Larraitz Ugarte
Abokatua

Gehiengoak ulertzeko manerak

Ez dadila inor gehiengo osoaren lasaitasunarekin hiperbentilatu, gehiengoak lortzen diren bezala galdu egiten dira eta.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak data hauetan egin ohi duen bileraren ostean zerga bilketa uste baino hobeto joan zela zioen bertsioa bota zuen. Zehazki, 1.520 milioi euroko zerga bilketa jaitsiera eman bada ere (%9,8), azkenean bilketa urriko bilkuratik ateratako prebisiotik 537 milioi euro gehiagoan geratu da. Aurreikuspen kontserbadoreek berez emaitza txarrak direnak leundu dituzte, 2020ko zerga bilketaren jaitsiera ia-ia albiste on bilakatuz.

Testuinguru honetan, beraz, administrazioek diru gutxiago izango dute eta beharrak, bistan denez, asko handitu dira. Administrazioek zorpetzera jo dute eta, hori egitea beharrezkoa bada ere, anbizio gutxirekin jokatzen ari dira. Krisiak astindu dituen sektoreak, osasungintzaren indartzea, hezkuntzan ditugun erronkak, ehun ekonomikoan eragiteko politikak, zaintza sistema publiko eta egokiak... Ez ei da momentua erreforma fiskalaz hitz egiteko, inoiz ez den lez.

Ekonomiaren onurarako gehien dutenak babesteko momentua da, beti bezala, inoiz ez denean frogatu gehien dutenak babestea eta zama fiskala baxu mantentzeak herritarren gehiengoan eta sistema produktiboan onurak ekartzen dituenik. Klase interesak defendatzeko batzuen herrak baliabide gehiago izateko aukerak zangotrabatzen ditu garai gogorrotan. Ikuspegi eraldatzaile batetik ulertezina den bisio politiko horrek gidatuko ditu datozen urteetako finantzak eztabaida hori agenda politikoaren lehen lerroan kokatzeko gai ez bagara. Baina aizue, bitartean, iragarpen ekonomiko baikorrak egin dizkigute eta herritarroi eskatzen zaigun fedeari eutsi beste erremediorik ez omen dugu.

Testuinguru honetan aldatuko omen dute Ekarpen Legea, aldundien zerga bilketatik EAEko erakundeen artean dirua nola banatuko den erabakitzen duena. Udalen partetik beti egon da kexa eurei esleitzen zaien zatiaren eta dituzten eskuduntzen arteko desorekaz; hala, dituzten finantzaketa beharrak maiz mahaigaineratu izan dituzte. Lurraldeen artean ere badago historikoa izan den borroka, arabarrak eta gipuzkoarrak bizkaitarrekin alderatuta diskriminatuak ote dauden ingurukoa. Edonola ere, Azpiazu kontseilaria argia izan zen bileratik ateratzean: gehiengo osoa baliatuko dute beste alderdiei atxikimendu itsua edo kontrakotasuna, beste alternatibarik utzi gabe.

Deigarria da Jaurlaritzak darabilen diskurtsoa. Gehiengo osoa Ekarpen Legea berritzeko, baita aurrekontuak oposizioaren ekarpen guztiak alboratuz onartzeko ere, Zaldibarren gertatua ez argitzeko, Europako funtsen inguruan Madrili proposamenak euren nahierara bideratzeko; gehiengo osoa txertoen inguruan egindako kudeaketa kaskarra (eta are nepotista eta bentajista) deitoratu beharrean norbere kontseilariak babesteko...

Arrakasta inflazioaren irudia saldu nahi horrek, baina, epe ertain eta luzera herri honetako kultura politikoan izan ditzakeen ondorioez gain (konfiantza eta akordio esparruak erabat hautsiz), herri honen datozen urteetarako kudeaketan eta politiketan atzera-buelta zaileko agertokiak iragartzen dizkigu. Panorama eskasa gehiengoa modu absolutistan eta are prepotentean oinarritzen bada.

Ez dezagun ahaztu, halere, gehiengo osoaren atzean inoizko boto kopuru txikiena lortu duen alderdi bat dagoela, galera-datuen interpretazioan itsu dabilena. Herritarrengandik urrun, EAEko hiru lurraldeak kortijo bat balira bezala kudeatzearen formulak, nekealdi sintomak erakusten ditu.

Kezkagarria iruditu zait txertaketen kasuan agerian geratu dena. Sabasen whatsappek erakusten dutena larria da oso: guztiona dena nola erabil daitekeen magnanimotasun eta eskuzabaltasun partikularra mozorrotzeko. Funtzionatzeko molde oso baten metafora da, urte luzez barneratutako kultura politiko baten erakusle, txertoak nahierara banatzea etikatik hain urrundua dagoela ere ahaztu duen batek soilik izan dezakeen naturaltasunarekin adierazia. Sabasen naturaltasun berdinarekin erantzun zuen Sagardui kontseilariak ere, harik eta auzia medioetan atera zenean ohartu ziren arte hori ezin dela egin, gaizki dagoela. Korrupzioa modu inkontzientean egiten denean ohartzen zara zein urrun joan den pertsona edo alderdi bat, eta hori da honetan guztian kezkagarriena: arduradunek izan behar duten etika politikoa zartatzen ari diren kontzientziarik ere ez izatea.

PSEren posizio politiko ez-deus eta ahulak ere badu zer aztertu eta zertaz kezkatu. EAJri pilatzen ari zaizkion kudeaketa kasu ustelen aurrean isilik eta otzan dago gobernu bazkidea, bere jendearen postuen truke, arima saltzen duen printzipiorik gabeko proiektu bihurtuta.

Egoera horrek eta are gizarte modernoen bilakaerak, kogobernantza eremuak, gehiengo osoen aplikazio absolutistatik kolaboraziora jauzi egitea eskatzen du. Proiektu ezberdinak egon arren, mundu ikuskera antagonikoak batzuetan, minimo batzuen gaineko akordioak lortzeko gai izango diren esparru eta liderrak behar ditu herri honek eta gaur egungo Urkulluren Gobernuak ez ditu urrutitik ere gaitasun horiek erakutsi. Lidergo hori, baina, ezin da etika politiko kontziente barik garatu. Guztiona guztiona dela ulertzetik abiatu behar da, guztionaren kudeaketa irizpide objektiboen arabera banatuz eta ez eskuzabaltasun nepotisten arabera. Eta ezarritako arauak guztiontzat, LABIko kidearentzat herritarrentzat bezala, direla erakusteak lagun dezake.

Buscar