Joxe Iriarte «Bikila»
Alternatibako kidea

Faxismo berriari aurre egiteko batu gaitezen!

Aspaldi honetan, urteetan bazterrean egondako faxismoaren arazoa lehen lerroan jarri zaigu. Atzoko eta gaurko faxismoa fenomeno bera dira? Badute antza, baina gauza bera dira? Zenbateraino zaigu arriskutsua? Hara zer esaten digun gaian aditua den Enzo Traversok: «Trantsizio-prozesu baten erdian gaude, eta prozesu horren emaitzak oraindik ezezagunak dira eta irekita daude: XXI. mendeko New Deal bat, eta klima-aldaketari aurre egiteko eta berrogei urteko neoliberalismoak eragindako eraldaketak iraultzeko gai izango gara; edo bestela, eskuin muturrerantz bira bat suertatuko da, gure planeta iragarritako hondamendira eramango duena».

Sortu zenean, iraultza komunista-internazionalistaren aurrean faxismoak nazioa birsortzeko proiektu bezala azaltzen zuen bere burua, komunitate etniko eta arraza-komunitate homogeneo gisa ikusita. Hori baita faxismoaren muina.

Faxismo klasikoa ideologia eta iruditeria utopiko batean oinarritzen zen, gizon berriaren mitoa eta handitasun nazionala sortzean. Eskuin muturreko mugimendu berriek ez dituzte zutabe horiek guztiak. Bere erradikalismoak ez du iraultzaile itxura ere hartzen, eta bere kontserbadurismoak −balio eta kultura tradizionalen defentsa, identitate nazional mehatxatuak eta desbideratze sexualen aurkako errespetagarritasun burges bat− ez du inolako etorkizunik utopien ideietan.

Izan ere, oraingo lexiko faxistak beraiek imajinatutako komunitateen ezaugarri edo, hobeto esanda, mito berriak erakusten ditu. Berrezarri behar den ustezko jatorrizko garbitasun bat izendatzen du eta horren aurka ari diren arerioak identifikatu: immigrazioaren −ordezkapen handia−, arraza-inbasioaren, feminismoaren eta LGTBIQ+ aktibismo-taldeen eraginez, balio tradizionalen galbideratzea; islamismoa eta haren agenteak (terrorismoa eta «islamiar-ezkertiartasuna»), eta abar.

Nahiz eta etnonazionalista, autoritarioa eta erreakzionarioa izan, eskuin berri honen zatirik handiena ez da faxista bere zentzu klasikoan. Ez dira masa-mugimenduak eraikitzen ari demokrazia burgesa eraisteko; aldiz, demokrazia burgesaren barruan hauteskundeak irabazten saiatzen ari dira, eta Estatua gizarte ordena berrezartzeko erabiltzen ari dira, lege eta agindu politiken bidez hainbat errugaberen aurka joz, bereziki pobreziatik, krisi politikoetatik eta klima aldaketatik ihes egiten duten etorkinen aurka.

Estatu Batuetan, Europan, Indian, Errusian eta beste estatu batzuetan, eskuin muturra populazio musulmanari erasotzearekin obsesionatuta dago bereziki. Ia salbuespenik gabe, eskuinak ordena soziala berrezartzea agintzen du, familia balioak feministen, trans pertsonen eta LGTBIQ+ aktibisten aurka ezarriz.

Ideia horiek oso garbi azaldu zituen Giorgia Melonik, Vox-en hauteskunde mitin batean emandako hitzaldian: «Gure identitate guztiari eraso egiten ari dira»; eta «Greta Thunbergen ideologia ekologistaren» eta «fundamentalismo klimatikoaren» aurka egin zuen, baita genero-ideologia deitu zuenaren aurka ere. Haren arabera, ez genero-ideologiari; bai bizitzaren kulturari, ez heriotzaren amildegiari; bai Gurutzearen unibertsaltasunari, ez indarkeria islamistari; bai mugen segurtasunari, ez immigrazio masiboari; bai gure herriaren lanari, ez nazioarteko finantzei; bai herrien subiranotasunari, ez Bruselako burokratei; bai gure zibilizazioari, ez suntsitu nahi dutenei».

Gurutzada horrekin batera, gerra ideologiko bat dago, nazioaren aurkakoak kriminalizatzen dituena; hau da, marxistak, klima mugimenduak (ekoterrorista gisa definituak), feministak, LGTBIQ+ mugimenduak, GKEak, arrazismoaren aurkako erakundeak, antifaxistak eta, oro har, aurrerakoiak.

Beraz, nazioaren birsortzea edo errenazimentua baino, diskurtso guztiz defentsiboak, besteen beldurrean eraikitakoak, oso muturrekoak, oraingoz denak instituzio liberaletik eginak dira. Oraingoz ez baitu aldarrikatzen haien suntsipenik, bere erabilera baizik, gurutzada berriaren alde. Gogoratu ditzagun faxismo-nazismo-falangismo zaharrak estatu diktatorialak eta kriminalak zirela.

Horrek esan nahi du ez dagoela arrisku faxistarik? Inola ere ez. Eskuin muturreko mugimenduen, alderdien eta gobernuen gorakada ikaragarriak argi eta garbi erakusten du faxismoa alternatiba bilaka daitekeela. Are, faxistizazio prozesuaren lehen edo bigarren fasean geundeke, zeina oraingoz estutu liberala bere alde jartzeko ahaleginera mugatzen den; baina hirugarrenean, behar izanez gero estatu totalitarioari heltzeko jauzi egiteko prest.

Toni Negriren aipu batekin bukatu nahi dut: «Ez izan beldurrik. Erresistentzia sendoa eta eraginkorra eraikitzeko baldintza da. Faxismoa beldurraren eraginez nagusitzen da; beldurra sortzen du, beldurraren bidez eratzen eta kateatzen du herria. Beldurrik ez izatea, hori da gaur egun basakeria faxistaren itzuleraren aurrean egin behar duguna (...). Beldurrik ez izateak esan nahi du pasioak askatzea eta, horrela, atxikimendu faxistaren prozesuak hutsik utzi dituen forma linguistiko horiek betetzea. Badirudi mendea ilundu egingo dela: beldurra baztertzea, erresistentzia sortzea, batez ere itzalak uxatzea da hitzen zentzua birkonkistatzea».

Horrek esan nahi du, nire uste apalean, gure aldetik politikoki egoerari aurre egiteko estrategikoki zein taktikoki gai izan behar dugula. Frantzian demostratu da zer garrantzi duen helburu minimo batzuen baitan faxismoaren aurkako indarrak batzeak, kalean zein instituzioetan, eta ezinezkoa zena posible bihurtzeak. Eta hemen zergatik ez Fronte Herritar nazio anitza (esan nahi baita nazio bakoitzaren berezko aldarria bultzatuko duenaz gain, bere baitako indar eragileen araberako frontea eratzea), zeina, eraldaketa programa minimo batean oinarrituta, gauden paralisi egoeratik ateratzeko baliagarria izan daitekeen? Parlamentu espainiarren zepotik irten ahalko gara eta, bidenabar, PSOEren mendekotasunenik libratu. Kalea eragile bihur dezagun.

Buscar