Lur Albizu eta Mikel Urdangarin
Ernaiko kideak

Gazteok ere baietza sortzera!

Itxaropentsu gaude, gure buruen jabe eginez irribarrea bandoz aldatzeko aukera errealak ditugulako. Estatuek indarra dute baina politikoki ez dira indartsuak. Gehiengoa gara gutxi batzuen diru gosearen aurrean denon bizitzak lehenesten ditugunak. Iraultza feminista abian da eremu orotan. Usteldutako hesola bota dezakegu. Dena aldatzeko dena erabakiz, bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza ardatz, baliabide kolektiboak euskal herritarron borondate nahiz behar kolektiboen zerbitzura jarriko dituen errepublika eraikitzeko tenorean gaude.

Gaztea izatea eta iraultzailea ez izatea kontraesankorra omen da biologikoki ere. Hala dio aipuak, eta hala berresten du historiak, gazteok baikara herri matxinada ororen motorra.

Euskal Herriko kasuan ere, azken hamarkadatan nabarmentzekoa izan da gazteriaren ekarpena. 36ko altxamendu faxistari hortzak erakutsi zizkieten milaka euskal gaztek, maite dan askatasunari dena emanez. 60. hamarkadan Euskal Herria lozorrotik eta erresumin girotik esnarazi zuen gazteri berriak. «Gazte eroak» deitu zieten. Ez erotuta zeudelako, baizik eta jokalekua irauli zutelako, agortutako estrategia eta pentsaerak gaindituz, ezinezkoa zirudiena posible eginez eta eraitsi ezina zirudien diktadura frankistaren zutabeak hankaz gora jarriz. Diktadorea hil ondoren, «trantsizioa» deitutako iruzurrari eta horren ordaina zen 78ko erregimenari aurre egin zioten orduko gazteek, demokratizazioaren aldeko apustu erradikala eginez. «Dena lotuta eta ondo lotuta» utzi nahi bazuten ere, zutik jarraitu zuten Zona Especial Norte deitu zioten herri honetan, aldaketarako aukera irekita mantenduz. Horren aurrean estatuen erantzuna argia izan da: ilegalizazioak, atxiloketak, torturak… oztopoak oztopo, ezin izan dute askatasunaren aldeko borrokaren haria eten.

Herritik, herriarekin, herriarentzat eta herri izanez, izugarrizko lana egin da: ikastolak, euskalduntzeko eskolak, kultur adierazpide anitzak, gaztetxe eta gazte asanbladak, proiektu komunikatiboak, OTANi ezetza, Lemoiz gelditu, langile eskubideen defentsa, feminismoaren aldeko borroka, derrigorrezko soldaduska intsumitu, errepresioaren aurkako ekimenak... Bide batez, sekulako baldintzak sortu dira: zentzu komun aurrerakoia, ehun komunitario sendoak, egungo marko juridiko-politikoaren agorpena, zeharlerroa den sumindura, burujabetza premia erdigunean, feminismoa bogan… aitzitik, ereindako haziaren uzta jasotzen ari gara gaurdanik: Ipar Euskal Herrian instituzio propioak, Nafarroako erregimenaren eraispena… askatasunaren aldeko milaka militanteren borrokari esker, bide oparoa urratu da.

Iraganaz ikasi eta aurrera begiratzeko garaia da, aipatutako baldintzak aprobetxatuz ametsak egi bihurtzekoa. Hanka bat lokatzetan, uneak eskatutako moldeak eta estrategiak garatuz, garaira egokitutako zerumuga, autoritate, epika, estetika, metafora, sinbolo, mito, eskema edota ereserkiak garatuz. Erresistentziatik eraikuntzara, baietza sortuz, Euskal Herria independente, sozialista, feminista eta euskalduna aldarrikatzetik gauzatzera pasatzea da aro honetako erronka.

Maitasunez, konpromisoz, erantzukizunez eta eskuzabaltasunez, hala egitera goaz. Eguneroko txinaurri lanean oinarrituz, milaka gara baietza sortzen dugun gazteok: neska gazte taldeetan, bizi prekarietatearen aurkako borrokan, jai herrikoien auto-antolakuntzan, hezkuntza erreformen kontra eredu propioa garatuz, gazteon nahi eta beharrei erantzungo dien proiektuen eraikuntzan… finean, milaka gara jasaten ari garen iruzurrari aurre egin eta era duinean lan, ikasi eta bizitzea ahalbidetuko digun alternatiba eraikitzen ari garenak. Bulkada berrien bidez, lan hori biderkatzea dagokigu orain.

Izan ere, bizi egin nahi dugu, ez iraun. Haserre gaude eta ez gara zenbait ogi apurrekin konformatuko. Ez dugu onartuko bankuak erreskatatu eta gazteok, pentsionistak nahiz, oro har, herritarrok prekarietatera kondenatzea; Rato gangsterra edo torturatzaileak inpunitatez libre utzi eta Altsasuko gazteak, txiolariak, Kataluniako errepublikarrak, abeslariak eta abar zigortzea; emakumeak sistematikoki bigarren mailako herritar izatea; hautetsontzietan bozkatzea bera delitu bihurtzea… azken batean, ez dugu onartuko erregea, Ibex35-a, M. Rajoy ustela edota Rivera ultra jaun eta jabe diren erreinuak erabaki dezan gure bizitzen gain. Bide batez, itxaropentsu gaude, gure buruen jabe eginez irribarrea bandoz aldatzeko aukera errealak ditugulako. Estatuek indarra dute baina politikoki ez dira indartsuak. Gehiengoa gara gutxi batzuen diru gosearen aurrean denon bizitzak lehenesten ditugunak. Iraultza feminista abian da eremu orotan. Usteldutako hesola bota dezakegu. Dena aldatzeko dena erabakiz, bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza ardatz, baliabide kolektiboak euskal herritarron borondate nahiz behar kolektiboen zerbitzura jarriko dituen errepublika eraikitzeko tenorean gaude. Azken hilabeteetako mobilizazio historikoek erakutsi dutenez, olatu mobilizatzaileetatik herri tsunamira, badago nahikoa gihar. Horrek ilusioa sortzen du, herri honen askatasunaren historia idazteko grina.

Iraultzara deitu zuen oihuaren oihartzuna entzuten dugu inoiz baino ozenago. Kaleetan. Gure baitan. Borrokarako dei eginaz irrintzi bat dabil. Konpromisoak eta ilusioak eraberrituz aro berriari indartsu ekiteko garaia da. Ausardiaz, anbizioz eta irudimenez, baietza sortzekoa. Irabaztekoa. Bide horretan, larunbatean Miribillan ikusiko dugu elkar.

Buscar