Lorea Goienaga

Ez, eskerrik asko...

Aurten Eskola Publikoko 3 urteko gelan hasi den haur baten ama naiz.

Haur eskolan bi ikasturte egon ondoren, jaiotza urteagatik horrela zegokigulako eskola handira joan behar izan genuen.

Urte bukaerakoa izateaz gain, nahiko errebisio izan ditu dagoeneko adin biologikoa bat delako eta bestelakoa bere heldutasuna.

Oso goiz ezagutu genituen ia espezialista guztien kontsultak; neurología, otorrino, oftalmología, arreta goiztiarreko errebisioak...

Proba batzuk gaindituak, ongi gaude egunero aurrerapausuak emanez, nahiz eta abiadura azkarreko sistemak ezarritako helburu guztiak ez ditugun oraindik lortu. Gu abiadura moteleko bidetik goaz aurrera, poliki-poliki, ziurtasunez ere bai.

Haur eskolan izan zuen erreferentziak askotan esaten zigun: «lasai, motelago baina aurrera dihoa». «Garapen moteleko haurra da eta gainera ikusmen zailtasuna du». «Iritsiko da baina beranduago».

Bitartean, egiten zizkioten azterketa eta proba objetio estigmatizatu horiek ez dakit berak, batzuetan uste dut ere, nik bai sufritu nituela. «3 kuboetako dorreak altxatzen ditu, baina oraindik ez 5ekoak?» «Oraindik ez da ibiltzen?», «Oraindik ez du hitz egiten»? «Oraindik ez da sukaldariarenera jolasten?» Oraindik, oraindik...

Beste urte batez haur eskolan geratu nahi izan genuen baina ezinezkoa zen. Agian horrek hurrengo etapara ziurrago iristen lagunduko zigun.

Gure auzoko eskolak oso hezkuntza proiektu interesgarria du eta irakasle ezin hobeak ditu baina han dena handia da, ume kopurua, jantokia, patioa, pasabideak... ikara handia ematen zigun aldaketak baina hara joan ginen.

Sekulako aldaketa da umeentzak ez esan motelago doazenentzak, materialak, rutinak, guneak dena aldatzen da.

Datorren ikasturtean eskoletan bi urteko gelak irekiko dituztela entzuten nabil azken egunetan, eta galdetzen diot nire buruari zeini bururatuko zitzaion horrelako astakeria. Uste dut arautzen eta gestionatzen dutenei. Ez al zen hobe izango 0-3 zikloa hobetzea? Baliabide zein hezitzaileez hornituz profesionalak eta guneak aurreztu beharrean? Usain txarra hartzen diot, ez egin horrelako txapuzarik.

Haur eskoletako profesioanalak ume batek bere familiatik bereizten denean izan dezakeen arreta hoberena dira. Zer esanik ez, haur eskoletako espazio eta materialetaz, dena beraien garapen motorrerako pentsatua dago.

Entzun langile horien aldarrikapena eta behingoagatik jarri umetxo horien lekuan, etorkizuna dira eta.

Utzi gauzak dauden moduan eta ez behartu abiadura handiko eta exijenteegia den hezkuntza sistematik korrika joaten, utzi umeak ume izaten eta ez behartu handitzen aldez aurretik.

Hauek guztiak eta beste arrazoi askorengatik, 2 urteko gelak bai, baina haur eskoletan.

Buscar