«Festa» dezagun gaurdanik geroa!
Eduki sinbolikoa duten eta errealitatea modu trinkotu batean adierazten dituzten jendarte eta kultur adierazpen sozialak dira jaiak. Sentsazio eta emozioen prozesuen bidez norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute. Bizitzaren erdigunean kokatzen ditugu, balio, nortasun eta jendartearen egiturarekin lotura dutelako.
Herriaren nortasuna, jendarte egitura eta hortaz, bertan gertatzen diren zapalkuntza eta diskriminazioak adierazten dituzte.
Jaiek eta errituek jendarte ordena erreproduzitzen dute: botere harremanak, diskriminazioak, rol banaketa eta emakume eta gizonen irudi idealizatuak. Jaiek sortzen duten euforiari jaietan «dena posible» delako premisa gehituz gero, eraso sexistak, jarrera oldarkorrak, mugak ez errespetatzeak eta errespetuan oinarritzen ez diren harremanak indartzen dira.
Emakumeen aurkako indarkeria jaietako edozein leku eta momentutan gertatzen da modu eta intentsitate ezberdinetan: irainak, adierazpen sexistak, gutxiespenak, jeloskortasunak, zirriak, kolpeak, jipoiak, bortxaketak, erailketak… Kezkagarriak dira dagoeneko aurten Euskal Herriko jai desberdinetan gertatu diren eraso sexistak. Festa batzordeetan eta koordinadoretan, eta, nola ez, festetan, gertatzen diren eraso sexistak ekiditeko, erantzuteko eta salatzeko bitartekoak sortzea beharrezkoa da, jaien eraldaketaren ardura herriarena den heinean bide horretan pausoak ematen joatea ezinbestekoa delako.
Badirudi jaietan gertatzen denak ez diola eguneroko bizimoduari eragiten, baina jaiak ez dira eguneroko errutinetatik eta arauetatik kanpo kokatzen, ez daude jendarte errealitatetik at. Ez dira gune isolatuak eta beraz jendartearen bilakaeran dauden ohituren aldaketen norabide berdinean joan behar dute. Tradizioaren izenean eragiten diren diskriminazioei aurre egin, bestelako ereduak eraiki eta birpentsatzen joateak denon ardura behar luke. Tradizioa ez baita zerbait hertsia eta monolitikoa, esentzian oinarrituta bizirik eta etengabeko aldaketan dagoen zerbait da. Kultur sortzaileak izanik, herritarrek erabaki behar dugu, komunitatean, tradizio batek iraun edo hil behar duen, berrikuntzak sartu behar diren eta zein norabidetan gertatu behar duten berrikuntza eta aldaketa hauek. Jendartean egin nahi ditugun aldaketek ere gure herriko jaietan isla izan behar dute, festetan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako, guk eraikitakoa guk alda dezakegulako.
Jai giroan gauzatzen diren kultur praktikak imajinario kolektiboa eraikitzeko bide eraginkorrak izan dira eta badira. Guk imajinario kolektibo horretan eragin eta bestelako erreferentzia eta ereduak eskaini nahi ditugu. Bide horretan, herri jai feministen aldeko jardunarekin jarraitzeko gonbita egin nahi dugu. Horretarako ezinbestekoa deritzogu jaietan ere ikuspegi feminista txertatzen joateari, eta egun dauden egiturazko zapalkuntza guztiei aurre egingo dion lanketarekin jarraitzea. Jai eredu berri horiek sortze bidean herri batzuetan emakumeen presentzia eta parte hartzea sustatzeko dinamikak sortu dira: brigada feministak, emakumeok plazara eguna, e.a. Horrela, norabide honetan jarraitzeko gonbita egin nahi dugu Euskal Herriko jaiak guztiontzako espazio seguru eta gozamen iturri bihurtzeko. Soilik gure jardunaren eta ekintzen jabe bagara eskaini ahal izango ditugu guztiok gozatzeko moduko ikuskizun, kalejira, harreman, musika, otordu, txaranga, jolas zein dantzak. Horrela, gure jai ereduen prestaketa, antolaketa, eta garapena bera, prozesu kontziente bilakatu behar ditugu zirrikitu guztietatik, eta ezarria den ordena soziala eraldatzeko baliatu.
Feminista bezala, festez balia gaitezen sistema desafiatzeko. Desafia ditzagun genero rolak, binarismo zanpatzailea, baita heteroaraua ere. Bide horretan, festak gure egin ditugu, espazio feminista eta iraultzaileak sortzeko.
Norbanakotik kolektiborako bidean, geroa gaurdanik eraikitzen delako, erabil ditzagun festak elkartasunean oinarritzen diren harreman eredu berriak sortzeko!
Sor ditzagun guztiok eroso sentituko garen espazio feministak!