Aiartza senataria bertan izan ziren. Afrikako herrialde anitzeko ordezkariak izan dira eta baita Europako iparraldekoak ere. Elkartasun taldeetako kide ugari ere –Estatukoak zein nazioartekoak– kongresuan izan ziren. Sindikatuen aldetik, Konfederazio Intersindikala eta Steilas izan ginen.

Herri sahararrak erbestean daramatzan 40 urteetan zehar, nazioarteko komunitatearen parte handi batek, eta bereziki arazoa sortu zuen Madrilgo Gobernuak, albo batera begiratu dute, basamortuko hareek herri sahararra abandonatu izanaren lotsa estaliko zutelakoan.

Fronte Polisarioren 14. kongresuaren leloak, “Indarra, ausardia eta borondatea independentzia eta subiranotasuna ezartzeko”, argi eta garbi utzi ditu saharar herriaren asmoak, eta kongresuan izandako eztabaidek hauek lortzeko bitartekoak izan dituzte hizpide. Kongresuko eztabaidagaietariko bat bide diplomatikoekin jarraitu edo armetara itzultzea izan da. Gazteak izan dira bigarrena bultzatu dutenak, ez baitute beste berrogei urte gehiago kanpamenduetan jarraitu nahi, Sahara librean bizi baizik. Ez du hori hautatu gehiengoak. Guda ezagutu eta bizi izan dutenek ez dute armetara itzuli nahi eta nazioarteko babesa galtzeko arriskua saihestu nahi dute.

Azken egunetako berriek –Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Mendebaldeko Saharan arrantza eta nekazaritza baliabide naturalak ustiatzeko eskubidea aitortu izanak eta autodeterminazioaren eta Minursoren agindua mantentzearen aldeko Europako Parlamentuaren adierazpenak– egoera iluna argi dezakete, eta, 2016aren hasieran Ban Ki-Moon Nazio Batuen idazkari nagusiaren iragarritako bisitarekin batera, lagungarri izan dira hartu diren erabakiak hartzeko. Saharar herriak inoiz baino gehiago behar du nazioarteko laguntza, bere premia materialak betetzeko eta, batez ere, gobernuak presionatzeko –bereziki egoeraren ardura nagusia duen Gobernu espainiarra–, euren eskubideak onartu eta behin betiko konponbidea bidera dezaten. Ez dezagun utzi saharar herria ahaztua izan dadin, lan egin dezagun Fronte Polisarioren hurrengo kongresua Mendebaldeko Sahara librean egin dadin.

Buscar