Joxean Agirre, Maribel Aiertz, Jon Alonso*
Idazleak (76 idazleren izenean)

«Gernikako Arbola»-ren aldeko proposamena

Gure zabalera zatituaren, aniztasun kulturalaren eta proiektu politiko diferenteen gainetik, komunitate bat dugu, eta sinbolo komun eta adostuak izatea komeni zaigu.

"Gernikako Arbola" gerra karlisten sasoian sortu zen, eta, halere, bai karlistek bai liberalek abestuko zuten laster. Hegoaldeko euskaldunen artean zabaldu zen, eta iparraldean ere bai, eta munduaren bestaldera joandako euskaldunek ere hartu zuten sorterriaren himnotzat. Abesti hori gauza izan zen luzaroan euskaldunen bihotzak bateratzeko: Espainia monarkikoaren aldekoak nahiz Euskal Herriaren independentzia imajinatzen zutenak, Frantzia errepublikanoa nahi zutenak nahiz komunista edo anarkista internazionalistak.

Bazirudien "Gernikako Arbola" zela euskaldunen berezko himnoa. Baina orain berrogei urte, instituzionalizazio berrian, beste himno batzuk ofizialdu ziren eta, apur-apurka baztertu zen "Gernikako Arbola". Euskal Autonomia Erkidegoak "Eusko Abendaren Ereserkia" hartu zuen himnotzat 1983an, eta Nafarroako Foru Komunitateak "Korteetako himnoa" aukeratu zuen 1986an. Hirugarren lurralde euskalduna, Euskal Elkargoa, himno ofizialik gabe dago oraindik. Baina aurreko biak ere Euskal Herriaren zati batekoak dira. Euskaldunok baditugu gure herrialde guztietan errotu eta zabaldutako abestiak: "Agur Jaunak", "Eusko Gudariak", "Txoriak txori", eta abar, baina herri himno tradizioa eta onarpen orokorra Jose Maria Iparragirren "Gernikako Arbola"-k izan du.

Mila literatur aipamen bildu daitezke "Gernikako Arbola"-z. Miguel Unamunok sarritan aipatu zuen; askatasunaren zuhaitzaren fruitua munduko herrialde arraroetan zabaltzearen ideia gustatzen zitzaion berari bereziki. Felix Urabayenek idatzi zuen, euskal lurraldeetan, baserririk urruneneko baserritarrik ilunenak ere ezagutzen zuela abesti ikaragarri hori. Roberto Arltek "Aguafuertes vascas" liburuan "Gernikako Arbola" «euskaldunen Marseillesa» izendatu zuen, halako garrez abesten baitzuen jende guztiak. Martha Gellhornek "The heart of another" ipuin liburuan kontatu zuen Chicagoko Rainbo Garden frontoian entzun zuela, hango pilotariak eta gero senarra izango zuen Ernest Hemingway ezagutu zituenean: bazioen han, euskaldunen himnoa harrotasunez, errespetuz eta minez abesten zela. Eta abesti hain ederra hain ondo abesten entzunez konturatu zela euskaldun haiek sorterria benetan maite zutela.

Euskaldunok zatiketa historia luzea bizi izan dugu, zoritxarrez. Geure arteko borrokaldiak ere bai. Elkarbizitza baketsu eta onuragarria ez da berezkoa, baizik behin eta berriro eraiki beharreko zerbait. Gure zabalera zatituaren, aniztasun kulturalaren eta proiektu politiko diferenteen gainetik, komunitate bat dugu, eta sinbolo komun eta adostuak izatea komeni zaigu. Horregatik proposatzen dugu euskaldun guztien himnotzat "Gernikako Arbola". Musikari-talde handi batek egindako hasierako proposamena historialari ezagunek eta kultura-eragile ugarik babestu dute. Euskal idazleok ere bat egin nahi dugu adostasun sinboliko horren alde.


*Sinatzaileak: Joxean Agirre, Maribel Aiertza, Jon Alonso, Martín Anso, Pello Añorga, Joxe Agustín Arrieta, Ignacio Amestoy Eguiguren, Iñaki Arranz, Joseba Aurkenerena, Eneko Barberena, Pablo Barrio, Marie Jose Basurco, Koldo Campos, Antonio Casado de la Rocha, Jean Louis Davant, Arrate Egaña, Iñaki Egaña, Juan Martin Elexpuru, Idurre Eskisabel, Kris Etxabe, Eneko Barberena, Jose Ramón Etxeberria, Xabier Etxeberria Garro, Luzien Etxezaharreta, Fátima Frutos, Aintzane Galardi, Lander Garro, Garazi Goia, Ione Gorrostazu, Miren Gorrotxategi, Mikel Hernández Abaitua, Iñaki Irazabalbeitia, Joxe Iriarte Bikila, Joxe Mari Iturralde, Irati Jimenez, Edorta Jimenez, Josu Jiménez Maia, Colette Larraburu, Anjel Lertxundi, Eukene Lizeaga, Patxi López de Tejada, Toti Martínez de Lezea, Luis Martínez Garate, Ainara Maya, Jon Maia, Xabier Mendiguren, Antxine Mendizabal, Jesus Mari Mendizabal Bizargorri, Inazio Mujika, Iñaki Odriozola, Jesús Mari Olaizola Txikilu, Markel Ormazabal, Txomin Peillen, Alvaro Rabelli, Paddy Rekalde, Eider Rodríguez, Andoni Salamero, Miguel Sánchez Ostiz, Rubén Sánchez Bakaikoa, Joseba Sarrionandia, Xabier Soubelet, Pako Sudupe, Mikel Soto, Mikel Taberna, Garbiñe Ubeda, Joseba Mikel Ugalde, Rafa Ugalde, Patxi Zabaleta, Markos Zapiain, Edu Zelaieta Anta, Esther Zorrozua, Koldo Zuazu, Iñaki Zubeldia, Maddi Zubeldia, Puri Zugasti eta Joseba Zulaika.

Buscar