Julen Begiristain Baztan
Andoaingo Maripi Arruiz Ipar Haizea herritar plataforma

Gipuzkoako etorkizuna eraikitzen ari omen dira…

Ze balorizazio? Zubietako errauskailuak energia elektrikoa sortzeagatik daukan balantze energetikoa oso eskasa da 0,30% ingurukoa.

Olanok eta Asensiok, hedabide batzuen laguntzarekin (Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa eta EITB) klima aldaketaren kontra lan egingo dutela diote. «La valorización energética contribuye a frenar el cambio climático» zioen Foru Aldundiko Ingurumen diputatu den Jose Ignacio Asensiok Diario Vasco egunkarian.

Ze balorizazio? Zubietako errauskailuak energia elektrikoa sortzeagatik daukan balantze energetikoa oso eskasa da 0,30% ingurukoa, beraz, sortzen duen energia kopurua oso txikia da eta, aldiz, sortzen den kutsadura oso handia. Horrez gain, hondakinak ondo bereizteko batere ahaleginik ez dute egiten beraien alderdiek: Donostia, Irun, Hondarribia… dira horren adibide.

Gipuzkoan jada, Goierriko enpresa bati esker, badugu pixoihal eta konpresak birziklatzeko modua. Baina, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJ-PNV eta PSE-EEren botoei esker, enpresa horrek eskaintzen duen teknologia erostea ez da onartu. Zaila ulertzea ez? Are gehiago jakinik Gipuzkoako benetako errefusaren %70 pixoihalek eta konpresek osatzen dutela. Agian beldur dira erraustegiari jaten emateko erregai gabe geratzeaz?

Zabalgarbi Bilboko erraustegiak, Tecnaliari eskatutako txosten baten arabera, duela 10 urte ireki zenetik, modu kezkagarrian handitu da errauskailuaren inguruko lur, ur eta landaretzan topatutako artsenikoa, manganesoa, kobrea eta dioxina kopuruak.

Hemen ere, horixe espero dezakegu Zubietako errauskailua martxan jartzen den unetik. Inguruko lur, ur, baratz eta landareak kutsatuak izatea, guzti horrek osasunean duen eragin zuzena kontutan harturik. Ez al da beldurgarria?

Zuek, ustelkeriak jotako Urbaser enpresarekin sinatutako kontratuan oso toxikoak diren 12 sustantziak ez kontrolatzea onartu duzue. Beraz atmosferara isuriko dira inongo kontrolik gabe.

Olano eta Asensio, goian aipatutako guztia irakurri ondoren, ausartuko al zarete berriro ere, klima aldaketaren alde zaudetela esaten?

Hedabideak erabiliz gizartea engainatzen ari zarete zuek, garbi uzten duzue klima aldaketaren arazoaren kontra aritu beharrean arazoaren parte zaretela.

Parte hartu datorren urriaren 27an, arratsaldeko 17:00etan eta Donostiako Mendeurren plazatik (Easo ondoan) aterata, Gipuzkoako errauskailu toxikoaren kontra egingo den manifestazioan. Animatu!

Buscar