Ainara Artetxe Azkueta eta Iñaki Berasategi Zurutuza
LAB-Irakaskuntza, Nafarroa

Ez dira bi ikasle, eskola bat da, herri bat da

Murietako eskolak bere ateak itxi ditu. Ikasturtea hasita dagoenean, egun batetik bestera ixteko erabakia hartu du Hezkuntza Departamentuak, inplikatutako familien eta Udalbatzaren iritziaren aurka.


David Herreros zuzendari orokorrak “urrea” eskaini die familiei, Remontival Ikastetxe Publikora  joan zitezen. Egoera berri honetan ikasleak PAI programan eskolatuko dituzte, PAI programa berriro ere inposatuz. Departamentuari bost axola zaio neska hauek orain arte bere ikasketak gaztelaniaz egin dutela. Familien negar anpuluak ikusi izan dugunok badakigu zelako amorrua eta etsipena sentitu duten, beraien borondatea eta iritzia hutsean utzi dituen Gobernuaren morroien erabakiak pairatzerakoan.
    
    Iribas Kontseilariak Parlamentuan agindu zuen bere agintaldian ez zela landa eskolarik itxiko, eta hara, ikasturtea hasita eta inongo aurrekaririk ez duen gertakariari bide eman dio, Murietako landa eskola itxi du. Kontseilariak adierazi zuen , “behin behineko” erabaki bat zela, matrikulazio berriak baleude egoera aldatu zitekeela. Kontseilari jauna, nor matrikulatuko da itxitako eskola batean?

    Murietako Udal taldea ere eskola ixtearen aurka azaldu da, eskolak herriarentzat duen   garrantzia azpimarratuz. Bertan bizi edo bizi nahi duen ororen  seme-alabak eskolaratzeko aukera izatea herriarentzat hauspoa delako. Alkate ordeak esan zuen bezala, eskolako gastuak udalaren esku daude eta prest daude horretan jarraitzeko,   eskola bat ixten denean oso zaila dela berriro irekitzea bai dakite.

    Bertako irakasleen egoerari ere eragiten die hartutako erabakiak. Ikasturteko plangintza bat egina zuten eta esleipenetan Murietako eskola aukeratu zuten, bakoitzaren arrazoiak tarteko. Ikuskariak mehatxua egin zien, zerbitzuaren beharrizanengandik beraien kontratua eteteko ahalmena zuela Hezkuntza Departamentuak esanez.

    Arazoa  aurreko gogoeta hauetatik harago doa, eskubideotaz ari gara, neska mutil batzuek bere herrian, bere auzoan... ikasteko duten eskubideaz, gurasoek bere seme-alabak bizi diren tokian eskolatzeko duten eskubideaz, herri batek neska mutilak bere kaleetan karrika-dantzan edukitzeko duen eskubideaz...

    Hau ez da Murieta herriak bakarrik duen arazoa, askoz ere tamaina handiagokoa da, Nafarroako landa eremuko herriena da. Kontzentrazio handien aldeko apustua egiten da herri txikien kalterako, non hezkuntza eskaintza murriztuz joan den gutxika-gutxika. Herri txikietako familiek eta ikasleek ez dituzte herri handietakoek edota hirietakoek dituzten eskubide berberak.

    Murietan gaur egun eskolara joaten diren 29 neska-mutil daude, 27 egunero, arrazoi ezberdinak direla medio, autobus bat hartuta Lizarrara joaten dira. Baina, komuna dutena zera da, Murietan ez dago Lizarran dagoen hezkuntza eskaintza bera, Murietan bizitzeak ez dakar Lizarran bizitzeak dakarren eskubide maila bera. Justua al da hau?

    Konponbidea, beraz, argi dago, Departamentuak egin dezala Murietan 29 haur hauen gurasoek Lizarran bilatzen duten eskaintza.

    Ez dira bi ikasle, eskola bat da, herri bat da. Herri batek bizitza izatea edo ez izatearen aldea da. Ez da Murieta, Nafarroako landa eremua da jokoan dagoena.   Erabaki honen ondorioz herri baten bizitzaren parte bat hil da. Landa eremuko eskolak bizirik iraun behar dute, herri dinamikaren osagarri direlako, sozializaziorako tresna baliagarriak.

Buscar