Enea Andueza, Fermin Vigor, Beatriz Arana eta Ander Garde
AHT Gelditu Nafarroako kideak

Ezkiotik edo Gasteiztik, txikizioa aukeran

Abiadura «Handiko» Trenaren lanak duela hemezortzi urte hasi ziren. Orduz geroztik, mendi andana zulatu, lur mugimendu itzelak egin, errekak desbideratu eta akuiferoak desagertarazi dituzte, besteak beste, Euskal Herrian. Bailara batzuk hondakindegiak bihurtu eta beste batzuk porlanez estali dituzte. Lur emankorra basamortu bilakatu dute. Eta... Non dago iragarritako trena? Non? Gaur gaurkoz, obrak eta txikizioa besterik ez daude. Lanak bukatu dituztela dioten zatietan azpiegitura besterik ez dago egina. Beste zatietan ezta hori ere. Gainegitura, elektrifikazioa eta katenaria falta dira... Bilbo, Gasteiz eta Donostia edota Iruñeko geltokiak ez daude eginak. Bergarako lotunea edota Campanas Y-grekoaren tarteak egitasmo baino ez dira oraindik eta abar. Duela hamarkada bat bukatu zituzten tunelak eta zubibideak zaharkitzen ari dira. Hau al da abiadura handia? Aurrerapenaren izean, zer gehiago onartzeko prest gaude tamainako gezurra sinestarazi nahi digutenen partetik?

4.000.000.000 euro baino gehiago xahutu dituzte jadanik hemezortzi urte hauetan. Bitartean, etxebizitzak gero eta garestiago daudenez, zailagoa da etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea. Bizitzeko ezinbestekoak diren elikagaiak gero eta garestiagoak dira. Lanpostu gehienak prekarietateak igurtzen ditu. Kalean bizi den jendearen kopurua gero eta handiagoa da. Hobetu al du aipatu diru kopuruak gehiengoen bizi kalitatea edo alderantziz? Osasunean eta hezkuntzan egin diren murrizketak AHTan orain arte sartu den diru kopuruaren baliokideak dira. Beraz, non dago hobekuntza? Behin eta berriro esan digute AHTak etorkizun hobeago bat ekarriko digula, baina, gure oraina izorratzen (zapuzten) ari baldin badira, zergatik sinestu etorkizuna hobea izango dela AHTa behin amaituta?

Hasteko, ez dakigu inoiz bukatuko ote duten. Orain emandako epeak ez dituzte bete (2011, 2014, 2017...) Nola jakin 2030koa egiazkoa dela? Eta bukatuko balute, zer geldituko litzaieke datozen belaunaldiei? Txikitutako lurra eta izugarrizko zorra. Ederra ondarea! Ezin dugu ahaztu langileok gure zergekin ordaintzen ari garela handimandien nahikariazko trenaren kostoaren zati bat. Gainontzekoak zorpetzen gaitu bai gu baita ondorengoak ere. Gainera, krisi ekosozial larrian gaude murgilduta eta, AHTaz gain, hainbat garraio, mehatze eta energia egitasmoak ere (batzuk berdez mozorrotuta) mehatxatzen dute gure lurra. Eta lurraldea txikituta badago, nola garatu dezakete gezteek bizitza duina bermatuko dien egitasmorik?

Azken aste hauetan, Ezkio ala Gasteiz sasi eztabaidak izugarrizko oihartzuna eragin du komunikabideetan. Funtsean, bi aukera eskainiz: Aralar zulatuko dugu edo Sakana zubibideez eta tunelez josiko dugu? Baina eliteen arteko «liskar» honekin zera ezkutatu nahi dute: herri honek ez diola inoiz onespenik eman AHTari. Kaltetutako udalherriek kontsultak burutu zituzten eta jendeak ezetz esan zuen. Erresistentzia handia egon zen egitasmoaren aurka eta, azkenean, indarrez inposatu ziguten. Oraingo lanak, berriz, inposaketa horren jarraipena besterik ez dira. Zer axola dio, hortaz, Ezkiotik edo Gasteiztik igaro behar ote duena, txikizioa besterik ez badago?

Ezkio ala Gasteiz hautatzeko txosten «tekniko» aren zai omen daude, planifikazio arduratsu eta eraginkorraren itxurak eginez eta AHTaren eraikuntzaren atzean dagoen erabaki politiko interesatua ezkutatu nahian. Orain arte, AHTari buruz egin diren azterketa eta ebaluazioek (EHU, Espainako eta Europako Kontu Auzitegiak, Airef) AHTa ez eraikitzeko aholkatu dute, besteak beste, ingurugiroari zein alor sozio ekonomikoari dakarzkien kalte sakonak agerian utziz. Baina agintariek muzin egin diete eta aurrera egin dute, gu guztiak amildegira bideratzen. Ez al da ba hobe izango jadanik eginda dauden txosten teknikoak behingoz betetzea eta lanak bertan bera uztea?

AHTaren km batek balio duenarekin, adibidez, urte batez 750 irakasle kontratatu, 42.721 ikasleri otorduak eman, 7.377 pentsio duin ordaindu edo egoitzetako 1.600 langile kontratatu ahalko lirateke. Ze beste datu beharko genuke aurrera jarraitzea erokeria dela ohartzeko?

Ez gaitezen engaina: AHTa ez da iritsi eta agian ez da inoiz iritsiko. Baina txikizioak eta diru xahuketak bere horretan darraite. Noiz arte? Ez al da garaia hondeamakinak geldiarazteko gure mendiak zulatzeari utz diezaioten? Guk ozenki esaten dugu: ez Ezkiotik, ez Gasteiztik ere! AHTaren lanak berehala bertan behera gelditu behar dituzte. Dugun etorkizun bakarra lurra delako. Eztabaida faltsuei entzungor eginez, entzun dezagun lurraren taupada eta bat egin dezagun berarekin!

 

Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinat zailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Irit zi artikuluak eta gutunak sinat zailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinat zailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar