Larraitz Ugarte
Abokatua

Gerraren albo kalteak

Marko arriskutsua ezartzen ari dira, gertatuko dena halabeharrez, ezinbestez eta modu ekidinezinean gertatuko denaren ideia txertatzeko saiakera gogorrean

Pandemiatik ateratzen ari ginela, ekonomia eta bizipoza berreskuratzen, gerrak harrapatu gaitu bete betean eta bien arteko paralelismoak ezagun egiten ari dira. Orduko hasiera haietako inozokeriak kalte handia egin zuela ondorioztatu eta orain mundu guztia ari da zuhurtziaz okerrena iradokitzen aurreratzeko lehian. Eta hasiak gara agintariak «gerra ekonomiaz» hitz egiten entzuten. Supermerkatu alemandar merke-marka baten aurrean egin ditu adierazpenok Iñigo Urkullu lehendakariak, kontsumitzaileoi bertan erostera animatu nahi baligu lez, oinarrizko produktuen prezioaren gorakada itzelari modu barregarrian erantzunez. Borrell aitatasun desinteresatuaren trazak eginez eta jarrera aktibista-politiko-militanteak proposatuz, «Gutxiago gastatu, ez piztu kalefakzioa, argirik gabe ere ondo zaude...» esaka, Errusiarekiko dependentziarik ez izatean omen datzan erronkan. Hotz energetikoa eta gutxiago jatea dira mantra berriak, baina ez munduaren biziraupenerako ohitura aldaketen beharraren gogoeta batek eraginda, ez, ezbeharretara ohitu behar den gizarte batean konformatzera gonbidapen gisa baizik.

Marko arriskutsua ezartzen ari dira, gertatuko dena halabeharrez, ezinbestez eta modu ekidinezinean gertatuko denaren ideia txertatzeko saiakera gogorrean. Gerra Europan da eta europarrok gerraren ondorioak pairatu beharko ditugu. Bizitza garestituko zaigu, bai, baina ez da beti gerrarengatik izango, hainbatetan gerrari esker baizik. Azkarrak dira zenbaitzu ziurgabetasun testuinguruetan etekinak ateratzen. Eta babes politikoarekin kontatuko dutela badakite. Ekonomia pixkanaka geldotzen doa. Garraiolarien greba baten atarian gaude, supermerkatuetako apal hutsen argazki agian histeriko agian premonitorioak ikusten hasiak gara, produkzio kate batzuk itxi dira dagoeneko eta lantegi osoak ari dira uda bitarteko kontingentzi planak egiten.

Ingurumari horretan, oinarrizko produktuen prezioek goraka jarraituko dutela inork gutxik jartzen du zalantzan eta horrek pandemiatik kaltetuta atera diren sektoreak are eta zaurgarriago bilakatuko ditu. Gerraren kalteak, albo ondorioak, nork pairatu behar dituen da mahai gainean jarriko den, batzuek dagoeneko jarri duten, eztabaida. Errenta paktuetaz hitz egiten hasi dira eta azkar batean atera dira hainbat sindikatu ulerkor beste masaila jartzera. Denok eman behar dugu zerbait desorekatuaren aurrean gaude berriro. Geroz eta abiada gehiagorekin iristen gara puntu horretara. Soldata izozte edo jaitsierak, kontsumo ohituretan aldaketak... gerra honek asko irauten badu denetarik egin beharko da, seguru. Denoi okertuko zaigu bizitza eta arrazionalak izaten badakigu. Baina ez diezagutela berriz gure gain jarri zama guztia gizarte arrakalak geroz eta jasanezinagoak baitira.

Gobernuek eta Europar Batasunak badu ardura garrantzitsu bat gerra honekiko diskurtso belizistetan eta Errusiari ezarri beharreko santzio ekonomikoez jardun beharrean herritarrak babesteko neurriez jardun beharko luke dagoeneko. Hasi dira gauza batzuk iradokitzen baina faltan botatzen ditut gobernuen ekonomiaren eta bereziki sektore energetikoaren gaineko politika interbentzionistak eta gerra garairako herritarrontzat babes neurriak mahai gaineratuko dituztenak, gasaren edota argindarraren prezioaren erregulaziotik hasi eta populazio sektore zaurgarrienentzat arrazionamendu kartilletaraino joan daitezkeenak. Instituzio eta gobernu nagusiek erabakien azkartasuna eta borondate politikoa batu behar dituzte berandu izan baino lehen.

Ekonomiak haina kezkatzen nau ezartzen ari den giroak, baina. Gerrak eztanda egin baino lehen inork gutxik uste zuen Putinek Ukraina inbaditzeko eta eragiten ari den sarraskia eragiteko ausardia izango zuenik. Gero, azkar joango zela zioten ahotsak zeuden. Baina Putin ausartu zen, Ukrainiak borrokatzea erabaki zuen eta Europak diskurtso belikoari ekin zion arintasun handiz. Gerran parte hartu edo armak bidali, gerra jarraitzeko borondatea du klase politikoak eta hemengo lurretan ere Ukrainiako defendatzeko eskubidearen aldeko gerra diskurtsoak idazten ikusi ditugu beti injustua denaren defendatzaile sutsuek. Atentzioa deitu zidan bereziki Noticias taldean idatzitako artikulu batean parlamentari batek bere amari nola defendatzen dion bide diplomatikoen errefusa bide armatuen alde. Hori bezala dabiltza europar ezkerreko indar aunitz. Eta honela, iparra galduta, gaizki gabiltza. Gaizki gabiltza gerraren apologia egiten bagabiltza, holako arinkeriaz hitz egiten badugu milaka hildako eta milioika errefuxiatu eragingo dituen gatazka batez, bereziki kezkagarria da publikatu diren inkestetan jendearen gehiengo zabalak, ezker-eskuin, armen bidalketa masiboa defendatzen duela ikusteak. Agintari belikoenak, autokratenak, badira jarraipen handiena dutenak etorkizuna beltz datorkigu. Irakeko gerrak Espainian martxoak 11ko Madrilgo atentatuetan izan zuen erreplika ahaztu zaigula dirudi eta berriz ere diskurtso testosteronikoenak uneko gerra ideologikoa garaitzen ari direla esango nuke.

Eta honek, mentalitate beliko honek, prezioen gorakadak bezainbeste edo gehiago kezkatu behar gintuzke. Zer nolako gizartea, zer nolako nazioarteko orden berri etor daitekeen ikusteke dago (NATOren indartzea eta prestigiatzea besteak beste) eta hor herritar xumeok, zaurgarri gara. Bihar etxeko atean izan daitekeela sinetsita gaude duela lau hile ezinezkoa iruditzen zitzaiguna. Mundu ikuskera bera, gu munduan gauden eta egon behar dugun moduaz erreflexio partekatu bat behar dugu. Gerraren aurkako korronteak esnarazi behar du jendartea gerraren aldekoen hipnositik. Badira zimenduak: herri honen NATOri ezezkoa, euskal mugimendu antimilitaristak soldaduskarekin amaitu zuenekoa, zentral nuklearrik ez jartzea lortu zenekoa, Golkoko gerraren aurkako ikasle greba amaigabe haiek... badago gerrarik gabe eta herrien burujabetzaren errespetuz mundu hobe bat eraikitzeko aukera. Euskal Herritik bai behintzat. Aterkia irekita itxoitea ez da aukera bat.

Buscar