Ainhoa Bueno Munarriz
Ernaiko kidea

Falangeari alfonbra gorria

Zapalkuntzaren, bortxaren eta asimilazioaren historia da Espainiarena, baita harrotasun supremazistarena ere. Bai, urriaren 12az ari naiz. Jai egun arrotz honek espantsionismo kultural, erlijioso, linguistiko eta politikoan ditu sustraiak; genozidioak, sarraskiak, konkistak... Proiektu argi bati erantzun asmo zion horrek: Espainia batu eta elebakarra e-rai-ki-tze-a-ri. Iraganeko proiektuarekiko haustura bat egitetik urrun, 78ko erregimenak espainiar proiektu hori berretsi eta haien errelato nazionalaren parte bilakatu du. "Espainia bakarra, handia eta librea". Hori da herri zapalduontzako eskaintza, zer esanik ez Euskal Herrian.

Atzoko eta gaurko espainiar proiektua omentzen dira urriaren 12an. Finean, proiektu horren egikaritzerako ezinbestekoak izan diren tresna guztiak: armada, monarkia, eliza, guardia zibila, lurralde batasuna, hizkuntza homogeneizazioa... Eta norabide horretan urrats erraldoi bat izan zen igandean Gasteizen gertatutakoa. Olatu erreakzionarioa bolo-bolo dabilen honetan, faxismoari ateak itxi ez eta sukalderaino sartzeko leihoak zabaldu zizkion Gasteizko udalak, Falange erakunde faxistaren ekitaldi publiko bat baimenduz zein horren aurrean protesta egin zuten herritarrak bortizki jazarriz.

Kronologia aztertuz gero, gertakarien larritasuna handituz doa. Has gaitezen banan banan: katastrofe honen abiapuntua, Gasteizko udalak Falangeari ekitaldi bat egiteko baimena eman izanarekin batera kokatzen da. Ez zaio inori okurritu agian, soilik agian, faxismoaren ideologiari gorazarre egiten dion erakunde bat Gasteizko kaleetan normalizatzea astakeria dela memoria historikoaz eta demokraziaz mintzo diren bitartean?

Zorigaitzaren bigarren kapitulua: behin udalak faxismoari alfonbra gorria jarrita, horri aurre egitea erabaki duten herritarren protesta jazartzea. Batzuek nahi zutenaren kontra, gasteiztarrek duintasuna eta alternatiba proiektatu zuten mobilizazio ezberdinetan, ekitaldiari zilegitasuna kendu eta kaleetan presentzia desnormalizatzeko. Eusko Jaurlaritzaren partetik ere, ordea, kale presentzia horretan atzera egin beharrean, protesta egiten ari ziren herritarren aurka jotzea izan zen erantzuna, bortizki jipoituz eta zapalduz.

Errematea egiteko, igandeko ekitaldia baimentzearen arduradun politikoek zein eskuineko hedabideek herritarren protestak kriminalizatzeko eta indarkeria poliziala zilegiztatzeko hautua egiten dute. Batetik, eztabaidaren markoa protestaren nolakotasunean eta horren balizko ondorioetan kokatuz, protestaren erroan beharrean. Bestetik, poliziaren jarrera onartezina txalotu eta babestuz. Eta azkenik, berriro ere antifaxismoa faxismoarekin parekatzeko saiakera eginez, herri honetan faxismoaren aurka borrokatu ziren (eta diren) milaka eta milaka herritar gutxietsi eta irainduz. Horren adibide dira PNVko Ricardo Ituarteren adierazpenak, mobilizatu zirenak euskal faxista izendatuta. Hau da zuen elkarbizitza, errespetu eta pluraltasuna?

Euskal Herriko jendarte sektore zabalen zentzu komunaren arabera, faxismoak ordezkatzen duen guztia gure kaleetan omentzeak proiektu hori justifikatu eta berresten du. Eta gainera, nazio zapalkuntza hori bizi (izan) dugun herri guztiekiko errespetu falta eta irain ikaragarria da. Mundu hobe baten alde sinisten duen ororen eginbehar moral eta politikoa izan beharko litzateke faxismoaren adierazpide oro gaitzetsi eta balore eraldatzaileek ardaztutako herri bat aldarrikatzea, gure plazetatik hasita. Hori egin zuten gasteiztarrek urriaren 12an.

Faxismoak lekurik izan ez dezan Euskal Herrian, inoiz baino garrantzitsuagoa da espainiar proiektuari kontrajartzen zaion egitasmo hori kalera eramatea, Euskal Herriaren zein beste herri zapalduen duintasuna eta borroka ikusaraziz. Urte luzeko ibilbidea duten praktika horiek ofentsiban kokatu behar ditugu; independentzia aldarriak, antifaxismo mezuak, kolonialismoaren salaketak, herri eskolak, Euskal Herriko ikurrak, gure hizkuntza...

Izan ere, bide oso bat dugu aurrean; noizbait zerbait ospatuko badugu, hori ekinez espainiar proiektua zein erakunde faxistak Euskal Herritik kanporatuko ditugun eguna izanen da. Bitartean, urriaren 12 guztietan gazteok aldarri argiak zabaltzen jarraituko dugu; gu ez garela espainolak, eta ez dugula etsiko Euskal Herria antifaxista, euskalduna, antiarrazista eta feminista eraiki arte. Ekinez eginen dugu.

Buscar