Joseba Butroe
Irakaslea

Gobernatzeko janzkera

Gure mundu zibilizatua konbentzio batzuen arabera mugitzen da, hots, printzipio edo gizarte arau batzuen arabera, normalean tradizioak finkatu dituenak: esaterako, gutunetan agur hitz batzuk jarri ohi dira bai hasieran eta bai amaieran edo ospakizun berezietan (ezkontzak, hiletak, jendaurreko ekitaldi serioak...) jendeak janzkeran konbentzio batzuk errespetatzen ditu, edo lanbide batzuetan ere arretaz betetzen dira arau edo konbentzio batzuk... Horrela izan da historikoki eta gaur egun ere horrela da: gizarte bizitzaren ezaugarria dela esan dezakegu, edo zibilizazioaren ondorioa. Edukazioa ere esaten zaio.

Horren haritik, ‘res publica’-n ere konbentzio batzuk betetzen dira. Oso arrunta da politikoek elkarri eskua ematea, nahiz eta aurkariak edo etsaiak izan. Halaber, aro modernoan tradizioa da gure Mendebalde honetan gizonezko politikariek traje janzkera edo antzekoa erabiltzea euren lanean ari direlarik, alegia ‘res publica’-ko denboran, horretan dihardutela erakusteko edo, baita, jende batzuen ordezkari duin gisa agertzeko.

Hemen, ordea, harritzekoa da gure politiko edo kargu publiko batzuen jokabidea janzkerari dagokionez, gizonezkoen artean bereziki. Antza, belaunaldi batzuen ondoren mendiko arropa nonahi ibiltzeko egokitzat jotzen dute eta jada berdin da ordezkari edo kargu politikoa izatea zapatillekin jarraitzeko. Zapatillekin eta jaka txukun bat gabe, noski, batak bestea baitakar. Bestela esanda: konbentzioen oso kontrako janzkerarekin, itxura desegokiarekin, fin esatearren. Eboluzioa argia izan da: mendirako edo kirolerako janzkera egunerokoa bilakatu dute eta, azkenik, noranahikoa, baita res publica-rako ere: Legebiltzarretan, Juntetan, zeregin instituzionaletan, jendaurreko ekitaldi serioetan, telebistako saioetan...

Ea argi adierazten dugun. Gauza bat da bizitza pribatuan, zeinetan pertsona bakoitzak eskubidea duen nahi bezala janzteko, orrazteko edo piercing eta tatuajez beterik ibiltzeko, eta beste bat, ordea, ‘res publica’-n jarduten denean, esaterako hautesleen edo Herri baten ordezkari karguan. Bizitza pribatuan bezala, non esaterako jendea ez litzatekeen bainujantzi hutsean agertuko ezkontza edo hileta batera, ba, ‘res publica’-rako ere arau batzuk daude, konbentzio batzuk. Gizonezkoek agian denek ez dute gogoko izango gorbata janztea, baina gure Europako edo Mendebaldeko zibilizazio honetan agintari edo ordezkari kargudun diren politikoek, horretan ari direnean, zapatak janzten dituzte –ez zapatillak edo txankletak edo sandaliak– eta, noski, zapatek zerbait txukuna eskatzen dute gorago: jaka bat, behintzat.

Baina artikulu hau ez da gustu kontu bat aldarrikatzeko edo baten batzuk sumintzeko. Aitzitik, inplikazio edo ondorio serioak dituela deritzot. Batetik, kaltea, bai, kaltea gure Herriari, Europako estatuen komunitatera hurbiltzeko, haien errespetua eta lankidetza lortzeko: proiektatzen ditugun irudi batzuk ez dira homologableak –adibide ugari bil daiteke hedabideetako argazki eta irudietan–; gure ordezkari batzuek ematen duten eredua ez da zibilizatua, antikonbentzionala da, jeboa. Gurean nazioarteko ekitaldiren bat egiten denean dar-dar jartzen gara asko: zein itxurarekin agertuko dira gure ordezkari batzuk haien ondoan? Haiek badakigu zelan agertuko diren, zalantza barik, baina gureak? Ai, ene! Bestetik, gure Herria gobernatzera heltzeko ere oztopo nabaria da beste europarren parekoak ez izatea. Jende normalak ez dauka jakituria handirik kontu politikoetan, baina bai daki itxura eta modalak baloratzen. Modu inkontzientean bada ere, jendeak gogoko du modu eredugarrian jantzita ibiliko den ordezkaria –Europako beste agintarien alboan egonez gero desentonatuko ez duena–, txukun hitz egiten duena... , eta botoa ematekotan errazago emango dio horrelako kandidatu bati, edo horrelako kandidatura bati, edo horrelako hautagaiak biltzen dituen koalizio bati.

Bai, badakigu beste faktore batzuk oso garrantzitsuak direla, programa edo gestioa esaterako; baina gauza txiki batzuk hain dira inportanteak! Ez da komeni horiek gutxiestea.





Buscar