Gogora(tzen)
Gogora Institutuko Zuzendaria den Aintzane Ezenarrok abuztuaren 27n, igandean hain zuzen, elkarrizketa erabat bikaina eta guztiz esanguratsua eskaini zion Noticias Taldeko egunkariei. Hona hemen jarraian Aintzane Zuzendariaren hainbat adierazpen oso interesgarri, arrapaladan eta jarraian: «Indarkeriaren epika tranpa bat da (-) ezin da berriro indarkeria-egoera batetik bizikidetza-egoera batera pasatu ahanzturatik (-) oroimena, zenbat eta oraintsuago orduan eta zailagoa da, oraindik sufrimendu handia dagoelako (-) inork ez zuen esan memoria partekatu bat eraikitzea erraza denik (-) iraganari begirada kritiko hori egitea zaila da, baina horrek ez du esan nahi ez dugula egingo, zeren gure betebeharra da, gazteei zor diegu (-) memoria demokratikoa beti plurala izango da, memoria asko eta desberdinak baitaude, muga bakarrarekin, hau da, inoiz ez da indarkeria justifikatzeko erabili behar (-) gertatu dena kontatzen ez bada, etorkizunean hutsune etiko bat egon daitekeen aukerak sortzen dira, indarkeriari buruzko ikuspegi etiko bat egon dadin lehenik eta behin ezagutu egin behar da, hori da bermatu behar dena (-) Gobernu honen helburua da gazteek beren iragana ezagutzea eta Giza Eskubideen ikuspegitik iragan hori ezagutzeko duten eskubide hori bermatua izatea (-) gure gazteek beren oraintsuko iragana ezagutzeko eskubidea dute, eta hori Giza Eskubideen eta biktimen ikuspegitik egiteko modua bilatu behar dugu (-) biktimaren ikuspegia oso gogoan izan behar da beti, ez soilik ETArenak edo GALenak, baita frankismoarenak ere (-) memoria guztion ondarea da, ezin da ezein alderdiren edo erakunderen ondare izan (-) gazteek zenbat eta gehiago jakin, zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta berme gehiago izango ditugu iragana ez errepikatzeko (-) Lan garrantzitsua da, eta epe luzera begira, herri helburu (-) bidezkoak iruditzen zaizkigun kausak defendatzeko modu asko daude, baina ez, inoiz ez, indarkeria erabiliz». «Indarkeriaren epika horrek min handia egin die gure gaurko belaunaldiari eta aurreko beste belaunaldiei (-) guri dagokigu epika hori hauste behar hori, hautsi behar dugu indarkeriaren inguruan egon daitekeen epika hori, eta gure seme-alabei jakinarazi behar diegu argi eta garbi hori ez dela bidea (-) belaunaldi berriei jakinarazi behar diegu oroimenak ez duela soilik balio behar biktimen duintasuna berreskuratzeko eta senideei esateko pairatu zutena bidegabea izan zela, baina baita etorkizun hobea egiteko eta giza duintasuna balio gorena izango duen gizarte bat eraikitzeko ere (-) ezein kausa politiko, ez bestelakorik, ezin dadila giza duintasunaren balio gorenaren aurretik jarri, hori da hain zuzen memoria demokratikoa berreskuratzeak ematen digun irakaspenik handiena (-) 1936ko uztaileko altxamendua gertatu zenean zeuden balio demokratikoei berriro ekiteaz ari gara, eta arituko gara, baita egoera txarrenetan askatasunaren eta demokraziaren balioak defendatu zituzten pertsonen memoria berreskuratzeaz ere. Eta zentzu horretan, batzuentzat oraindik ere bidea dago egiteko». Eta ni ados nago Aintzane Ezenarrorekin, erabat ados. Memoriaren garrantzia ukaezina da, ukaezina zaigu, gizarte bezala eta Herri bezala. Iragana idatzita dago eta deskriba dezakegu baina ezin aldatu. Etorkizuna aldiz, gure seme-alabei eta bilobei eman diezaiekegun oparirik onena da, idaztear da, denon artean egitekoa, horixe gure ondare osorik eta gure itxaropen bakarra. Egia da hazi asko ez direla inoiz ernetzen baina esan behar da, baita ere, inoiz biltzen ez den fruitu bakarra landatzeko adorerik izan ez dena dela. Gogora(tzen). Aurrera beraz. Bedi bada.